lunes, 10 de octubre de 2022

Luberaburu toponimoa

Luberaburu da Errenteriako baserri bat.
Lekuko zaharrena 1846. urteko Luberaburu da, baina badago oso toponimo antzekoa, Luberacogaña, 1791. urtekoa. Toponimoa gure egunetara arte heldu da aldatu gabe eta, beraz, Luberaburu izenarekin hasi behar da analisia.
Toponimoak bi elementu lituzke, lubera- eta buru. Azken hau ez da zaila aurkitzea toponimian, horrela, Salburua toponimoa. Ziurrenik mugako leku bat edo gorago zegoena adieraz lezake. Hasierakoa ilunagoa da, lubera- ezezaguna. Ez dago, esaterako, Orotariko Euskal Hiztegian, baina bai lur beratu hitz elkartua:

LUR BERATU ((VocBN Dv y A)).
"Terre labourable" Dv. Cf. Ht VocGr 434: "La terre trempée, lurra beratua".
Elkartu honetan lur izena eta beratu aditza batu dira, baina lubera- ezberdina da, lur ez dago osorik, azkeneko kontsonantea galdu duelako, baina hori normala da hitz elkarketan, horrela, Lunarrutua toponimoan hasierakoa ere lu- 'lur' izan daiteke.
Beste elementua, bera 'bigun' izenondoa izan liteke, beratu aditzaren oinarria. Azken batean, kontzeptu bera esateko, egun lur beratu hitz elkartua dago eta garai batean *lubera hitza izan zitekeen, Luberaburu toponimoari esker ezaguna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario