Urrusti toponimoa bein baino gehiagotan agertzen da euskal lurretan, batez ere Gipuzkoakoetan. Horrela, Urrustiaitza izeneko gailurra dago Mutrikun. Urrustieta Segurako aurkintza bat da eta Urrustigibel Errezilgo aurkintza ere bada. Bizkaian Urrusti izeneko gailurra dago eta Arabako Legution Urrustizar izeneko gailurra ere bada.
Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan badira Urrusti izeneko baserriak, Soraluzen eta Zumarragan:
URREIZTI (URRUSTI) (desh.), Txurruka ballara, Soraluze
URRUSTI (prop.), Zumarraga
Soraluzekoan bi izen daude, bata ofiziala izango zena, Urreizti eta bestea ahozkoa, Urrusti. Honek etimologia ematen digu, eta bilakaera: Urreizti > *Urristi > Urrusti. Lehenik ei diptongoa soildu zen ei > i eta gero, bokal asimilazioa gertatu zen: u-i > u-u. Beste era batera uler liteke, disimilazioa gertatuz: i-i > u-i, baina hasierako bokalak, lehenengoa izanik, hurrengo bokalean eragina izatea errazena litzateke.
Toponimo hauetan hurrizti hitza dago, hitz eratorria, oinarrian hurritz duena eta bukaeran -di atzizkia, oinarriaren bukaerako afrikatuak atzizkiaren horzkaria ahoskabetuko zuen: -tz + d- > -zt-, fenomeno erabat arrunta.
Lehenago adierazi bezala, asimilazioa toponimoetan gertatuko zen, izan ere, hurrizti izen arruntaren lekukoetan bigarren silabako bokala gorde da, salbuespenak urrutxdoi eta unrustoi lirateke, baina hauen erabiera eremua urruti geratzen da aztertutako toponimoetatik.
Eguneraketa (2022-03-12):
Sarreran ez dago XX. mende baino lehenagoko lekukorik. Baina badago bat, askoz lehenagokoa, Erdi Arokoa, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan, 28. agirian, 1451. urtean, badago Abaltzizketako bizilagun baten izena: Miguel de Urrusticaga. Ziurrenik <c> dago <ç> baten ordez. Beraz, deitura Urrustizaga izango zen, urrusti + -tza + -aga bezala analiza daitekeena. Beraz, Urrusti aldaera asimilatua oso zaharra litzateke toponimo horretan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario