sábado, 18 de mayo de 2019

Muniaran toponimoa

Bizkaiko Murueta herriko toponimoa. Lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira. Lehenengoa badago Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Pleitos. Tomo IV liburuan: Pero Ybannes de Muniaran, 19. agiria, 1456. urtekoa. Hurrengo mendeko lekukoa dago Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuan: Rodrigo de Muniaran, 225. agiria, 1514. urtekoa
Lekuko berriagoak, XVII. eta XVIII. mendeetako batzuk badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Muniaran [N, TO]
Muniaran (la casa de), Murueta, a.1641, FogVizcayaMs.
Muniaran (la casa torre de), Murueta, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniaran (la caseria de), Murueta, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniaran (la cassa de), Murueta, a.1704, FogVizcayaMs.
Muniaran (la torre de), Murueta, a.1704, FogVizcayaMs., a.1796, FogVizcayaMs.
Muniaran (otra casa de), Murueta, a.1641, FogVizcayaMs.
Muniaran_Goicoa (la casa de), Murueta, a.1796, FogVizcayaMs."

Toponimo hau oso egonkorra izan da, Erdi Arotik hona ez da inolako aldaerarik agertu. Beraz, Muniaran da aztertu beharreko izena eta, beste gehienetan bezala, bi elementu lituzke, muni- eta haran. Muliate toponimoan bezala, badira hiru aukera hasierako muni- azaltzeko, Munio antroponimoan oinarrituta: Muni- eratorpen aldaera, Munia emakumezko aldaera eta *Munioharan zaharrago batean tarteko /o/ bokala galduta. Muliate toponimoan bezala, hiruretatik ezin bat aukeratu, baina behintzat oinarrian Munio antroponimoa izan zelako gutxieneko ziurtasuna bada.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario