miércoles, 19 de mayo de 2021

Orroaga toponimoa

 Orroaga toponimoa Bizkaian eta Gipuzkoan dago. Bizkaiko Arrietan baserria da eta Gipuzkoako Getarian baserria izateaz gain, hondartza eta senadia da.
Getariako hondartzaren izenaren lekukoak ez dira batere zaharrak, Euskaltzaindiaren EODA datutegiko
Orroaga izenaren sarrerakoak:

orroaga (1989)
orruaga (1989)
orruaga, playa de (1992)
orruako playa (1992)
Orroaga bi zatitan bana daiteke, orro izena eta -aga atzizkia. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, orro izenaren lehenengo adiera animalia-oihua da, baina bigarren azpiadieran naturak sortutako hotsak agertzen dira, batez ere, itsasoarenak:
"Bramido del mar (G)" Aq 220. "Chillido del carro" Ib. 81. "Grand bruit que font entendre la mer, l'eau en tombant d'une digue, le tonnerre, le feu dans les incendies, etc." VocBN. "Bruit de la mer" Dv. "(Gc), borborigmo, ruido de tripas" A. "Itxas-orruak, estruendo del mar" Etxba Eib.
Beraz, Getariako hondartzaren izenaren jatorria leku hartan ohikoa zen zaratak sortarazia izango zen, Arrasateko Bilinbalan toponimoa bezala, azken honetan ere uraren hotsa izenera jauziko zelako.
Arrietako Orroaga baserriaz gain, Orroagako errekea ere bada, ziurrenik errekak sortutako zaratatik sortuko zen toponimoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario