lunes, 16 de enero de 2023

Beraso toponimoa

 Beraso da Zuiako toponimo bat, erreka eta baso bat izendatzen dituena.
Lekuko zahar batzuk daude Rueda y molinos de Álava liburuan, 147. or.: berrazo (1596), 174. or.: sierra de berasso (1635) eta 146. or.: cantera de Beraso (1654).
Lekuko zaharrenak baditu ezberdintasun batzuk, kontuan izanik hurrengo lekukoak eta egungoa, litekeena da akatsak izatea. Hala balitz, Beraxa antroponimoarekin dagoen antza nabarmena da. Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan adierazten duen bezala:

150. —Beraxa n. pr.: Berasategui, Berastegui; cf. top. Barasoain, Berasain, Beasain (J. Caro Baroja, Mat., 69-70 y 163-164). Arigita, Historia de la imagen y santuario de San Miguel de Excelsis, Pamplona 1904, p. 203, recoge la mención de duos collaços in uilla qui dicitur Berastegui, uidelicet cuius nomen est Beraxa et altero Orti Munioç, que remite inconfundiblemente a beratz, beratx, derivado de bera «blando».
Oinarria bera edo beratz bazen, eta atzizki bat jasoko zuen, -so. Ez da oso erabilia, baina lekukoak utzi ditu antroponimian, Jaunso izena bezala, toponimian Jaunsuaga izena utzi duena.
Beraz, bera(tz) + -so > *Beraso antroponimoa. Ez da lekuko antroponimorik aurkitu, baina Beraso izan daiteke lekuko toponimiko bat.

Irasmoene toponimoa

 Irasmoene da Urumea ibaiaren erreka bat.
Azken bi mendeetako lekuko zaharrak daude Donostiako toponimia izeneko lanean, baina hauek etxeak ziren, Irasmoenea goia eta Irasmoenea behea:

IRASMOENEA GOIA: Yrasguene Goya (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Yrasmogoya (1844, casa, D.U.A.-C-5-I-1691-1), Irasmo-goya (145) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Irasmo-goya (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.); Irasuene-goya (1989, D.U.T.B.). 64-15-1, m. J-4.
IRASMOENEA BEHEA: Irasmoenea (1805, D.C.H.G, 230, 236 orr.), Yrasmobea (1844, casa, D.U.A.-C-5-I-1691-1), Irasmo-bea (75) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Irasmo-béa (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.); Irasmoenea (1989, D.U.T.B.). 64-14-7, m. I-4.
IRASMOENEKO ERREKA: Irasueneko erreka (1989, D.U.T.B.). 64-14-4, K. J-4.
XVIII. mendearen bukaerako lekuko zaharrago bat dago, aurreko lanean aipatu gabea, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, yrasmo.
Toponimo zaharra etxe izena zen eta hortik -(r)en + -a bukaeran. Oinarrian antroponimo bat genuke, ezaguna batez ere filosofo baten izena delako, Erasmo Rotterdamgoa. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko gutxi batzuk ditu XVI. mendearen erdialdetik aurrera:

Nabarmena da aurkitutako lekukotza Donostia ingurukoa dela, ponte izena ez zen handik hedatu.
Aipagarria da toponimoan hasierako bokalaren aldaketa e- > i-, hau ezaguna da euskal hitz askotan gertatu delako: ebili - ibili, ekusi - ikusi. Beharbada hori da aldaketaren arrazoia. Hala ere, aldaketa bitxia da antroponimo baterako.

jueves, 12 de enero de 2023

Xertolo toponimoa

 Xertolo da Luzaideko etxe baten izena.
Toponimo honen informazioa Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik eskuratu da eta horretan ikus daiteke lekuko zaharrenak XIX. mende bukaerakoak direla:

sertolo (1886)
sertoloc (1887)
xertolo* (1996)
xertólo (1992-1999)
xortólo (1992-1999)
Azken bi lekukoak ahoz jasoak izango ziren eta hauetan ikus daiteke batean bokal asimilazioa gertatu zela: e-o > o-o. Beharbada azken bokalak ere eragina izan zuen.
Analizatzeko izena Xertolo da eta hasierako kontsonanteak adieraziko luke antroponimo hipokoristikoa dela, Xapalonea toponimoan *Xapalo hipokoristikoa dagoen bezala. Xertoloren kasuan ordezkatutako fonema /b/ litzateke, eta antroponimoa Bertolo, Bartolome osoagoaren aldaera. Blog honetan izan dira aztertuak izen honen hipokoristikoekin sortutako toponimoak, zehazki, Bartolotxonea eta Bartolotxuena. Azken hauetan esanahi hipokoristikoa lortu da atzizki txikigarrien bitartez, -txo eta -txu.

martes, 10 de enero de 2023

Zillargiñenea eta Zillargilleneko erreka toponimoak

 Aztergai diren bi toponimoak Errenteria aldekoak dira. Zillargiñenea da etxe bat, Altzakoa ziurrenik. Lekuko zaharrenak XIX. mende hasierakoak dira, 1819. urteko Cillarguiñenea eta Cillarrenea. Bigarren lekukoan zalantzarako lekua da, beharbada ez da akats bat, zilar izena aipaturik argi geratzen zen etxean egiten zen langitza.
Zillargilleneko erreka da erreka bat eta aurrekoarekin loturik dago. Honen lekukoak bestearenak baino zaharragoak dira, regata de Cillarguillenea (1787), eta Zillargiñeneko erreka (1995).
Toponimo honen oinarrian bi aldaera daude, zilargile eta zilargin, biak sinonimoak dira, batean -gile atzizkia dago eta bestean -gin. Hala ere, gerta liteke toponimoan asimilazio bat izatea, Zillargillenea > Zilargiñenea. Aldaketa honek ez zuen eraginik izango toponimoaren interpretazioan. Bide batez, oso hurbil bazen beste toponimo bat, oso antzekoa, Zillargilleneberria toponimoa Donostian, Zillargillene zaharrago baten ondorengoa.

Poleagillenea toponimoa

 Bi lekuko ezagutzen zaizkio toponimo honi, biak joan diren mendeetakoak eta, dirudienez, egun desagerturik dago.
Lekuko berriena XIX. mendekoa da, Donostiako toponimia lanekoa:

Poleagillenea (1829, casa, D.U.A.-C-5-I-1687-7).
XVIII. mendearen bukaerako lekuko zaharrago bat dago, aurreko lanean aipatu gabea, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Poliaguilleanea.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, bukaera aldean -(r)en + -a, ohikoak etxe izeenetan, eta oinarrian hitz ezezagun bat, *poleagile hitz elkartua. Atzizkian -gile da eta oinarria polea izena:
polea.
(SP, Urt IV 232, H (V, G)), polia (V-gip ap. Etxba Eib ), poleia.
Polea. "Ugala sartzerakuan, poliak artu dau eta besua ausi detsa" Etxba Eib. v. KATE-POLEA.
Xarpanteriako zurezko bi poleien <-ll-> barneko maxina. (1767). SenperEus 64. Ura handik erautsteko, poliatik dilindan, / aldizka goiti-beheiti pusader bi zabilltzan. Gy 55.
Donostiako toponimia aberatsak aspaldiko lanbide baten izena berreskuratzen lagundu du, *poleagile, poleak egiten dituena.

miércoles, 4 de enero de 2023

Dueña toponimoa

 Dueña da Oiongo erreka-zuloa, sakana.
Toponimoaren lekuko zaharrago bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DUEÑA, 1735, labrantío de Labraza.
DUEÑAS (Pinar de...), monte de Labraza.
Gaztelaniazko izena da, dueña 'jabe (emakumezkoa)' hitz arrunta da, baina antroponimoa ere izan zen aspaldian, Erdi aroan. Horrela, handik ez urrun, Cartulario de Santo Domingo de la Calzada liburuan badaude lekuko batzuk:
Dueina: c. 1156 (18).
Dueina de Terrazos: 1156.VIII.17 (15).
Dueinaren idazkerak Dueña adieraziko zuen, ziurrenik. Jatorria Domina latineko hitzean dago, antroponimo bihurtua, horren lekukoak daude, Erromatar Aroan zein Erdi Aroan, Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian azaltzen den bezala:
Domina [F, NOM]
De orixe latina (vid. Dominus), testemuñado como cognome en textos latinos Kajanto Cognomina 362. Sobre o seu uso como alcume, vid. KremerHispCogn 1 161-2, n.214; vid. tamén Domna e Dona.
Domina Uilielmi 13.1218 TSobrado II 181
Erabilera kultuaren ondoan bazen bestea, jendeak erabiltzen zuen hitza aukeratua, Dueña. Beharbada hori da Arabako toponimoaren jatorria, antroponimo bat toponimo bihurtua.
Bide batez, aipagarria da Dominaren eratorri bat aurkitzea Araban, Doñela toponimoan, honetan ere bilakaera gertatu da, azentuaren eraginez ez da hasierako silaban /ue/ diptongorik izan.
Laburtuz, litekeena da Dueña toponimoan eite bereko antroponimoa izatea, latinez Domina antroponimoa zen baina erdararen eraginez aldatu zen.

Aumategi toponimoa

 Aumategi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hedaturiko toponimoa. Bizkaiko Lemoizen mendi-adarra da, Gipuzkoako Bergaran jauregia, harrobia eta aurkintza da. Azkenik, mendi bat da, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatiko herrietan Gipuzkoan eta Arabako Barrundia udalerrian.
Bildutako lekuko zaharrena XIV. mendekoa da, Bergarako Aumategi jauregiaren lekukoen artean Aumategui aipatua da 1348. edo 1386. urteko Furti Ybañez de Aumategui. Ondorengo urteetan zein mendeetan behin eta berriz agertzen da aldaerarik gabe.
Toponimoaren zahartasuna aipagarria da, baita ere bere egonkortasuna. Horrek izen bakarra uzten du analizatzeko, Aumategi. Toponimoak bi elementu lituzke, bukaeran -tegi atzizi ezaguna eta hasieran auma izen arrunta, ahuntzaren kumea izendatzeko erabilia. Toponimoak adieraz lezake aumak hazteko leku egokia eta bada blog honetan leku izen bat oso lotua, Antxumaitz toponimoa, hain zuzen. Azken honetan antxume hitza erabilia izan zen, aumaren ordez.
Azkenik, Aumategi toponimoaren lekuko zaharrenak auma hitzaren lehenengo lekukoa aurreratuko luke bi mende inguru, Orotariko Euskal Hiztegikoa Landuccirena delako, 1562. urtekoa.