2024(e)ko martxoaren 14(a), osteguna

Ubaiar toponimoa

Ubaiar da Azkoitiko baserri baten izena. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

UBAYAR ZARRA (prop.), Elosua ballara, Azkoitia
Lekuko zaharrena XVII. mendekoa da, Dokuklik web-gunekoa, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan aurkitua. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko bakarra dago, 1657. urtekoa:

Toponimoa iluna da, euskarazkoa dela dirudi, baina elementuak bereiztea zaila da. Beharbada aldaketa batek izena ilundu zuen, hasierako bokalean i > u gertatuko zelako. Beharbada disimilazio bat izan zen: i-i > u-i, baina ez da ziurra. Agian ur hitzaren u- aldaerak lagundu zuen aldaketa horretan. Proposatua gertatu bazen, izen zaharra *Ibaiar izango zen eta horrek oso argitzen du toponimoa, hasieran ibai hitza izango zen eta ondoren ihar izenondoa izan liteke. Horrelakoak ezagunak dira toponimian, Lasiar eta Udiarraga toponimoetan lats eta ur izango zirelako. Beraz, ibai + ihar > *Ibaiar > Ubaiar.

2024(e)ko martxoaren 11(a), astelehena

Pertsebel toponimoa

Pertsebel da Errenteriako aurkintza bat. Toponimo eratorri batzuk ditu, Pertsebelerreka, Pertsebelgo gaina eta Pertxebelgo lepoa. Toponimo eratorrien horien zahartasuna handia izan daiteke baina lekukoak aski berriak dira, ez da hori gertatzen toponimo nagusiarekin, XVII. mendetiko lekukotza duelako:

1618     Pesebel           AME B/6/1/2
1709     Ersebel           ASE
1894     Perchebe     denominacion de los lotes de la suerte de Garaño     AME C/5/V/8/1
1922     Perchebel     Perchebel, roble trasmochal y Otraiz trasmochal     AME C/5/V/3/4
1922     Perchibel     plantación de hayas de estos tres años unos 4.000 en Unzaundi y Perchibel     AME C/5/V/3/4
1934     Perchebel     que comprende las faldas de los montes Perchebel, Argiñutz e Irurita     AME C/5/V/12/9
Ikus daitekeenez, toponimoaren lekukotza iluna da XX. mendeko lekukoak hasten direnen arte, aurrekoetan akatsak edo ahoskatze aldaerak dira: Pesebel, Ersebel... Azalbidea, beharbada, izenaren ezezagutzarekin lotua da, lehenengo hiru lekukoek hiru mende hartzen dute, oso gutxitan jaso zelako, toponimoa inportantzia gutxikoa zelako.
Pertsebel toponimoaren azalpena antroponimo batetik dator, Pertzeval gizon izenetik, hain zuzen. Arturiar kondairaren pertsonaietako bat da eta Erdi Aroan izenak hedapen handia lortu zuen, Euskal Herriraino helduz. Irigarai eta Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanean ere aipatua izan zen:
Presebal Perceval, en ambas versiones de la quema de Mondragón, RIEV 3, 118-119. Lope García de Salazar escribía, al parecer, Persibal.
Presebal aldaeran dardarkariaren metatesia gertatu zen eta Persibal aldaera oso hurbil dago Errenteriako Perchibel aldaeratik, duela mende batekoa.

Urruela toponimoa

Urruela da Aiarako auzo baten izena. Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialeko lekuko zaharrena 1571. urtekoa da, egun den bezala izkribatua: Urruela.
Aiarako toponimia nagusia liburan informazio ugari dago toponimo honetaz eta baita ere azalpen etimologiko batzuk, 294. eta 295. orrialdeetan:

Sarrera honetako azalpena bestelakoa da, toponimoan antroponimo huts bat ikusten dugulako, Fruela antroponimo germanikoa eta -a bukaera badu ere, gizonezkoa zen. Lekukoak oso zaharrak daude euskal lurretik hurbil, Cartulario de San Millan de la Cogolla I liburuko  185. agirian, 1028. urtean:
Quinta, casa de Fruela et Citi Donniz
Fruela zen Froila zaharrago baten bilakaera eta honen azalpena eta lekukoak daude Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian, s. v. Froila:

Fruela antroponimotik Urruela toponimora aldaketa batzuk gertatu ziren, lehenengo silabari dagozkionak, lehenik /f/ galdu zen eta ondoren, dardarkari hasitako hitz guztiekin bezala, bokal protesiko bat erantsi zioten, hurrengo bokalaren berdina. Horrek erakutsiko luke antroponimoa euskal lurraldeetan ibili zela eta bere ondorengo toponimikoa Urruela litzateke, Aiaran.

2024(e)ko martxoaren 8(a), ostirala

Esperendio toponimoa

 Arabako toponimo honek ez du lekuko askorik utzi, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan bi dira:

ESPERANDIO, 1849, término de Jugo.
ESPERENDIO, término de Jugo.
Bi dira bildutako lekukoak, bata XIX. mendekoa, bestea XX. mendekoa, biak ia berdinak dira, hirugarren silabako bokalean izan ezik, batean /e/ da eta bestean /a/. Lehentasuna 1849. urteko lekukoak izan beharko luke, zaharrena delako eta toponimo honetan hori ziurtaturik geratzen da bere jatorria ezagutuz gero. Dirudienez, antroponimo huts bat dago Zuiako toponimoan, latin jatorriko Sperantius dagoelako. Erdi Aroan ezaguna izan zen eta beharbada toponimoa garai horretakoa izan zitekeen. Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) izenburuko tesian izen hori ere aipatua da, s. v. Sperantius:

Azken ohar bat toponimoaren bi aldaerak azaltzeko, antza denez, bokal asimilazioa gertatu zen, hasierako hiru bokalak berdinduz: e-e-a > e-e-e-.

Arratia toponimoa

 Arratia da Bizkaiko hegoaldean dagoen eskualde naturala, ibarra bederatzi udalerriz osatuta dago. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Arratia toponimoaren lekuko zaharrak daude, XI. mendetik:

arrathiensis (1051 [1930, 1807])
tellu nunnusoiç de arratia (1053 [1542, 1957, 1964])
lope garzeiz de arratia (1053 [1963])
Lekuko zaharrenetakoa eta egungoa berdinak dira, ez da aldaketarik gertatu. Toponimoaren analisia zalantzazkoa da, Auñamendi entziklopediakoa interpretazio arrunta izan daiteke:
Etimologia
Ver ARRI (3), ATEA, ATHEA.
Arazo bat du harri + ate + -a izatea, bukaerako -ia egun ohikoa da euskal hizketa askotan: etxia 'etxea', maitia 'maitea', ea > ia bilakaera. Baina fenomeno hori ez da oso zaharra, ez behintzat, XI. mendekoa. Hori dela eta, azalpen hor ezin da onartu baina irtenbidea aurki daiteke aspaldian aldaketa baten ondorengoa balitz Arratia. Metatesi bat gerta zitekeen, Atarragorta toponimoan bezala. Galdakaoko toponimo honetan rr-t > t-rr metatesia proposatu genuen, jatorrizkoa *Arratagorta izango zelako. Arratia toponimorako bilakaera bera proposatuz, *Atarria eskuratuko genuke eta hau erraz azal daiteke, ata- 'ate' eta harri izenen elkarketa litzatekeelako, artikuluaz ahaztu gabe.
Laburtuz, ata- 'ate' + harri + -a > *Atarria > Arratia. Horrela, toponimoa guztiz azalduko litzateke, berantiar fenomenoren beharrik gabe.

2024(e)ko martxoaren 6(a), asteazkena

Abitain toponimoa

 Abitain da Azpeitiko baserri baten izena. Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialeko web orriko lekukotza ez da zaharra, Abitain, 1984. urtekoa.
Toponimoa, bukaera kontuan hartuz, bi elementuz osaturik dago, azkena -ain atzizkia izan daiteke eta normalean aurrean antroponimo bat izan ohi da eta hobekien egokitzen dena Abitus izan daiteke. Antroponimoa latinekoa da, Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian aipatua, s. v. Abitus:

Eguneraketa (2024-11-29):
Sarrerako lekukoez gain, badago beste bat, apur bat zaharragoa dena, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:
ABITAIN (2 viv.) (prop.), Izarraitz ballara
-
Urte gutxiko aurrerapena dago baina toponimoaren lekuko urriei beste bat gehitzen zaie. Gainera, Frantzian beste toponimo bat dago Abitaine udalerria, frantsesez eta ofizialki Abitain; gaskoiz Avitenh, Pirinio Atlantikoak departamendukoa, Okzitaniako Bearno eskualdean dago. Frantsesezko wikipediako sarreran lekuko zaharrak daude eta proposamen etimologiko bat, Azpeitiko toponimorako berbera:
Michel Grosclaude propose l'étymologie latine Avitus (nom d'homme 'Avit') augmentée du suffixe gascon enh.
Aipatzen den atzizki hori Euskal Herriko -ain atzizkiaren kidea litzateke, beharbada bere aldaera gaskoia.

Urdaiaga toponimoa

 Urdaiaga da Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen toponimoa. Bermeon bada Urdaiaga baserria eta aurkintza da, baina lekuko zaharrenetan Udaiaga da nagusi, gerora Urdaiaga finkatu bada ere. Beraz, Bermeoko toponimoak analisitik kanpo geratzen dira.
Gipuzkoako Urdaiaga auzoa da Usurbilen, eta horretaz gain, biztanle-entitatea eta baserria ere bada. XVII. mendeko bi lekuko daude Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan, 1625. urte ingurukoa: Urdaiaga Jauregui, Urdaiaga.
Toponimoa deitura bihurtu zen aspaldian eta lekuko zaharrak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko gutxi batzuk ditu XVI. mendearen hasieratik:

Lekuko zaharrago bat dago, XV. mende hasierakoa, 1404. urteko agiri batekoa:
D'esto son testigos que fueron a esto presentes, llamados e rogados: Miguell Martines d'Urdayaga besino de Usúrbill, e Martín de Hays vesino de Orio, e Gonçalo d'Arriaga e Juan de Segura vesinos de Usúrbill, e otros.
Toponimoak oso bizitza luzea izan du eta lekuko zaharrenetatik izen bera du, aldatu gabe. Mitxelenak izen hau aipatzen du bere Apellidos vascos liburuan:

Dirudienez, Urdaiaga eta Urdariaga batzen ditu, lehena azkenaren ondoriotzat jarriz, jakinik euskeraz bokalarteko dardarkaria galdu ohi dela egoera askotan. Hala ere, aztergai den toponimoaren lekukotza oso zaharra da eta, beraz, nekez onar daiteke bilakaera hori. Horregatik, azterketa Urdaiaga izenetik hasiko da. Toponimoak bi elementu izan ditzake, azkena -aga atzizkia, toponimian oso ugaria eta aurreko elementua, urdai da, urdain 'txerrizain' hitzaren aldaera, erdialdeko euskalkietan erabilia.
Urdai izena, lanbide izena zen eta izengoitia ere izan zen. Erdiko Aroko bi lekuko daude, urdai izenaren ondoan erdal itzulpena dagoela, Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuaren 40. agirian, 1500. urtean:
... Juan Peres del Puerto, Vrdaya el porquero, Argallu, Morrón Guirgillot, Aldabe, Gaynça, Ybarrola, Olagaray...
Beste lekukoa, azkena, 48. agirian, 1500. urtean:
Linderos: del vn cabo la dicha casa y de la otra parte tierras de Vrdaya el porquero; por la dicha quantía de los dichos çinquenta e vn mill maravedís.