viernes, 24 de noviembre de 2023

Pagadizubaratza toponimoa

 Pagadizubaratza da Villabonako baserri bat, beraz, gipuzkoar toponimoa da. Aipatuako izendegian dauden lekukoak aski berriak dira, Paradinbaraza (1857) izan ezik. Azken hamarkadetan agertzen dira Pagasus (1992), paasus (1993) eta Paradizubaraza (1993), Pasus (Pagadizu) (2004), Pagadizu (2004), beste batzuen artean.
XX. mendeko beste lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, aurrekoak baino lehenagokoa:

PADADIZU (PASUS) (prop.)
Toponimoaren lekukoak oso nahasgarriak dira, batzuetan ahozko bilakaera gertatu da, Pagasus aldaeran bezala. Padadizu interesgarria da, herskari asimilazioa gertatu delako eta beste lekukoak kontuan hartuz, g-d > d-d. Hala izan bada, Pagadizu jatorragoa litzateke. Baina XX. mende bukaerako lekukoetan beste bat dago, izena argitzeko beharrezkoa, Paradizobaraza, Luis Mari Mujikak bildua. Hemen egingo den interpretazioaren arabera, zaharrena *Paradizubaratza litzateke eta berrinterpretatu zen hasierako zatian Pagadizu ikusiz eta gero hori ere aldatu zen ahoz.
Beraz, *Pagadizu toponimoa izango bazen, analisia litzateke paga- 'pago' + -di + -zu. Horrelako toponimo bat ez litzateke batere nabarmena izango euskal toponimian. Hala ere, badago beste aukera bat, paradisu hitza izatea, Paderisukoa toponimoan bezala. Ezberdintasun gutxi batzuk badira, beharbada toponimoaren jatorrizko esanahia galdu zenean sortuak eta, herri etimologiaz, toponimoa berregin zen. Beharbada toponimoaren lekuko zaharretan ikus liteke hemen jarritako hipotesiaren zuzentasuna.
Ezaguna da Eden toponimo biblikoa Paradisuko baratzea bezala azaltzen dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario