viernes, 30 de julio de 2021

Beltransagasti toponimoa

 Beltransagasti izeneko baserria izan da Lazkaoko herrian mende luzeetan. XX. mendearen bigarren erdialderako bada lekuko bat, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan jasoa:

BELTRANSAGASTI (BETENASAGASTI) (col.) Lazkao
Mende horren hasierako hamarkadetakoa da Koldo Eleizalderen Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas izen zerrendako lekukoa:
Beltransagasti, barriada de Lazkano (Gip.).
Garai askoz zaharragoetara joanez, toponimo honek Erdi Aroko lekuko bat du, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan aurkitua, 12. agirian, 1404. urtean, testuan bertan adierazten den bezala:
Estta senttencia fue dada en término de Lazcano, a do dize Velttraesagasti, a veintte (días) de julio, anno del nascimientto de nuesttro Salva(dor) Jesuchristo de mil e quattrocienttos e quattro annos.
Toponimoak, beraz, hiru aldaera ditu, XX. mendeko Betenasagasti ahozko aldaera litzateke, Beltransagasti izenaren soiltzea edo egokitzea, ahoz erosoago egiteko. Beltraesagasti, aldiz, oso interesgarria da, erakusten du oinarriko antroponimoa aldaturik. Toponimoa Beltran antroponimoaz eta sagasti izen arruntaz eraturik dago. Azken izena ohikoa da euskal toponimian edo blog honetan behin baino gehiagotan azaldu da, Barbasagasti eta Erregiasagasti toponimoetan.
Oinarriko Beltran lehenago aztertua izan da, Beltranenea toponimoan. Baina toponimo honetako oinarrian Beltrae omen dago, lekuko antroponimikorik utzi ez duena. Hala ere, badago oso hurbila izan daitekeen izena, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan erakutsia:
3.71. BELTRE: Beltre Gago, (1330, PN-XIV, F.Est., 280 orr.), Arroniz-en. Agian aurrekoarekin duke zer ikusi. Agian zer ikusia duke BERTRAN / BELTRAN izenarekin, ikus zerrenda honetan.
Izen hauen arteko lotura balitz bilakaera luzea izango zen: Beltran > *Beltrane > *Beltrae > Beltre. Hala izan bazen, jatorrizko izenak bokal bat jasoko zuen bukaeran eta ondoren, sudurkaria bi bokalen artean zegoena, galdu zen. Azkenik ae > e bokal soilketa gertatuko zen. Beltraesagasti toponimoan *Beltrae antroponimoa izango zen, baina gero, aldaera zahar hori galdu eta gero, Beltran hedatuagoa berreskuratua izan zen eta toponimoan ezarri eta aldaera hori izan da gaur egunera arte erabili izan dena, edo bere aldaera soildua, Betenasagasti.

No hay comentarios:

Publicar un comentario