miércoles, 19 de mayo de 2021

Orroaga toponimoa

 Orroaga toponimoa Bizkaian eta Gipuzkoan dago. Bizkaiko Arrietan baserria da eta Gipuzkoako Getarian baserria izateaz gain, hondartza eta senadia da.
Getariako hondartzaren izenaren lekukoak ez dira batere zaharrak, Euskaltzaindiaren EODA datutegiko
Orroaga izenaren sarrerakoak:

orroaga (1989)
orruaga (1989)
orruaga, playa de (1992)
orruako playa (1992)
Orroaga bi zatitan bana daiteke, orro izena eta -aga atzizkia. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, orro izenaren lehenengo adiera animalia-oihua da, baina bigarren azpiadieran naturak sortutako hotsak agertzen dira, batez ere, itsasoarenak:
"Bramido del mar (G)" Aq 220. "Chillido del carro" Ib. 81. "Grand bruit que font entendre la mer, l'eau en tombant d'une digue, le tonnerre, le feu dans les incendies, etc." VocBN. "Bruit de la mer" Dv. "(Gc), borborigmo, ruido de tripas" A. "Itxas-orruak, estruendo del mar" Etxba Eib.
Beraz, Getariako hondartzaren izenaren jatorria leku hartan ohikoa zen zaratak sortarazia izango zen, Arrasateko Bilinbalan toponimoa bezala, azken honetan ere uraren hotsa izenera jauziko zelako.
Arrietako Orroaga baserriaz gain, Orroagako errekea ere bada, ziurrenik errekak sortutako zaratatik sortuko zen toponimoa.

Ubakelua toponimoa

 Bizkaiko Arratzu herrian bazen Ubakelu izeneko toponimoa, XVIII. mendean. Toponimo honen lekuko guztiak Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburutik eskuratu dira:

Ubaquelua [N, TO]
Ubaquelua (el molino de), Arrazua, a.1796, FogVizcayaMs.
Ubaquelua (la casa de), Arrazua, a.1796, FogVizcayaMs.
Ubaquelua (la casilla de), Arrazua, a.1796, FogVizcayaMs.
Ubaquelua (la cassa de), Arraçua, a.1704, FogVizcayaMs.
Vbaquelua (la caseria de), Arrazua, a.1745, FogVizcayaMs.
Beharbada toponimo honen lehenengo lekukoa XI. mendera atzeratu behar da, A. Irigoienen Las lenguas de los vizcainos: Antroponimia y toponimia medievales izeneko lanean Uhekelu izeneko toponimo bat aipatua da, Bizkaikoa, Donemiliagako agiri zaharretatik eskuratua:
15. En otro de 1093, n°281:
[...] et quicquid ad eum pertinuit vel pertinere debebit. Et decanias sunt: Uhekelu, Munnituz, Bachio et Urdoniz et Bertandona...
Toponimo bera bada, bilakaera laburra gertatu zaio: Uhekelu > Ubakelu(a). Ziurrenik hasperena galdu ondoren /b/ epentetikoa tartekatu zen, toponimoaren egiturari eusteko.
Toponimoak bi elementu lituzke, -a artikulua zenbatu gabe, u- 'ur' eta okelu. Azken hitz hau ez da oso zabaldua izan, baina toponimian hainbat ale geratzen dira, Ubakelua toponimoa bezala.
Toponimoan aldaketa batzuk gertatu dira, bat azaltzeko erraza ez dena, lehenengo /a/ bokala, jatorriz /o/ zelako. Hala ere, Uhekelu aldaera bada, u-o-e-u > u-e-e-u bezalako asimilazio bat gertatu zen. Bi azalbide izan daitezke, beharbada biak gertatu direlako, loturik. Hasteko, /uo/ bokal bilkura oso ezohikoa da toponimian, bi bokalak oso antzekoak dira eta bereizketa izan liteke irtenbide bat. Ondoren, berriro aldatu zen bigarren bokala, hiperzuzenketaz agian. Euskal lurralde askotan u-a > u-e asimilazioa gertatu ohi da eta batzuetan zuzenketa gertatu ohi da nahiz eta aipatutako asimilazioa ez gertatu, jatorrian ez zegoen Ubakelu(a) sortuz.
Azkenik, aldaketa horren ondotik /b/ epentetikoa tartekatua izan zen, ohikoa da belare ahostuna tartekatzea, ur hitzaren eratorrietan, Ugalde, Ugarte... Baina batzuetan /b/ ahostunak ere agertzen da, horrela, uharka izenaren aldaeretan ugarka zein ubarka aurkitu ahal dira.

Txalupagillene plaza toponimoa

 Donostiako Txalupagillene plaza toponimoa ezaguna izan da azken 250 urteetan.
Toponimoaren lekuko zaharrena Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 392. orrialdean dago, antza, bi etxe izen ziren: Chalupaguillearena, Chalupaguillearena chiqui.
Toponimo honetaz dagoen informazio gehiena Donostiako toponimia izeneko lanetik eskuratu da:

*TXALUPAGILLENEA: Chalupaguille (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Chalúpa-guillenéa (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Chalupa-guillene (1864, Casa de labor, N.P.G., 65 orr.), Chalupaguillene (1933, E.B.S.S., 21 orr.); Txalupagillene, Txalopagillene (1989, D.U.T.B.). 64-5-6, M.
Toponimoaren oinarrian txalupagile izena dago eta bukaera aldean, etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a. Orotariko Euskal Hiztegian ez dago txalupagile hitza, baina horren analisia oso erraza da, txalupa eta -gile atzizkia.
Txalupa ez da batere ohikoa toponimian baina aleren bat bada, esaterako Txalupamendi, Zarauzko tontorra.
Toponimo honen bitartez txalupagile hitz ezezagunaren ezagutza izan ahal dugu, XVIII. mendearen bigarren erdialdetik bizi izan dena.

viernes, 14 de mayo de 2021

Gabirostegi toponimoa

 Donostiako toponimia lanean badago leku izen honen aurreko mendeetako informazioa, XVIII. mendetik hasita:

*GABIROSTEGI: Gabirostegui? (1768, D.C.H.G, 198, 192 orr.), Gavirortegui (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Gabirostegui (1851, playa de, D.U.A.-D-9-I-1948-7), Gabiróstegui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Gabiróstegui (1864, Casa de labor, N.P.G., 66 orr.); Gabirostegi (1989, D.U.T.B.).64-6-5, M. H-2.
Toponimoaren azken zatia -tegi atzizki ezaguna da, baina aurrekoa iluna izan liteke oso toponimo antzekoa ezagutu gabea izango balitz, Gabiarostegi toponimoa. Azken honetan lehenengo zatia gabi-arotz izen elkartua da, gabi eta arotz izenez osatua, burdinoletako langile mota bat izendatzeko. Gabiarostegi toponimoari eskainitako sarreran informazio gehiago dago izen elkartu honetaz.
Aldaketa bakarra gertatu zen, bigarren /a/ galdu zelako, ez da ohikoa baina toponimoaren hasierako hitzaren ezagutza galduko zen eta horrek aldaketa erraztuko zuen.

Felipun toponimoa

 Pasaiako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendearen bukaerakoa, Pasaiako toponimia liburuan dagoena, 106. or.:

Lekuko bakarra bada ere, erraz analizatzekoa da, baina aldaketa txiki bat gertatu zaio. Toponimoa hipokoristiko batez osaturik dago, jatorrian *Felipon izango zena, Felipe antroponimoa eta -on atzizki hipokoristikoa, baina aldaketa bat gertatu zen, on > un bilakaera ezaguna da euskararen lurraldeko hainbat lekutan eta blog honetan badira hainbat adibide, esaterako, Martinun toponimoa, jatorrian Martinon antroponimoa izango zuena, hau Martin + -on elementuz osatua. Atzizkia erdal jatorrikoa da eta gerta liteke hipokoristiko bera ere mailegatua izatea.
Felipun toponimoaren bitartez jakin dezakegu *Felipon antroponimoa ezaguna izan zela euskal lurretan aurreko mendeetan.

martes, 11 de mayo de 2021

Gatzarrieta toponimoa

 Gatzarrieta Zeanuriko tontorra da, Bizkaian. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoaren elementuak aski argiak dira.
Toponimoak bi elementu lituzke, gatzarri- eta, bukaera aldean, -eta atzizkia. Oinarrikoa gatz-harri hitz elkartua:

GATZ-HARRI. (c. sg. A; H).
a) Sal gema.
Lurraren gañean arkitzen danari deritza gatz arria. It Dial 112 (tbn. Ur, Dv e Ip). Bai omen da Ech-Chott izenadun erri bat moallak gatz-arriekin egiñak eta gatz-arri puska aundietan zuloak eginda bizitzak dauzkatenak. Anab Aprika 35.
[Lot-en emaztea] jarri zan Sodomari begira eta geratu zan gatzarri biurtua eta hilla. AA CCErac 210. Loten emaztea, gatz-arri biurtua. Itz Azald 165.
b) (V-m-gip, BN-baig). Ref.: A; Iz ArOñ. "Piedra blanca que se encuentra en la vena de piedra caliza" A. "Silicato de cal" Garate 5. a Cont RIEV 1935, 350. "Piedra blanca cristalizada que se halla en la caliza" Iz ArOñ.
Gatzarri gogor eta gardenak tregu-arrietan ikusten dira. Arzdi LEItz 86. c) "(R), piedra blanquecina y áspera con que se frota la lengua del ganado para curársela" A. d) "(G), saladero, depósito de salmuera" A. e) "Salegar, sitio donde se da sal a los ganados" A.
Toponimoak ez zuen aldaketarik jasoko sortu eta ondoko mendeetan, gure egunetara heldu den arte. Gatz-harri hitz elkartuaren adibide toponimiko bat litzateke.

Martxelo toponimoa

 Pasaiako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendekoa, Pasaiako toponimia liburuan dagoena, 137. or.:

 Lekuko bakarra badago ere, toponimoa erabat gardena da, egun ere ez da ezezaguna Martxelo hipokoristikoa, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ere agertzen dena, 57. or.:
Martzelo -> Martxelo, Matxelo, Patxelo: Martxélo (Ara., Arr., Eu., Ira., Luz.), Matxélo, Patxélo (lagun bera, Eu.). Iglesiasek dioenez (2000: 281), Bartxelo(t) aldaera ere izan zen XVIII. mendean Uztaritzen.
Pasaiako Martxelo etxe izenean hipokoristiko bera izango genuke, bestelako gehigarririk gabe. Beraz, bada Martxelo antroponimoaren beste lekuko bat, kasu honetan toponimikoa.