miércoles, 5 de octubre de 2022

Ortilopitza toponimoa

 Ortilopitza da Sarako etxe baten izena. Toponimo honen lekuko zaharrenak XIX. mendekoak dira, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik eskuratuak:

Ortholopitzbeherea (1839)
Ortholopitzgaina (1839)
Ortolopitz-beheria (1962)
Ortolopitzgaina (1962)
ortilopitza (-a) (2006)
ortilopitza (-a) (2008)
ortolopitz (2005)
Lekuko guztiak jarri dira bilakaera erakusteko. Horrela, bi mendetan toponimoa Ort(h)opitz izan zen baina XXI. mendean Ortilopitza agertu da eta hori da izen arautua.
Egungo aldaera arautua soilik ezagutuko balitz analisi erraza izango luke, Orti PI + Lopitz patronimikoa eta -a artikulua. Baina lekuko zaharrek hipotesi hori deusezten dute.
Hemen aurkeztuko den etimologiak aldaketa batzuk beharrezkoak ditu, baina horrela izena osorik azalduta gertatuko da. Hasteko, aldatu behar den elementu bakarra hasierakoa da, antroponimoa. Orti izan beharrean Bertol(o) izango zen, Bartolome ezagunaren aldaera laburtua, Bartolo ere bada, eta bere hipokoristiko batzuk toponimo sortzaile izan dira, Bartolotxonea eta Bartolotxuena toponimoak bezala.
A. Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan Erdi Aroko lekuko ugari eman zituen, Bartolomerenak eta bere eratorrienak:
1.27. BARTHOLOMEO (Leiç.), BARTHOLOME, BARTOLO (euskaldunen artean zahar arrunt laburtua)
[..]
Ikus XIV menderako BERTHOLOMEO, BERTOLOMEY (dobletea), BARTOLO, eta MARTHOLO, BERTOLO, BERTOLOT, BERTOLOTA, BERTHOLOMEA, azkenengo biak emakume-izenak, BERTOLON / BERTULON / BARTULON, BERTOL, Nafarroan: Bertholomeo Johan, (1366, PN-XIV, F.Est., 604 orr.); Bertolomey, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 329 orr.), Sartaguda-n; Bartolo Ordina, (1330, PN-XIV, F.Est., 291 orr.), Artaxona-n; Martholo d’Arruaçu, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 608 orr.), Esteilla-n (48); Bertolo Cualet; Bertolo Somberria, (1330, PN-XIV, F.-Est., 294-295 orr.), Artaxona-n; Bertolot, fijo de Bertolomeo, (1330, PN-XIV, F.Est., 259 orr.), Sant Adrian-en; Bertolota, fija de Gil Pardo, (1330, PN-XIV, F.Est., 240 orr.), Beruinçana-n; dona Bertholomea de Calchetas, con sus fillos, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Bertolon, yermo de Sancho Surra, (1330, PN-XIV, F.Est., 299 orr.), Artaxona-n; Bertulon, su cuynado; Bartulon, su yermo, (1330, PN-XIV, F.Est., 298 orr.), Artaxona-n; Bertol, fi de Pero Martiniz, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 328 orr.), Sesma-n; Berthol [sic], (1366, PN-XIV, F.Est., 599 orr.), Azedo-n.
Proposatutakoa zuzena bada, aldaketa batzuk gertatuko ziren toponimoa papereratu baino lehenago. Toponimo zaharrena Bertol(o) + Lopitz bazen, *Bertolopitz bezala sortuko zen, haplologia gertatuko zen antroponimoaren azken silaba eta patronimikoaren lehenengoa elkartzean. Ondoren bokal asimilazioa izango zen, *Bortolopitz, e-o > o-o, asimilazio honen hainbat ale ezagunak dira Pirinioz iparraldeko euskaran, hogoi '20', esaterako. Azkenik hasierako kontsonantzea galduko zen, batzuetan gertatu ohi da bo- hasierako hitzekin. Horrela, Ort(h)olopitz agertuko zen, eta izen horrek gerora aldaketa bat ere ezagutuko zuen, herri etimologiaz beharbada.

No hay comentarios:

Publicar un comentario