miércoles, 14 de abril de 2021

Mojategi toponimoa

 Mojategi izeneko baserria dago Arrasaten, XV. mendetik ezaguna. Arrasateko toponimia liburuan badira hainbat lekuko, zahar eta berri, 280-281. orrialdeetan:


Toponimoak bi elementu ditu, moja izena eta -tegi atzizkia. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, moja aldaera XIX. mende bukaeran erabiltzen hasten da, baina toponimoaren lekukoetan moja dago 1475, 1566 eta 1773. urteetan. Monja, aldiz, 1475, 1535, 1731. urteetan, gutxienez. Beharbada moja aldaeraren lekuko batzuetan transkribapen arazoa izan da edo, bestela, uste baino askoz lehenago hasi zen erabiltzen aipatutako aldaera hori.
Toponimoak ematen digu moja izenaren lehenengo lekukoa, Monjategui, Mojategui 1475. urtekoak. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera euskal testuetako lehenengoa Lazarraga izan zen, XVI. mendearen bigarren erdikoa: Zegaiti monjea iñox eztago / baize au edo ori pensaetan...
Mojategi toponimoak moja aldaeraren lekuko oso goiztiarrak ematen omen ditu eta gainera, moja hitzaren lehenengo lekukoa, Lazarragarena baino 100 urte lehenagokoa, gutxi gora behera.

sábado, 10 de abril de 2021

Zabalain toponimoa

Arrasateko baserrien artean Zabalain izenekoa dago. toponimo honen gaineko informazioa Arrasateko toponimia liburutik eskuratu da, 210-211. orrialdeetan:


Lekuko zaharrenetan Zabalain agertzen da, Zavalain (1562), Zabalayn (1691). Hala ere, hurrengo mendean bigarren bokala aldaturik agertzen da, /o/ bihurtuz, eta gerora aldaera hori nagusiturik agertzen da, baina Zabalain galdu gabe.
Toponimoak bi elementu lituzke, zabal eta -ain atzizkia. Ez da egitura ohikoa, atzizki horrekin antroponimoak izan ohi direlako. Hala ere, badaude toponimo gutxi batzuk aipatutako egituratik aldendu direnak, Agiñain eta Azkarrain toponimoak bezala.

Beraskaburu toponimoa

Larraungo toponimo honetako informazio osoa Nafarroako Toponimia Ofiziala web-gunetik hartu zen, egun eskuragarri ez omen dena. Hala ere, hartutako irudi batek lekukoak eta datak eskaintzen ditu:

Toponimoaren lekuko zaharrena XVII. mende bukaerakoa da, Berasco burua (1695, 1709). Geroko lekuko ia guztietan lehenengo dardarkaria galdua zuen, egungo Beaskaburu (1992) lekuko.
Toponimoak bi elementu ditu, Berasko antroponimoa eta buru izena. Buru izena, ziurrenik, ez zen Beraskoren beraren burua izango, toponimoaren zati bat, mugakoa izan zitekeena baizik. Izen bera dago Donorgiburua toponimoan eta esanahia berdintsua izango zen. Berasko antroponimoa ezaguna zen Erdi Aroan eta hainbat toponimoren oinarria bada, Beraskola toponimoa bezala, esaterako.
Aipagarria toponimo honen antroponimoaren azken bokala aldatu izena, aldaketa hau ohikoa da izen arruntekin, baina antroponimoekin, normalean, ez da aldaketa hau gertatzen, baina toponimo honetan ikus daitekeenez bezala, batzuetan gertatzen da, gutxitan bada ere.

viernes, 9 de abril de 2021

Beatxurtu toponimoa

 Beatxurtu Bergarako baserria da. Toponimo honi buruko informazio ugaria Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara web-gunean dago, Beatxurtu - Berasiartu baserriari buruzko orrian. Lekuko zaharrenak XIV. mendearen bukaerakoak dira, Lope Lopes de Verasiartu et Iohan Yvanes su yerno eta Garcia lopes de Verasiartu et Garcia Sanches su yerno (1391). Hurrengo mendeetan izenak ez du aldaketarik erakutsi, ortografia kontuetan izan ezik, inoiz Beresiartu agertzen bada ere. Gero, aldaketa larriak badira, Biachurtu (1808), Vichurtu (1838). XIX. mendean Beatxurtu nagusitzen da, eta aldaera hori egun ofiziala da.
Toponimoa analizatzeko orduan lekuko zaharrenak dira kontuan hartzeko ziurrenak, hau da, Berasiartu. Toponimoak bi elementu lituzke, Beraxa antroponimoa eta ihartu partizipioa. Toponimoan Berasa aldaera dago, antroponimo honen eratorri toponimikoetan gertatzen den bezala, hala nola, Beretxaga toponimoan.
Mitxelenak toponimo honen etimologia eman zuen bere Apellidos vascos liburuan:

151. —beratz vizc. «herbal» (de berar «hierba»; cf. guip. belaze «id», de bel(h)ar): Beraza, Berazadi, Berazaluce (Berasaluce). También Beraciartu (Beracierto, Berasiartu), Var. del último es Bereciartu, Beraciartua (Beresiartua), donde creo que hay que ver beratz (con asimilación, como en Bereceibar) y no beresi «jaro», que es probablemente el participo ber(h)ezi, ber(h)exi «separado» «acotado.
Toponimoaren oinarriko txistukaria beti <s> batekin agertzen da, XIV. mendetik hona eta horrek ziurtasun ematen du, beratz, belaze izenetako txistukaria ezberdina delako.

martes, 6 de abril de 2021

Lausate toponimoa

 Lausate izeneko baserria dago Bizkaiko Ea eta Ereño herrietan. Gainera, bada Lausategana izeneko tontorra aipatutako azken herrian.
Lekuko zaharrak badira, XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Lausate [N, TO]
Lausate+ (la casa de), Nabarniz, a.1799, FogVizcayaMs.
Lausate+ (la caseria de), Nachitua, a.1745, FogVizcayaMs.
Lausate+ (la cassa de), Nachitua, a.1704, FogVizcayaMs.

Lausate [N, NO]
Lausate (Fran(cis)co de) [Lausate (la cassa de)], Nachitua, a.1704, FogVizcayaMs.
Lausate (Francisco de) [Lausate (la casa de)], Nabarniz, a.1799, FogVizcayaMs.
Lausate (Marina de) [Puerto (la calle llamada del)], Nachitua, a.1704, FogVizcayaMs.
Leusate aldaera ere ezaguna da, lekuko ia guztiak XVIII. mende bukaerakoak dira:
Leusate [N, TO]
Leusatte (la casa de), Nachitua, a.1796, FogVizcayaMs.

Leusate [N, NO]
Leusate (Manuel de), Bedarona, a.1798, FogVizcayaMs.
Leusatte (Ygn(aci)o de) [Gorocica_Barrenengoa (la casa de)], Ybarranguelua, a.1796, FogVizcayaMs.
Leusatte Echevarria viuda (Manuela de) [Leusatte (la casa de)], Nachitua, a.1796, FogVizcayaMs.
Leuzate viuda (ynquilino) (Maria M(a)r(ti)n(e)z de) [Laa hasta Elexalde (varrio de)], Ybarranguelua, a.1745, FogVizcayaMs.
Lausate eta Leusate toponimo beraren aldaerak dira, Leuzate ere behin lekukotzen da. Lekukoen kopuruak eta kronologiak hartuko lukete Lausate jatorrizko toponimotzat. Izen honek bi elementu lituzke, lauza eta ate. Aldaketa bakarra, dirudienez, txistukaria litzateke. Ziurrenik, toponimoaren lekukoak paperean agertzen hasi zirenean txistukarien neutralizazioa indarrean zegoen Bizkaiko itsasaldeko eremu horretan. Lauza izena ez da ohikoa toponimian, baina alerik bada, Lausate toponimoa bezala.

Larraintxu toponimoa

 Bizkaiko Markinako toponimoa izan zen, lekuko bakar baten bitartez ezaguna, XVIII. mende bukaerakoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan jasoa:

Larrainchu [N, TO]
Larrainchu+ (la casa en Yturreta+) [Ylunzar (cofradia de)], Marquina, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu lituzke, larrain eta -txu, atzizki txikigarria. Aipagarria da larrain izatea eta ez sartaldeko aldaera ohikoa den larrin. Dena den, lekuko bakarra da eta horrek ziurtasuna kentzen dio. Beharbada aldaketa, larrain > larrin ez zen erabat nagusitu eta hau arkaismo bat izan daiteke? Bestela, eskribauaren berritasuna ere izan liteke.

sábado, 3 de abril de 2021

Labekoa eta Labekoetxea toponimoak

 Bizkaiko toponimoak ziren, jaurerriko hainbat herritan agertzen direlako. Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan XVIII. mendeko lekuko ugari daude:

Labecoa [N, TO]
Labecoa+ (la casa de) [Fano (uarrio de)], Erandio, a.1796, FogVizcayaMs.
Labecoa+ (la casa de) [Ybarguen (varrio de)], Ceanuri, a.1745, FogVizcayaMs.
Labecoa+ (la casa de) [Ybargüen (cofradia de)], Ceanuri, a.1796, FogVizcayaMs.
Labecoa+ (la caseria de) [Asticas y Fano (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.

Labecoechea [N, TO]
Labecoechea+ (la casa de), Yurre, a.1796, FogVizcayaMs.
Labecoechea+ (la casa del combento de la Encarnazion+) [Aranolza (varrio de)], Zamudio, a.1745, FogVizcayaMs.
Labecoechea+ (la caseria de), Yurre, a.1745, FogVizcayaMs.
Labecoechea_de_Garay+ (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Dirudienez, toponimoak lau (edo hiru) elementu lituzke, artikulua zenbatua, labe + -ko (+ etxe) + -a. Aipagarria da -ko atzizkia izatea, toponimian eliditu ohi delako. Gordetzearen arrazoia izan liteke toponimoen sorrera data, berantiarra izan bada. Aipatzekoa da labe hitza dagoela toponimo hauetan, eta ez laba aldaera sartaldekoa, Labaita eta Labauria toponimoetan bezala. Horrek azalpena beharko luke, baina zein? Agian oinarrian lau zegoen, hortik lau + -ko > *laueko > *labeko? Cf. gau + -a > gaua > gaba.
Beraz, zalantzarako leku nahikoa geratzen da, toponimoetako labe- ez litzateke, nahita nahi ez labe hitzarekin identifikatu beharko?