martes, 2 de octubre de 2018

Otsakain toponimoa

Otsakain Nafarroako herri baten izena da. Lehenik M. Belasko eta P. Salaberriren analisiak eta ondoren jarri beharrezko iruzkina.
Mikel Belasko, bere Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburuan toponimoa aztertu eta hau idatzi zuen, bere blogeko Osacáin sarreran:
"Significado. Probablemente lugar propiedad de una persona llamada Otsoko. De Otsoko, nombre de persona de origen vasco y cuyo significado es "lobico", y -ain, sufijo que indica propiedad.
Documentación antigua. Excoayn (1280, NEN); Ochacain, Ochacayn (1259, 1366, 1532, 1591, NEN); Osaquayn (1201, NEN); Miguel d'Otssacain (1239, DNLO nº 9); Ossacayn (1268, NEN); James d'Ochaquayn i d'Ochoquayn (1313, DNLO nº 164); Osocain, Osocayn, Ossocain, Ossocañ (1644, 1667, 1672, NEN); Oxocain (1280, NEN).
(Mikel Belasko; 1999: pp. 351)."
Hurrengo azterketa P. Salaberrirena da, Acerca del sufijo toponímico –ain izenburuko lanean, hauxe idatzi zuen:
"Otsakain (documentado como Ossocain, Oxocain en la Edad Media, Osocayn en el siglo XVII), por su parte, parece que procede, con bastante seguridad, de Otsoko".
Biek oinarri bera ikusten dute, Otsoko hipokoristikoa. Baina Belaskok jarri dituen Erdi Aroko lekuko gehienetan Otsakain ageri da. Badirudi Otsokain geroagokoa dela. Diferentzia txikia da, baina azaldu beharrekoa.
Otxoko toponimoari eskainitako sarreran eite bereko antroponimoaz aritu ginen eta Alfonso Irigoienen liburutik hartutako lekukoak jarri genituen, guztiak XIV. mendekoak. Lekuko zaharragoak badira, Iratxe eta Leireko agiri zaharretan daudenak, baina guztiak XI. mendetik hona agertu dira.
Bada antroponimo bat oso antzekoa, eta zaharragoa, Otsako, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 154. or.:
"Otsako (Otsoa): Osaco (“Lekere”-n, Araba, 952, Ubieto, 1976, 64. Gizon izena da, NVP, 417)."
Antroponimoaren egitura gardena da, Otsa- 'Otso/Otso' + -ko > Otsako. Diferentzia txikia bada ere, Otsako behin baino ez da agertu, eta Otsoko/Otxoko hipokoristikoaren beste lekukoak gerora azaldu ziren.
Beraz, nahiz eta lekuko bakarra izan, Otsako + -ain > Otsakain toponimoa sortu zen, eta hala iraun du mende askotan gaur egunera heldu arte.
Baina Otsokain aldaera bada eta hori aztertu beharra dago. Erantzuna kronologiak ematen du, lehenik Otsako bazen eta Otsakain sortu, mendeak igaro et gero Otsoko/Otxoko eratu zen, Otsako jada hilik izango zen eta herri izenean indarrean zegoen hipokoristikoak eragina izan zuen, hala ere, nagusitu gabe, Otsakain aldaerak iraun zuelako.

Otxotenea toponimoa

Lesakako toponimoa da Otxotenea. Egungo lekukoa aztertuz gero, analisia errazekoa litzateke, Otxote PI + -(r)en + -a. Lekuko zaharrek, baina, bestelako analisia egitera behartzen dute. Horrela, Ochocotonea (1795, 1841), gero, XX. mendearen erdialdean Ochocotenea (1944). Urte gutxitara Otxotenea (1960), eta azkenik Ochótenia (1991).
Kontuan izanik lekuko zaharrak, *Otxokoto litzateke toponimoaren oinarria, orain arte inoiz azaldutakoa, antza. Antroponimo antzekoena *Otxokote litzateke, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 159. orrialdean:
"Otxokote (Otxo(a)). Labaiengo 1726ko Ochocotenea oikonimoaren oinarrian dagoela dirudi."
*Otxokoto oinarria jatorra balitz, ez litzateke *Otxokote izenaren aldaera, azken honetan atzizkiak -ko eta -ot(e) lirateke, baina *Otxokoto izenean, batetik Otxoa oinarria, eta atzizkiak -ko eta -to lirateke. Dena dela, ezin da erabat baztertu hasieran *Otxokote izatea eta gero, lekukoak azaldu baino lehen *Otxokoto bezala agertzea.
Lekuko zaharretatik egungo aldaerara silaba bat galdu du, tarteko /ko/, ziurrenik azentuaren indarragatik, hurrengo silaban eragina izan du. Hala ere galera hori oso berria da, joan den mendearen erdialdean Otxokotenea bazelako.
Otxotenea toponimoaren azterketak ahalbidetu du izena bera argitzea, eta baita ere *Otxokoto antroponimo galdua berreskuratzea, toponimo hau delako *Otxokoto izenaren lekuko bakarra.

domingo, 30 de septiembre de 2018

Otxokoneko barrutia toponimoa

Toponimo hau nafarra da, Basaburukoa. Otxokoneko barrutia toponimoaren lekukoak ez dira ez asko ez oso zaharrak. Lehenengoa Ochoconea, 1908. urtekoa. Gero, 1993. urteko Ochokoneko barrótie.
Lekuko zaharrena hartu, Otxokonea, eta analisia eginez, Otxoko + -(r)en + -a izango genuke, Otsakane toponimoa bezala, baina toponimo nafarrak ez du bokaletan inolako aldaketarik jasan, eta horrek egiten du analisia argiagoa.
Otxoko antroponimoa zen, Otxoa antroponimo eta -ko atzizki txikigarriaz osatua. Barruti hitzak ez du zailtasunik, egun ere ezaguna eta erabilia delako.
Antroponimoaren erabilera batez ere nafarra izan zen, eta Basaburuko toponimo honek Erdi Aroko egoera horren ispulua bada.

Otsakane toponimoa

Otsakane Oiartzungo toponimoa da.
Oiartzungo toponimia liburuan informazio gehiago ematen dute, eta toponimoaren etimologiarako erabili beharreko datua:
"Otsokone. Parajea.
Otsakane ahoskatzen den arren, dokumentazioan -o- duten formak agertzen dira (Ochocone, 1827, OGPAR Lib H 594 Fol 69 Vto “Inmediato al paraje de Ochocone”). Karrikan dago, Artikutzako errepidearen gainean".
Beraz, Otxokone > Otsakane bilakaera gertatuko zen. Afrikatuaren grafia zaharra zalantzazkoa da, <ch> horrekin beharbada adierazi nahi zuten hor afrikatua bazela, ez nahi ta nahi ez egun <tx> bezala jarriko genukeena. Baina hori ez da ziurra. Aldaketa nabarmena bokaletan izan da, o-o-o-e > o-a-a-e, erdiko bi bokalak aldatu dira. Beharbada bat aldatu eta gero, asimilazioaz, bestea. Baina ez dago argi aldaketaren kausa. Lekuko zahar gehiago beharrezkoak lirateke.
Dena den, lehenengo lekukoak Otxokone/Otsokone bezala agertzen baziren, analisi errazekoak lirateke, euskal antroponimian bilaketa eginez gero. Otxoko antroponimo hipokoristikoa litzateke toponimoaren oinarria, eta -(r)en + -a. Blog honetako Otxoko toponimoaren oinarri bera, nahiz eta azken honek ez du ezer oinarriaz gain.
Hasieran etxea edo izango zen han, baina gero desagertuko zen eta gerora aurkintza bat izendatzeko erabiliko zen, gaur arte.

martes, 25 de septiembre de 2018

Otxoko toponimoa

Toponimo hau arabarra da eta bildu den lekuko bakarra G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan bada:
"OCHOCO, término en ayuntamiento de Aspárrena."
Dirudienez, antroponimo honetaz arduratu zen lehenengoa Alfonso Irigoien izan zen, bere Pertsona izenak euskaraz liburuko zati honetan bezala:
"3.265. OCHOCO: Ochoco, (1366, PN-XIV, F.Sang., 506 orr.), Racays de Suso-n; Rodrigo, yerrno de Ochoquo, (1350, PN-XIV, L.-Mon.Est., 366 orr.), Larrahona-n; Xemen Ochoquo, (1330, PN-XIV, F.Est., 273 orr.), Sesma-n; Xemen Ochoco, (1366, PN-XIV, F.Est., 628 orr.), Sesma-n, seguru asko pertsona berbera. Ikus OCHOA eta OCHANDO, eta baita-ere LOBO eta LOPE".
Berak eman zituen lekuko guztiak nafarrak ziren, baita Erdi Aroko beste agiri batzuetan agertzen direnak ere. Hala ere, antroponimoa Arabara ere hedatuko zen, Asparrenako toponimo hau lekukoa bada.
Egituraren aldetik ez du zailtasunik, Otxoa antroponimo eta -ko atzizki txikigarria lotuz Otxoko antroponimo hipokoristikoa genuke.

Otxoki toponimoa

Otxoki Donostiako etxe baten izena da.
Lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 393. eta 396. or.: Ochoqui.
Geroko informazioaren iturria Donostiako toponimia, 1995. urteko lana izan da, hauxe jarri zuten:
"OTXOKI: Ochoqui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Ochoqui (1864, Casa de labor, N.P.G., 39 orr.); Otxoki (1989, D.U.T.B.). 64-14-3, M. I-3.
Ochoqui Bonasategui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.).
*OTXOKI: Otxoki (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, M."
Beraz, ia 250 urteko lekukoak badira eta beti Otxoki agertzen da, bestelako aldaerarik gabe. Horrela, etxe izena izanik, egokia litzateke antroponimian egokiak izan daitezkeen kideak aurkitzea. Bada bat erabat egokitzen dena, Otxoki antroponimoa, Otxoa ezagunaren hipokoristikoa. Aipatzen lehenengo P. Salaberri da, bere Izen ttipiak euskaraz liburuan hauxe jarri zuelako, 139. orrrialdean:
"Otxoki (Otxo(a)). Errazkingo Ochoquirena (1594, Le.p. 1) eta Goizuetako Ochoquirena (XVII. m.), Ochoqui (XVIII. m.), Ochoquia (XIX. m.) oikonimoetan aurkitu dut. Urumearen ertzeko herrikoa Otxókì ahoskatzen da egun; Baraibarren Otxokinbórda dago orain (NTEM XLV, 104)".
Salaberrik eite bereko antroponimorik aurkitu ez bazituen, gutxienez badira bi lekuko, Erdi Arokoak. Lehenengoa Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo II (1480-1498) liburuan bada:
Ochoqui d’Iginiz, 1481. urtean, 5. agiria.
Hurrengoa urte gutxira agertu zen, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuan:
Ochoqui Belç, 1499. urtean, 1. agirian.
Erdi Aroko lekukoak gipuzkoarrak dira, eta toponimoa ere hangoa da, inguru berekoa. Badirudi antroponimo honek hedapen mugatua izan zuela, Gipuzkoako sortaldea eta honen Nafarroako eremua.
Antroponimoaren analisia, Salaberrik adierazi bezala Otxoa antroponimoa eta -ki atzizki txikigarria lirateke.
Beraz, Otxoki antroponimo hipokoristikotik Otxoki oikonimoa, etxe izena.

jueves, 20 de septiembre de 2018

Otsaita toponimoa

Otsaita Berrizko (B) toponimoa da.
Lekuko zaharrak baditu, Erdi Arokoak. Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo II liburuan bada bat, XVI. mende hasierakoa: Ochoa de Ochayta, 1504. urtean, 134. agirian.
Bilduma horretako hurrengo liburuan gehiago badira, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo III liburuan: Ochoa de Ochayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria. Beste grafia batekin ere badaude: Martin de Osayta, 1512. urtean, 166. agirian; Martin de Osayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria; Mari Ochoa de Osayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria.
Blog honetako Otzango toponimoa bezala, lekuko zahar batzuek <ch> erakusten duten bitartean, beste batzuetan <s> badago.
Hurrengo mendeetako lekukoetan <ch> bada, hala nola, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoak, XVIII. mendekoak:
"Ochaita [N, TO]
Ochaitta (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochayta (la casa de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochaita_Veytia (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.
Ochayta_Ueytia (la casa de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochayta_Veittia (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochaita_de_Suso (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs."
Beraz, toponimo honen lekukoek bost mende bete dituzte, baina ziurrenik toponimoa mende batzuk zaharragoa izan daiteke, ohi den bezala.
Analis etimologikoa egiteko, argi samar dago bi elementuz osaturik dagoela, otsa- eta -ita, lehenengoa otso izenaren edo Otxoa antroponimoaren eratorpeneko aldaera, bestea izan liteke -eta atzizki ezagunaren aldaera, eta gero aldaketa gertatu zen: *Otsaeta > Otsaita.
Beste aukera bat, atzizkia -ita izatea, adibidez gaztelaniaz ohiko txikigarria bada, casa > casita... Horrek ez luke eskatuko inolako aldaketarik: Otsa- 'otso/Otso' + -ita > *Otsaita antroponimo hipokoristiko emakumezkoa, Otxoeta bezala.
Beharbada *Otsaita bazen Otxoeta antroponimo ezagunaren aldaera, zaharragoa. Horrek azalduko luke otsa- erabiltzea, Otxando antroponimoan bezala, cf. blog honetako Otsandola eta Otsondoa toponimoak. Edo Otxango antroponimoa, Otxango eta Otzango toponimoen sortzailea izana.
Beste aldetik, aipagarria da <ch> eta <s> grafien agerpena, horrek adieraz lezake lehenagoko ahoskeraren afrikatua <ts> zela, hala bazen ere Otsoeta toponimo bizkaitarrean ere.
*Otsaeta edo *Otsaita ustezko antroponimoak galdu ziren eta ez da lekukorik geratzen Otsaita toponimoa baizik.
Hala izan bazen, Otsaita toponimoaren etimologia argitzeaz gain, antroponimo galdu baten aztarren bakarra izango genuke.