Mostrando entradas con la etiqueta Matxin. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Matxin. Mostrar todas las entradas

miércoles, 26 de febrero de 2025

Matxienea eta Matxinea toponimoak

 Matxienea da Oiartzungo etxe baten izena. XIX. mendeko bi lekuko zahar daude Oiartzungo toponimia liburuan, 233. or.:

Matxinea da aurrekoa baino askoz ugariagoa den toponimoa, Oria ibaiaren erreka da. Andoainen, Balastrain-Matxinea industrialdea dago. Asteasun baserria da, Berastegi etxea da, baita Orexan eta Andoainen ere. Gainera, Matxiñea baserria Elduainen dago. Azkenik, Altzagan Mendiolamatxinea, baserria dago.
Hiru izenak, Matxienea, Matxinea eta Matxiñea, berdintsuak dira bai azalaz eta baita egituran ere. Oinarrian antroponimoa dago, Matxin, Martinen hipokoristikoa, ondoren genitiboa eta artikulua daude. Matxienea toponimoan, antza, sudurkari disimilazioa gertatuko zen, lehenengoa galduz. Matxinean aipatutako disimilazioa ere gertatu zen, baina ondorioz, azken sudurkaria galdu zen. Azkenik, Matxiñean palatalizazio automatikoa gertatu da, ohikoa eremu askotan.
Matxin antroponimoa oso erabilera handikoa izan da, hitz arrunt ere bihurtu zen, matxin zein matxino.
Matxin antroponimoaren aztarrenak daude toponimian, Matxineskortaren oinarria da. Hipokoristiko batzuen sorburu ere izan zen, Matxitxo antroponimoa bezala.

viernes, 21 de febrero de 2020

Matxineskorta toponimoa

Matxineskorta izeneko basoa dago Arrankudiagan, Bizkaian. Lekuko zaharrik ez badago ere, dituen bi elementuak nahiko gardenak dira, toponimoa sortu zenetik aldaketa larririk gertatu ez bada.
Matxineskorta toponimoaren oinarria Matxin antroponimo hipokoristikoa da, Martin > Matxin. Izen honen lehenengo lekukoak Erdi Arokoak dira eta badirudi hipokoristiko horrek luzaroan iraun duela. Bigarren elementua eskorta izena litzateke, sartaldeko euskaran ezaguna, izen elkartua Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera: (h)esi + korta.
Beraz, Matxin + eskorta > Matxineskorta. Ez da aldaketarik gertatu eta horri esker eskorta izenak badu lekuko bat gehiago, kasu honetan toponimikoa.

jueves, 9 de mayo de 2019

Matxintoa toponimoa

Baztango toponimoetako bat da Matxintoa izeneko etxea. Lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira: Machintoa (1706, 1726). XIX. mende hasierakoa berdina da, Machintoa (1817); eta azkenik, Machíntua (1994).
Bazegoen hipokoristiko bat, Matxinto, ederki egokitzen dena. Analisia, oinarria Matxin, Martin-en hipokoristikoa eta -ko atzizkia. P. Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatzen du, 202. or.:
"Matxinto (Matxin): Machinto de huart (Ziga [Zuraurre], 1528, Eo.p., 1, 99), Machinto de Recaldea (Latasa Odieta, 1335, At.p., 1, 32), Machinto landa (Ariztegi, Gartzain, 1536, Eo.p., 1, 25), «Machinto dco. Mariquin seme» (Gerendiain Ultzama, 1552, At.p., 1, 123) (27)."
Antroponimoarekiko diferentzia bakarra, -a artikulua gehitu zitzaion toponimoari, fenomeno hori behin baino gehiagotan gertatu da.

martes, 29 de enero de 2019

Matxingoa toponimoa

Matxingoa Errenteriako toponimo zaharra da. Lekuko zaharrena 1534. urteko Machingo litzateke, geroko lekuko ia guztiek Matxingoa aldaera badute, hasi Machingoa 1571. eta 1589. urteetakoekin.
Blog honetako beste toponimo asko bezala, antroponimoa litzateke toponimo bihurtua, ondoren -a artikuluaren eransketa gertatu zitzaion, eta hori ere gertatu egiten da, horrela, Otsondoa toponimoari XVI. mendean ere artikulua gehitu zioten.
Beraz, Matxingo antroponimoa da Gipuzkoako toponimo honetan. Hipokoristikoez arduratu zen A. Irigoien iritzian Martingo > Matxingo bilakaera gertatuko zen, hala adierazten du bere De re philologica linguae uasconicae V liburuko 24. orrialdean, Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vasconica lanean:
"Machingo seynor de Baratçeçarrete a.1412-1413 CensBajaNavarra 95 [De la Torre d’Osses], pudiendo leerse acaso la sibilante como fricativa palatal por tratarse de texto bajo navarro, frente a: Martingo a.1366 PoblNavarra 570. Véase (+ ko)."
Beste aukera bat litzateke Matxin hipokoristikotik hastea, eta horri -ko eranstea: Martin > Matxin + -ko > Matxingo (belarearen ahostuntzerako: Irun + -ko > Irungo). Bi bideak posibleak dira eta bietan Matxingo da biltzen dena.