viernes, 4 de noviembre de 2022

Txusenenea toponimoa

 Donostiako toponimo hau ez da, dirudienez, gure egunetaraino heldu. Baina aurreko mendeetako lekuko batzuk utzi ditu. Lekuko berrienak Donostiako toponimia izeneko lanean, XIX. mendearen erdialdekoak dira:

Chusenenea Aundi (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2).

Chusenenea Chiqui (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Susenaene-chíqui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1).
XVIII. mendearen bukaerako bi lekuko zaharrago daude, aurreko lanean aipatu gabeak, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Chusenarenechiqui [...] Chusenarene maior.
Bi toponimo ziren Txusenenea Aundi eta Txusenenea Txiki, XVIII. mendeko lekukoetan toponimoak osatuagoak dira, Txusenarenetxiki eta *Txusenarenea(u)ndi zirelako. Bi etxeak bereizteko ha(u)ndi eta txiki izenondoak erabili zituzten eta oinarria *Txusenarenea izango zen. Etxe izen askotan bezala, bukaera aldean -(r)en + -a zeuden, baina interes handiena hasierako elementua du, *Txusen izenak. Askotan antroponimoa izan ohi da, baina lanbide izenak ere badira. Kasu honetan izenondo bat dago, persona batena ziurrenik, txusen, xuxen hitzaren aldaeren artean dago. Hau zuzen izenondoaren aldaera txikigaria da eta bigarren adiera egokia da izengoiti baterako:
[...]
2. (AN, L, BN, R, S ap. A ; Gèze (xü-)), txuxen, txuzen. (Aplicado a personas). Recto, honesto, justo. "Juste" Gèze. "Probo, justo" A.
Zaila da horrelako hitzak toponimian aurkitzea, baina Donostiako etxe izenen ugaritasunak horrelako toponimoak eskaintzen ditu, beharbada xuxen edo txusen izenondoarekin sortutako bakarrak.

miércoles, 2 de noviembre de 2022

Xangillu antroponimoa

Antroponimo hipokoristiko hau behin agertzen da, Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuko 59. agirian, 1500. urtean:

Oyanguren de Xangillu tiene vna casa en el camino d’Oyarçun; alinda con Juane d’Arreche.
Dirudienez, izen honetan atzizki elkarketa izan da, alde batetik -ko edo -ki, eta horren atzetik, -illu. Azken hau ez da ohikoa baina ezezaguna ere ez, Txopillo eta Zabardillo antroponimoek erakusten duten bezala. Oinarrian Joan antroponimoa genuke, baina hau ere aldatua, *Xan aldaerarekin. *Xan 'Joan' + -ki (edo -ko) + -illu: Xangillu. Aipagarria da hasierako txistukaria, frikaria dirudielako. Fenomeno hau ohikoa da iparraldeko euskalkiena eta Hego Euskal Herriko eremu gutxi batzuk hartzen dituena, Xanto antroponimoa bezala, Xanto toponimoaren oinarria dena, Baztanen.

Bernategi toponimoa

 Bernategi da Donostiako baserri baten izena.
Lekuko gehiago daude Donostiako toponimia izeneko lanean, baita toponimo eratorri bat:

BERNATEGI: Benartegui Aundi (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Bernategui aundi (1860,
D.U.A.-D-7-1-P.), Bernátegui-aúndi (42) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Bernátegui-aundía (1864, Casa de labor, N.P.G. 64 orr.); Benartegi (1989, D.U.T.B.). 64-14-3, m. I-3.

Bernategui chiqui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Bernátegui-chíqui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1).

Benartegui Chiqui (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Bernátegui-chiqui (1864, Casa de labor, N.P.G. 64 orr.).
XVIII. mendearen bukaerako lekuko zaharrago bat dago, aurreko lanean aipatu gabea, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Bernategui menor.
Azken lekuko honek XVIII. menderaino eramaten du toponimoaren lehenengo datua. Toponimoak bi elementu ditu, azkena -tegi atzizki ezaguna da, toponimian eta batez ere oikonimian oso ugaria dena. Etxe izena denez, normala da antroponimo bat izatea eta hori litzateke hasierako elementua, Bernat antroponimoa, Bernalena eta Bernalsoro toponimoetan dagoen bera, edo, zehatzagoa izanez, bere aldaera bat. Hauetan Bernal aldaera dago eta honetan Bernat, Bernart osoagoaren aldaera laburtua. Bernal litzateke Bernar baten aldaera disimilatua, Bernart osoagoren aldaera, azkeneko herskaria galdu duena.
Antroponimo hau agertzen da K. Mitxelena eta A. Irigarairen Nombres vascos de persona lanean:
Bernat Bernardo: Mossen Bernat echepare Dech. quien en la dedicatoria de su obra, de tono más elevado, se llama a sí mismo bernard echeparecoa y llama a su amigo Bernard Lehete. Dim. Beñat: cf. b.-nav. Eñaut dim. de Arnaut, b.-nav. sul. Allande, Ellande, Arnalde. También con disimilación Betran Beltrán, dim. Bettan, Pettan.

Mitxelki antroponimoa

 Antroponimo hau Hondarribiko agiri zaharretan agertzen da, Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuko 20. agirian, 1499. urtean:

... Estebe de Artalecu y Chebo d’Arançate e Martie de Larreandi y Juanecho de Aguinaga e Juanicot, hijo de Nicolás de Arbelaiz, y Estebe Luçea y Domingo de Lascoayn y Juanot Luçea e Domingo de Michelqui e Martie de Larreandi y Chebo de Guillermo y Marticho de Leguia e Sabat de Astigar y Sabat, carniçero, y Martín de Larreandia, vezinos de Yrun Vrançu...
Beste lekuko bat, 26. agirian 1499. urtean:
Vista por mí una pesquisa fecha contra Martín de Moniorte y Martín de Aldabe, jurado, e Juan de Gabiria e Juanes d’Ibargoyen e Juanes d’Astigar e Martín rrementero e Miguel rrementero e Juanot, fijo de Nicolás de Arbelaiz, y Chebo de Guillermo e Martín de Iguiniz y Marticho de Leguia e Juanot Luçea e Juaneto de Michelqui, Sabat d’Astigar y Sabat carniçero y Martín de Larreandi y Quatroxe, Machico de Alcaya[ga], Juanes d’Oyanguren dicho “Moço”, Domingo de Goyçueta, Domingo de Lascoayn...
Biak, Domingo de Michelqui eta Juaneto de Michelqui, ziren Irungo auzokideak eta, beharbada, Mitxelki izena zuen aipatutako bi gizon horien aita, agian gizon bera.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badago, 139. or.:
Mitxelki (Mitxel). Ardatz Itzagaondoko Michelquirena etxe izenaren oinarrian dago (1770, Au.p., 43, 26); agirietan oikonimo hau berau urte batzuk lehenago, 1726an, Michelqui da.
Salaberrik lekuko bat aukezten du, toponimoa zena, lehen Michelqui eta gero Michelquirena, XVIII. mendekoa. Hondarribiko izenak XV. mendekoak izanik, lehenengoak lirateke, zaharragorik aurkitzen ez bada, behintzat.

lunes, 31 de octubre de 2022

Matxindo antroponimoa

 Antroponimo hori behin aurkitu da Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuko 34. agirian, 1499. urtekoan: Sab]at de Machindo, gabarrero.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan dago, 108. or.:

Matxindo (Matxin). Gaintzako 1568ko Machindo-n dago (HA.p., 2), eta Aldazko 1726ko Machindena-n ere bai, antza duenez.
Salaberrik ematen dituen lekukoak toponimikoak dira, antza. Beraz, Hondarribiko hori izan liteke lehena, nahiz eta Matxindo hori aitaren izena izan ahal.
Antroponimo hori hipokoristikoa izango zen eta egitura Salaberrik aipatzen duena izan daiteke, baina aukera ere bada bestelakoa izateko: Matxi + -ndo, azken hau atzizki hipokoristikoa da, Otsando izenean ere dagoena, Otsandola eta Otsondoa toponimoen oinarria.
Matxi litzateke Marti-ren hipokoristikoa, Matxiki antroponimoaren sortzailea, beraz, Matxi + -ndo egiturak ez luke oztopo handirik posibletzat hartzeko.

Matxiki antroponimoa

Matxiki antroponimoa hipokoristikoa da, eta Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan dago lekuko zaharrena, Matxiki aldaeran behintzat, 59. agirian, 1500. urte ingurukoa:

... de la vna parte e de la otra parte el mançanal de Machiqui; podrá baler çinquenta florines d’oro. Viene a cada vna parte çinquenta florines.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badago izen honetaz aipamena, eta lekuko zahar batzuk, 137-138. or.:
Matxiki, Matxike (Matxi): «a Machin de Muru e a Miguel de Aravaolaça e Joandegui de Vergaraeche e Machique Teyeria» (sic) (Legazpi–Segura, 1483, Aierbe, 1993, 35, 130. or.). Luzaiden 1726an orain ezezaguna den Machiquirena etxe izena azaltzen da, eta badaiteke hemen ere Matxiki izatea; kontuan har, edozein modutan, herri honetan Maittipi (Mari(a) + ttipi) oraino bizirik dagoela.
Hipokoristikoaren elementuak bi dira, oinarrian Matxi dago, hau Martinen hipokoristikoa da, zehatzago, Marti aldaeratik. Atzizkia -ki da, Txaxiki antroponimoan ere dagoena. Izen horren oinarria ere hipokoristikoa da, Grazia antroponimotik sortua.
Hondarribiko Matxiki da antroponimo hipokoristiko honen lehenengo lekuko zuzena, bestea, Salaberrik aipatzen duen Matxike litzateke.

miércoles, 26 de octubre de 2022

Perratzallene toponimoa

 Perratzallene da Astigarragako baserri bat.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

PERRATZALLENE (transf. en viv.)
Lekuko zaharragorik ez dago, baina izena erraz ulerzen da, oinarrian ferratzaile izena dagoelako, ondoren -(r)en + -a, ohikoak etxe izenetan.
Oinarriko hasierako kontsonantearen ezberdintasuna normala da, euskararen eremu handian /p/ zelako.
Egun, lanbide hori ia desagerturik dago, baina ez aspaldi, arrunta zen eta toponimo honek berresten du gertaera hori.