miércoles, 30 de marzo de 2022

Bizinaitegi toponimoa

 Bizinaitegi da Gipuzkoako Ezkio-Itasoko baserria.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, baina izena aldaturik dago:

BIZINAITI (prop.), Ezkio
Toponimo honetan, beste askoz gehiagotan bezala, aldaera ofiziala da jatorrizkotik hurbilen dagoena. Bestea, ziurrenik, ahozko aldaera da, izena laburragoa izateak iritzi hori berresten duela. Aldaketa hasi da azken silabako /g/ belarea galdu dela eta ondoren ei > i bokal batzea gertatu da, biak ohikoak ahozko izenetan.
Bizinaitegiren lekuko zaharrik ez izatea ez da oztopo handia, izena gardena delako, aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, behintzat. Toponimoa bi elementuz osaturik dago, bizinahi hitza eta -tegi atzizkia. Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan hitza aipatzen eta azaltzen du:
167. — bizi «vivo»: Viciola (Uiciola, Bigiola), Vicijurdanarena. Luchaire relacionó con bizi el nombre navarro Bixio, Vichio: Orti Bixio (Leire, 1072), clerici de Garde don Eriz et don Vichio (Cart. Pedro 1, 43, 1098). V., para la terminación, 471 y cf. acaso rom. Vita. Hay ap. Bicinai (Guip., 1605): b.-nav.; guip., ronc., vizc. bizinai «vividor, activo y ahorrador» (lit. «que quiere vivir». Garcia Vicinaya de Oiquina, Irache 1203, posiblemente Martin Periç d’Allo uicinaia (leído vicivarr), 1269, etc.
Bizinahi izenondoa aspaldikoa da eta Bizinaitegi toponimoa, erabilera horren lekuko toponimiko gutxietako bat.

lunes, 28 de marzo de 2022

Tximijo toponimoa

Tximijo leku izena Arabako bi herritan agertzen da, Zambranan eta Kuartangon, bietan aurkintza bat da.
Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburutik jaso dira bi toponimoak, lehenengoa Zambranako berbera da, bestea Trebiñuko konderrikoa:

CHIMIJO, término de Ocio.
CHIMIJOA, 1827, labrantío de Urarte.
Toponimoaren analisia ez da zaila, jakinik aldaketa batzuk gertatu direla, beharbada erdararen eraginez sortuak. Euskal hitzik egokiena tximitxu izan daiteke:
tximitxu.
"(V-oroz), tejido de seto que hace veces de barandado" A.
Hitz horrek aztarrena utzi du toponimian, adibidez, Tximitxua izena, hitzetik toponimorako aldaketarik gertatu gabea. Baina Tximijo bestelakoa da, bukaerako bokala aldatua da -u > -o, beharbada gaztelaniaren eraginez. Hizkuntza horretan /u/ bokala hitz bukaeran nahiko bitxia da eta euskal toponimo batzuetan aldaketa eragin du. Beste aldaketa ere ez da ohikoa, euskal hitzaren <tx> dagoen lekuan <j> dagoelako. Bilakaera hori gutxitan gertatu bada ere, lekukoren bat bada, Ajapurtia toponimoa bezala, hatx + apurtu + -a bada, behintzat. Tximijo izenean fenomeno berbera izango zen eta horrela azaldurik geratuko lirateke tximitxu izenarekiko aldaketak.

Gorosmigel toponimoa

 Gorosmigel da Lesakako aurkintza bat. Egun, toponimo iluna da, baina ematen du bukaeran Migel antroponimoa dagoela. Lekuko zaharrena interpretaziorako ezinbestekoa da: 

cosmeguibela (1849)
cosmiel, regata (1928)
gorosmigel (1997)
Gorosmigel (2019)
gorosmíel (1992-1999)
Nabarmena da lehenengo lekukotik hurrengora igaro ziren 79 urteak nahikoak izan zirela toponimoa aldatzeko eta gero, XX. mendearen bukaera aldean Gorosmigel nagusitua zen, ahozkoa Gorosmiel ere dago, bokalarteko /g/ galdua.

Lekuko zaharena fidagarriena ere izan ohi da, eta hori ontzat hartuz gero, toponimoak bi elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe, Kosme antroponimoa eta gibel, "atzeko aldea" esanahiarekin. Kosme ez da oso izen ezaguna baina bere erabilera aspaldikoa da, eliza katolikoaren eraginez, J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval liburuan informazioa dago antroponimo horren jatorriaz, 333-335. or.:
Cosme (m.)
[...] Origen: De un antiguo nombre griego bizantino KOSMAS, ya incorporado al onomástico latino en período bajorromano (Piel 1949: 338).
Cosme es un nombre personal de inequívoca tradición cristiana (BiblSanctorum 4, 219-237), vinculado a la confusa leyenda hagiográfica de los santos hermanos Cosme y Damián, mártires en 287, muy difundida tanto al oriente como al occidente del antiguo Imperio. La devoción a San Cosme y San Damián parece haber alcanzado un cierto arraigo en la Península Ibérica desde la Alta Edad Media (Piel 1949: 338-339)…
Dirudienez, egungo aldaerek toponimoaren egitura silabikoa gorde dute, baina elementuak aldaturik, herri etimologiaren eraginez, ziurrenik.

viernes, 25 de marzo de 2022

Benturagain toponimoa

 Benturagain da Donostiako tontor baten izena. Toponimoak ez du lekuko zaharrik, Donostiako toponimia lanean bildutako bakarra XX. mendearen bukaerakoa delako:

BENTURAGAIN: Bentura-gaña (1989, D.U.T.B.). 64-21-2, M.
Toponimoak bi elementu lituzke, Bentura antroponimoa eta gain izena. Bentura egun ez da entzuten baina aurreko mendeetako egoera ezberdina izan zen, Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, eta hauetan nabarmena da XVI. mendearen erdialdetik ezaguna zela, batez ere Araban, baina Gipuzkoan ere ez zen ezezaguna. Izan ere, badago bataio agiri bat aitaren izena Ventura Altamira dena, Donostian, 1602. urtean:


 Toponimoaren bigarren elementua gain izen arrunta da, toponimian ohikoa.

miércoles, 23 de marzo de 2022

Gorbaran toponimoa

 Gorbaran da Aiarako erreka-zuloa, sakana. Toponimo eratorri bat dago, Gorbarangitxi, hau ere erreka-zuloa, udalerri berean.
XX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburutik jasoa:

GORBARAN, monte de Menoyo. TopAlavesa
Toponimoa iluna da, Erdi Aroko antroponimia ezagutu gabe, baina bukaerakoa haran izena omen da. Baina Korbaran antroponimoa bazen, A. Irigoienek, bere Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan horrela eman zituen izen honen lekuko zahar batzuk, Nafarroakoak:
3.106. CORUARAN: Pero Yuaynnes, yerno de Coruaran, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 371 orr.), Salinas d’Oro-n.
XII eta XIII mendeetarako CORBARAN: don Corbaran, (1196-1200, El gran Pr. Nav., dok. 89); don Corbaran Gil de Vidaurre, (1275, El gran Pr. Nav., dok. 430); don Corbaran de Bidaurre, (1289, El gran Pr. Nav., dok. 504).
Toponimoaren aldaketa bakarra hasierako herskariari dagokio, ahostuna delako, beharbada euskararen eraginagatik, mailegu zaharretan ohikoa zen ahostuntzea hitz hasieran: bake, dorre... nahiz eta pake zein torre ezagunak ere izan.
Toponimo honetan antroponimo hutsa dago, bestelakorik gabe, hau ere ez da ohikoa baina aleak badira, Gendul toponimoa bezala, beste askoren artean.

Kurutzelaegi toponimoa

 Kurutzelaegi da Elgoibarko baserri baten izena.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, San Pedro auzoan:

*KURUTZULEGI (KURUTXELAI) (desh.)
Liburu berean badago oso toponimo antzekoa, Getarian:
GURUZELAI (desh.), Meagas auzoa
Azken honen elementuak, aldaketarik gertatu ez bada, gurutze + zelai izan daitezke, baina Elgoibarko toponimoaren egitura konplexuagoa da.
Lekuko zaharrenak Dokuklik web-gunetik eskuratu dira, hau da, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekutik. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez lehenengo lekukoa 1551. urtekoa dela ikus daiteke:

Toponimoa ia ez da aldatu azken 500 urteetan. Linazasorok emandako lekukoetan nabarmena da toponimoaren laburketa, bokalarteko /g/ galdu eta ondoren bokal taldearen soiltzea.
Kurutzelaegi izenaren elementuen banaketa eginez gero erraz antzematen da aldaketaren bat gertatu dela. Hiru dira toponimo honen elementuak, gurutze (kurutz(e) aldaerarekin) + zelai + hegi. Aldaketa bakarra bokalarteko /i/ fonemari dagokio, desagertu zelako. Bilakaera hori ez da arauzkoa baina aleak badaude, Zelandi eta Zelandieta toponimoetan, esaterako. Elementuak zelai + handi (+ -eta) izango ziren eta gero tarteko /i/ galdu zen.
Aipagarria da Elgoibarko toponimoaren kasuan gurutze bat zegoela eta toponimoaren zahartasuna kontuan izanik, gurutze hori ere zaharra zela eta ziurrenik aspaldi galdua, baina bere aztarrena toponimian geratu da.

Eguneraketa (23-11-10):
Toponimoaren lekuko zaharrena XVI. mendekoa bada ere, badago beste bat, mende bat lehenagokoa, 1452. urteko Ubitarteko lur-neurketa baten agirian, 37. or.:

Ytten, el camino público que traviesa de Curuzelaegui para Ayastia fasta el dicho camino real, por do van a la [Villa]viziosa de Marquina, por do fue mojonado de moxones de piedra por nos los dichos juezes en dos brazas en anchor.
Orrialde berean Kuruzelai toponimoa ere badago:
Ytten, el camino que dizen Unanbidegui, camino público de dos brazas, desde el camino de Ayastia, del lugar que dizen Liazasoro arriva, por entre las heredades, al camino de suso que va de Curuzelay arriva, según fue moxonado por nos los dichos juezes.
Azken lekukoak erakusten du Kuruzelai bazela eta horren toponimo eratorria izango zen Kurutzelaegi, hegi izena gehitua.

lunes, 21 de marzo de 2022

Ziansolo toponimoa

 Ziansolo zen Zornotzako toponimo bat, XIX. mendeko lekuko bakar batez ezaguna:

heredad llamada Ciansolo, 1864
Lekuko honetan izena eta izana loturik zeuden, heredad eta soro sinonimotzat har daitezkeelako.
Lekuko bakarra izateak badu alde txar bat, lekuko horretik informazio osoa erauzi behar dugu eta ez dago ziurtasunik toponimoa ongi transkribaturik dagoen. Baina lekuko bakar honek etimologia fidagarria izan dezake eta euskal onomastika aberasteko egokia izan daiteke, oinarriko elementua batere ohikoa ez delako.
Toponimoak bi elementu izan ditzake, bukaeran solo izena, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Oinarrian, baina, oso bestelako izena dago, Zeian antroponimoa, Zeansolo toponimoan ere egon daitekeena. Toponimo hori berdintsua da, elementu berberak dituena, aldaketa bakarra bokalari dagokiona da, edo ea > ia disimilazioa gertatuko zen edo eia > ia soiltzea gertatuko zen.
Ziansolo toponimoa Zeian antroponimoaren beste lekuko bat litzateke, kasu honetan toponimikoa.