miércoles, 23 de marzo de 2022

Kurutzelaegi toponimoa

 Kurutzelaegi da Elgoibarko baserri baten izena.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, San Pedro auzoan:

*KURUTZULEGI (KURUTXELAI) (desh.)
Liburu berean badago oso toponimo antzekoa, Getarian:
GURUZELAI (desh.), Meagas auzoa
Azken honen elementuak, aldaketarik gertatu ez bada, gurutze + zelai izan daitezke, baina Elgoibarko toponimoaren egitura konplexuagoa da.
Lekuko zaharrenak Dokuklik web-gunetik eskuratu dira, hau da, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekutik. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez lehenengo lekukoa 1551. urtekoa dela ikus daiteke:

Toponimoa ia ez da aldatu azken 500 urteetan. Linazasorok emandako lekukoetan nabarmena da toponimoaren laburketa, bokalarteko /g/ galdu eta ondoren bokal taldearen soiltzea.
Kurutzelaegi izenaren elementuen banaketa eginez gero erraz antzematen da aldaketaren bat gertatu dela. Hiru dira toponimo honen elementuak, gurutze (kurutz(e) aldaerarekin) + zelai + hegi. Aldaketa bakarra bokalarteko /i/ fonemari dagokio, desagertu zelako. Bilakaera hori ez da arauzkoa baina aleak badaude, Zelandi eta Zelandieta toponimoetan, esaterako. Elementuak zelai + handi (+ -eta) izango ziren eta gero tarteko /i/ galdu zen.
Aipagarria da Elgoibarko toponimoaren kasuan gurutze bat zegoela eta toponimoaren zahartasuna kontuan izanik, gurutze hori ere zaharra zela eta ziurrenik aspaldi galdua, baina bere aztarrena toponimian geratu da.

Eguneraketa (23-11-10):
Toponimoaren lekuko zaharrena XVI. mendekoa bada ere, badago beste bat, mende bat lehenagokoa, 1452. urteko Ubitarteko lur-neurketa baten agirian, 37. or.:

Ytten, el camino público que traviesa de Curuzelaegui para Ayastia fasta el dicho camino real, por do van a la [Villa]viziosa de Marquina, por do fue mojonado de moxones de piedra por nos los dichos juezes en dos brazas en anchor.
Orrialde berean Kuruzelai toponimoa ere badago:
Ytten, el camino que dizen Unanbidegui, camino público de dos brazas, desde el camino de Ayastia, del lugar que dizen Liazasoro arriva, por entre las heredades, al camino de suso que va de Curuzelay arriva, según fue moxonado por nos los dichos juezes.
Azken lekukoak erakusten du Kuruzelai bazela eta horren toponimo eratorria izango zen Kurutzelaegi, hegi izena gehitua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario