2024(e)ko maiatzaren 24(a), ostirala

Bartolomesolo toponimoa

Arabako toponimo honetaz XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

BARTOLOMESOLO, 1712, heredad en Echabarri Urtupiña.
Toponimo honek antz handia du Arabako beste toponimo batekin, Bartolosolo toponimoarekin. Biek egitura bera dute, eta elementuak ere berdintsuak dira, Bartolome antroponimoa eta solo izen arrunta, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Bartolome eta Bartolo izen bera dira, baina azken hau laburturik gertatu zen. Antroponimo honetaz informazio gehiago Bartolosoloren sarreran.

2024(e)ko maiatzaren 21(a), asteartea

Bartolosolo toponimoa

 Bartolosolo da Iruraiz-Gaunako aurkintza bat. Toponimo eratorri bat dago, Bartolosoloetxoste aurkintza. XIX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

BARTOLOSOLO, 1879, labrantío de Arrieta.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, aldaketarik gertatu ez direlako eta dauzkan bi elementuak aski argiak direlako, Bartolo antroponimoa eta solo izen arrunta, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Bartolo toponimoaren sarreran informazio gehiago dago antroponimo honetaz.

Bartolo toponimoa

 Bizkaiko Ibarrangelu herriko toponimo honen lekuko bakarra dago, XVII. mendekoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Bartolo [N, TO]
Bartolo (la casa de), Ybarranguelua 17.1641, FogVizcayaMs.
Toponimoan antroponimo huts bat dago, Bartolo, Bartolome osoagoaren aldaera euskal lurraldean ezaguna, eliza kristauraren eraginez. Antroponimo honek hainbat aldaera ditu, baita eratorri hipokoristiko batzuk, toponimiara igaroak ere, Bartolotxonea eta Bartolotxuena toponimoetan bezala. Bestelako da Bortoluanea toponimoa, bere oinarrian *Bortolo aldaera omen dagoelako, lekukotutako Bertolotik abiaturik, beharbada.

2024(e)ko maiatzaren 17(a), ostirala

La Bernardina toponimoa

 La Bernardina da Oiongo tontor bat, Arabako hegoaldean. Erdaraz Alto de la Bernardina izena du, aldaerarik gabe. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa gardena da, gaztelaniaz osatua da eta antroponimo hipokoristiko bat dago, Bernardina, Bernarda antroponimo emakumezkotik sortua eta ondoren -ina atzizki txikigarria du, hipokoristikoa sortzeko. Izen bera Gipuzkoako Doñabernardina toponimoan dago, Oiartzunen.
Azkenik, aipagarria da antroponimoak la artikulua aurrean duela. Joera dago batzuetan pertsona izenekin ere artikulua erabiltzea eta joera hori euskarara ere zabaldu zen, baina oso neurri apalean. Gaztelaniaz ere ez da ongi ikusia arrunkeriatzat hartua delako.

Urtzaile hitzarekin sortutako toponimoak

 Joan diren mendeetan ohikoa zen burdinoletan lan egitea. Lan ezberdinek lanbide ezberdinak sortu zituzten, tartean urtzaile izenekoa:

1. (-ille V, G; Urt III 419; -alle Lar, Añ), urtzailla (V), urtzale (L, B), urzale. Ref.: A (urtzailla).
"Fundidor" Lar, A. "Herrero, otro que llaman fundidor" Lar. "Refinador" Ib. "Herrero, el fundidor" Añ. "Fondeur (de cloches, etc.)" Lh. Cf. Lar Cor 71: "El otro acercándose a la fragua con una palanca gruesa y larga de hierro, [...]; llámase urtzallea, fundidor, derretidor".
Lanbide izen hori toponimiara iritsi zen eta Gipuzkoan aurkitu dira oinarri hori duten toponimo batzuk, Urzelategi, Astigarragakoa; Urtzallekoa, Oñatikoa; Urtzallenea, Berastegikoa, Urtxalle, Zumaiakoa eta Urtxallezar, Oiartzungoa.

2024(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea

Bernardaenea toponimoa

Bernardaenea da Lasarte-Oriako etxe bat, egun desagertua. Izendegi ofizialean ahozko lekuko batzuk daude, 2018. urtekoak: bernárdaeníà, bernardaenía, bernárdà, bernardanéa eta bernardaenéà. Aldaera horiek erakusten dute toponimoa bizirik dagoela eta dauden ezberdintasunak oso azalekoak dira. Aipagarria da behin Bernarda agertzen dela, antroponimo hutsa. Azken elementuak -(r)en eta -a dira, eskualdeko euskarak aldatua. Oinarriko Bernarda antroponimoa da, emakumezkoa, Bernarda toponimoan ere dagoeena.

Urtxallezar toponimoa

Urtxallezar da Oiartzungo etxe baten izena, baina izen nagusia Doñabernardina da. Oiartzungo toponimia liburuan aipatua da:

Doñabernardina. Baserria.
Urtxallezar bezala ere ezagutzen da.
Informazio gehiago ez dago, ez lekuko zaharrik, ez besterik. Hala ere, izena analiza daiteke, dagoen bezala. Toponimoak bi elementu ditu, bukaeran zar, zahar hitzaren hegoaldeko aldaera, hasperena galdu ondoren bi bokal berdinak batu ziren, bilakaera hau erabat arrunta da hasperena galdu duten hitzekin. Bestea interesgarriagoa da, urtzaile hitza delako, olagintzako lanbide bat adieraztekoa. Gipuzkoan hitz hori ez zen batere ezezaguna izan, lekukotza toponimikoa ere ez da txikia, Urtxalle toponimoa lekuko, beste batzuen artean.