lunes, 20 de marzo de 2023

Jazkue toponimoa

 Jazkue da Tolosako toponimo batzuen oinarria, Jazkuegoikoa eta Jazkuebekoa baserriena. Gainera, badaude Jazkuegaña eta Jazkuemuñoa izeneko tontorrak.
Lekuko zahar bat dago, Jazkuebekoa baserriari dagokiona, XIX. mendearen erdialdeko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 721. or.: Jazcúe-azpicóa.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, toponimoak Bedaio ballarakoak dira:

JAZKU BEKOA (3 viv.) (col.)
JAZKU GOIKOA (desh.)
Ziurrenik, Jazku aldaera Jazkue izenetik sortua da. Ez da, beraz, analisi etimologikoa egiteko abiaburua. Toponimo hauen bigarren elementuak kenduz, Jazkue geratuko litzateke. Izena laburra bada ere, bi elementuz osaturik dago, azkena gune hitza litzateke, aldaera sudurkari gabekoa erabiliz. Gainera, txistukari atzean egonik, herskariaren ahostuna ahoskabetu da Egozkue (sep-21) toponimoan bezala.
Azkenik, hasierakoa geratzen da, jaz- labur hori. Ziurrenik bi aldaketa gertatuko ziren, kontuan izanik jatorrizko isats hitza izan zitekeela. Batetik txistukari disimilazioa gertatuko zen, Mitxelenak bere Toponimia, léxico y gramática lanean aipatzen du Erdi Aroko toponimo bat, barruan azaldu zuen bezala:
[...] No es absurdo pensar que -tsu cobrara autonomía a partir de derivados como satsu ‘impuro, etc.’, de sats + -zu, o, en topónimos, en nombres como Sarasua, de sarats + -zu: cf. Sagassaheta, Sagaseta, arriba, nota 8. Así también Iasu yll en Roncesvalles, 1284, como Jaxu en Cize, de i(s)ats + -zu (14).
-
(14) Para jats, nacido por disimilación de isats ‘reclama’, ‘escoba’, véase Estudio sobre las fuentes del Diccionario de Azkue, Bilbao, 1970, pp. 85 y 87; yll muy bien puede ser hil ‘muerto’.
Bestetik txistukaria, jatorrian <s> zena aldatu zen, beharbada hiperzuzenketagatik, txistukari neutralizazioa gertatzeko leku errazen bat herskari aurrean izan ohi da. Beraz, hiztunak jakitun ziren joera horretaz eta orduan izena aldatu zuten, zuzenagoa zirudiena asmatuz: *Jaskue > *Jazkue.
Gipuzkoan bada toponimo bat, elementu berberez egina baina oso ezberdina, Izaskun, baina honetan txistukari disimilaziorik ez zen gertatu. Gainera, gun(e) aldaera erabilia da, ez gu(n)e. Azkenik, txistukariak bereizi ziren, s-s > z-s, baina aldaketa hau ez da batere ohikoa, normalean asimilazioak gertatzen dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario