miércoles, 5 de noviembre de 2025

Begiuri toponimoa

 Begiuri izan zen Arabako toponimo bat, Zuia ingurukoa, bildutako lekuko guztiak han kokatzen direlako. Badirudi gaur egunera arte heldu ez dela. Lekuko guztiak pertsona izenetakoak dira, ez lekuari erreferentzia egiten diotenak. Toponimoaren bilaketa izan da, ondoriorik gabe; adibidez, ez dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan.
XV. mendeko lekukoak ditugu, bi iturritik jasoak. Honra de hidalgos liburukoak dira Pero Sanches de Veguiury morador en Ameçaga, Pero Sanches de Veguiury morador en Urabiano, Martin de Veguiury morador en Urabiano eta Juan Dias de Veguiury morador en Urabiano, 92. or., 1445. urtekoak.
Hurrengo mendekoa da Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuko Pedro de Beguiuri, 23. agirian. 1518. urtekoan, 273. or. Agiri berean Pedro de Urguiuri izeneko bat dago liburuaren orrialde batzuk aurrerago (23. agirian, 1518. urtekoan, 280. or.), baina biek pertsona izen berdinez inguraturik agertzen direnez, nahiko argi dago gizon bera dela eta <Urguiuri>, ziurrenik, kakografia dela.
Lekukoetan ez dago aldaerarik eta, beraz, Begiuri formatik azterketa hasi beharra dago. Alde batera utzi dugu begi + huri analisia, formaren aldetik ez luke inolako aldaketarik eskatuko baina alde semantikotik ez du zentzu handirik. Horrela, oinarrian antroponimoa dagoelako hipotesiarekin lana egin beharra dago. Erdi Aroko antroponimoen zerrendari behakoa eman eta beg- hasierako izen ezaguna bada, Vegila germanikoa, hain zuzen. Izen horrek aldaera ugari baditu, gutxienez, Vigila, Veila eta Vela. Eta beharbada Beira, 175. agirian, 1169. urtean), hapax bat Nafarroako lekukoetan. Toponimoaren formari hobekien egokitzen zaiona Vegila litzateke, baina Beira izenak aukera ematen du *Begira zaharrago bat oinarria izateko. Beraz, Vegila egokitu gabea edo *Begira, bokal arteko l > r araua betea duena baina lekukorik utzi ez duena, nahiz eta Beira-k bere aukera erakutsi. Vegila zein *Begira, toponimoa osatzerakoan ez ziren geratu aldatu gabe, *Begilauri edo *Begirauri, /a/ galduko zuen eta ondoren /r/ edo /l/ galduko zuten azkeneko dardarkariarengatik, disimilazioz.
Nahiz eta toponimoaren kokapen zehatza ez jakin, lekukoek Zuia aipatzen dute, eta zaharrenek Urabiano, egun leku despopulatua. Begiuri egon zitekeenetik ez oso urrun, Amurrioko udalerrian badira Biguri eta Bigurizabal toponimoak. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan, 502. or.:

VIGURI, caserío de Lezama.
VIGURIZABAL, término en Larrimbe.
Larrinbe eta Lezama dira Amurrioko eremuak, Zuiatik nahiko hurbil. Biguri deituraren bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko gehienak Urduña eta Amurriokoak dira, lehenengo lekukoa 1508. urtekoa da:

Begiuri ere bilatu da baina oso lekuko gutxi aurkitu dira, lau guztira, zaharrena XVI. mendekoa baina beste hirurak hurrengo mendekoak:
Begiuri > Biguri bilakaerak ez du oztoporik, areago jakinez gero Zuian bertan XVI. mende erdialdean badela Biguri-ren aztarrena Eliz artxiboetan. Beraz, baditugu bi toponimo, Begiuri eta Biguri, bata Zuiakoa omen zen, bestea Amurriokoa, eta bi herriak elkarren artean hurbil daude. Azalpen bat bilatzeko, Zuian bazen Begiuri toponimoa, Biguri bihurtu zena eta gero desagertu, eta gerora Amurrion Biguri deitura toponimo bihurtu zen? Amurrioko toponimoaren lekuko zaharrak beharrezkoak lirateke azalpen zehatzago bat aurkitzeko. Hala ere, Biguri oso aspaldikoa da Amurrion, XVI. mendean agertzen delako eta Begiuri oraindik bazegoen Zuian hurrengo mendean. Dena den, beste aukera bat izan liteke bi toponimo hauek hasieratik bereizirik sortu zirela, nahiz eta jatorri bera izan, Vegila zein *Begira eta huri. Amurrion bilakaera azkarra izan eta Biguri bezala finkatu zen eta Zuiakoa Begiuri izan zen mendeetan eta azkenean galdu zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario