sábado, 29 de mayo de 2021

Altamugarri-Artamugarri toponimoa

 Altamugarri izena Errenterian zegoen, egun hiru toponimo eratorriren bitartez ezaguna: Altamugarribekoa, Altamugarrierdikoa eta Altamugarriko erreka.
Bestelako informazioa ematen du Errenteriako udalak, Artamugarri toponimoaren orrian hauxe adierazten dute, ohar batean:

Artamugarri izeneko gunean sartzen dira izen bereko baserriak nahiz euren inguruko lur-eremuak. Gune menditsuan kokatuta dago, hirigunetik urrun, Aldura mendiaren oinetan, eta mendeetan zehar erreferentziazko toponimo izan da. Etimologiari dagokionez, bi osagaiak argiak direla dirudi: arto (artatxiki hasieran, oraintsu arto) eta mugarri. Oso ohikoa izaten da, gaztelaniaren eraginez akaso, izenaren lehenengo r hizkia aldatzea eta Altamugarri okerreko forma ematea.
Horretaz gain, agiri zaharretako lekukoak aurkezten dituzte, Artamugarri (1786) zaharrenetaik hasirik. Ondoko hamarkadetan berdin jasorik dago, baina aldaketa ikusten da 1932. urteko Altamoarri lekukoarekin. Hurrengo urteetan Altamugarri eta Artamugarri aldaerak agertzen dira. Egun, bere ahozko aldera Artamuarri da.
Bi dira azaltzeko izenak, Artamugarri eta Altamugarri. Lehenengoa jatorrena litzateke, lekukotza zaharra duena eta bestea, Altamugarri, berriagoa. Disimilazio bat jasan du, r-rr > l-rr. Hau ez da fenomeno ezezaguna, esaterako Algorta toponimoan gertatua da. Gerta liteke gaztelaniaren eraginez izatea, baina hori ez da beharrezkoa. Euskaran bertan gertaera ohikoa delako.
Beste kontu bat da zein aldaera normalizatzea. Badirudi Artamugarri, zaharrena izateaz gain egun ere erabilia dena, Artamuarri aldaeraren bidez, bokalarteko /g/ galdu duena. Hau ere oso fenomeno zabala da ahozko toponimoekin.
Toponimoaren jatorria artamugarri hitzean bilatu beharra dago. Orotariko Euskal Hiztegian agertzen ez bada ere, saroien erdiguneko mugarria izendatzen du, hala azaltzen da Los seles de Busturialdea-Urdaibai. Paisaje, cultura y etnografía liburuan, 33. orrialdean:
Los mojones centrales también reciben diferentes nombres, y así, además de ser conocidos con los nombres de mojón centrical o centro de selva en castellano y artamugarri en euskera, han sido nombrados también con los términos romances hoguera, hogar y piedra cenizal, así como con las voces euskaldunes austarri (en zonas como Gamiz y Morga), austerretza, austerritza, o kortarria (en la zona de Berriatua). También en algunos textos aparecen con el nombre de suçançarri. En estas diferentes denominaciones se hace de nuevo patente la relación de los seles con el fuego.
Beraz, artamugarri egon zeneko lekuak izen hori hartuko zuen, leku horretan elementu adierazgarria izango zelako.
Badago beste zerbait eransteko artamugarri izenaz, duen egitura ezohikoa delako, erdiko mugarria izendatzeko arteko mugarri izena erabili zelako, arta- 'arte' eratorpen aldaeraren bitartez.

viernes, 28 de mayo de 2021

Nafartxe toponimoa

 Pasaiako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVII. mende hasierakoa, Pasaiako toponimia liburuan dagoena, 145. or.:

 Hemen aurkeztuko den analisi etimologikoak beste bide bat hartuko du, ez da, liburuan adierazten den bezala, nafar + etxe hitzen elkarketatik. Toponimo osoa antroponimo bat da, zehatzago, hipokoristiko bat, Nafartxe, Nafar antroponimoaz eta -txe atzizkiaz osaturik dagoena. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan bada Erdi Aroko lekuko bat, 210. orrialdean:
Nafartxe (Nafar, Nafarra): Nafarche, «el fijo de Nafarche» (Oñ., 1489, Zu., 1994, 34, 244 eta 259. or.).
Beraz, Pasaiako Nafartxe litzateke antroponimo honen lekuko toponimiko bat, beharbada bakarra, hau ere.

Periquete toponimoa

 Periquete izeneko aurkintza Araban dago, Lantziego herrian. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa nahiko argia da, eta aldaketa larririk gertatu ezean, hemen aurkeztuko den etimologiak ez luke arazorik izango.
Toponimoa erdaraz sortuko zen eta badago gaztelaniazko hitz bat homofonoa dena, periquete 'denbora tarte oso laburra', baina alde semantikoan ez litzateke egokia. Hala ere, antroponimian bada Periquet(e) hipokoristikoa, eta honek ez luke inolako arazorik izango, bi alderdiak, formala eta semantikoa, betetzen dituelako.
Euskaraz ere ezaguna da antroponimo hau, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badira izen honen hainbat lekuko, 122. or.:

Periket (Per, Pero, Peru). Soraurengo Periquetena oikonimoan azaltzen zaigu (1589, Ih.p., 2, 1605, 1606, Ue.p., 42; 1726an Periquitenecoa ageri da). Saurak Benasquen (1999-2000: 174) Petriquet bildu du.
Antroponimoak bi atzizki izango lituzke, -ico eta -et(e). Euskaraz ere sortua izan zitekeen, baina erdararen lekukoek erakusten dute antroponimo honen hedapena handiagoa zela eta bere jatorria, beharbada, iparraldean bilatu beharra dago.

martes, 25 de mayo de 2021

Udiarraga toponimoa

 Udiarraga izena Ugaokoa da, Bizkaikoa. Auzoa da, baserria, eta tontorra ere bai. Azkenik, bada Udiarragako iturria izeneko erreka.
Toponimo honen lekuko zahar batzuk badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Udiarraga [N, TO]
Vdiarraga (la casa de nuestra señora de) [Villa y Rabales (casco de la y sus)], Miraballes,
a.1745, FogVizcayaMs.
Vdiarraga (la casa de) [Arilza (varrio de)], Santo_Tomas de Olabarrieta, a.1745,
FogVizcayaMs.
Toponimoak ez du aldaketarik jaso azken 250 urteetan eta ziurrenik, askoz lehenagokoa da.
Udiarraga dagoen bezala iluna da, nahiz eta bukaeran -aga atzizkia izan. Hasierakoa ulertzeko, aldaketa txiki baten beharra dago, disimilazio bat, hau da, bi fonema berdinak edo oso antzekoak bereiztea, ezberdintzea. Zehatzago, garai batean bi dardarkari izan ziren eta disimilatu ziren: r-r > d-r. Atzeranzko urratsa egin eta *Uriarraga izango genuke eta orduan banaketa egin liteke: ur + ihar + -aga. Bitxia ematen du hain aurkari diren hitzak loturik ikustea, ur eta ihar. Baina hori ez da ezinezkoa, Lasiar toponimoa adibidea, lats 'erreka' + ihar delako. Edo, Gasteizko Errekaleor auzoa.
Aipatutako disimilazio hori zaharra da, ez da batere ohikoa toponimian baina hitz arruntetan badira ale gutxi batzuk, oso ezagunak: edur 'elur', bedar 'belar'... Dirudienez, aspaldian hitz hauek *erur, *berar ziren baina aldatu ziren disimilazioaz eta euskararen eremu gehienean r-r > l-r gertatu bazen ere, sartaldean r-r > d-r gertatu zen.

Beraxa antroponimoaz, laburpena

 Azken hilabete hauetan agertu dira toponimo batzuk Beraxa antroponimoaz osaturik zeudenak. Sarrera honetan toponimo horiek zerrendatuko dira, azalpen labur batekin. Azalpen osoagoak sarreretan daude.

1. Beatxurtu toponimoa, Bergarakoa. Aldaera zaharrena Berasiartu da eta horretan egitura argia du: Beraxa antroponimoa eta ihartu partizipioa.

2. Berasagasti toponimoa, Gipuzkoakoa.
Beraxa antroponimoa eta sagasti izena. Bi hitzak batzerakoan haplologia gertatuko zen, eta antroponimoaren azken silaba eta izen arruntaren lehenengoa, ia berdinak zirenak, batu ziren.

3. Berasarrate toponimoa, Arabakoa. Beraxa antroponimoa eta harrate izena.

4. Berasarte toponimoa, beharbada Segurakoa. Beraxa antroponimoa eta arte hitza. Toponimoaren elementuak nahiko argiak dira, baina esanahia ez hainbeste.

5. Berasibia toponimoa, Tolosakoa. Beraxa antroponimoa eta ibi izena.

6. Beratxategi toponimoa, Mundakakoa. Zalantzarako lekua dago, *Beratxa hipokoristikoa? Hala balitz Beraxa antroponimoaren eratorria litzateke.

7. Beretxaga toponimoa, Ugaokoa. Egun izena iluna da, baina Erdi Aroan Berasaretxaga zen:
Beraxa, (h)aretx 'haritz' izena eta -aga atzizkia.

8. Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoak, Bizkaikoak. Hauetan Beraxa antroponimoak praenomen bat izango zuen, Jaun, beste antroponimo batzuetan ere agertu ohi dena.

sábado, 22 de mayo de 2021

Ausparozaga toponimoa

 Galdakaoko toponimo honetaz hainbat lekuko badira, XVI. mendetik hasita.
Lehenengo lekukoa Testamentos del bachiller Gaspar de Isasi izeneko agirian dago, 1547. urtekoa dena:

... con la mitad del sel llamado Cortachin que es en Gumucio, que confina con el sel de Ausparozaga, de todos mis bienes, conforme al fuero de Vizcaya.
Hurrengo bi lekukoak, bata XVII. mendearen hasierakoa da eta bestea, data gabea, egungoa izan liteke, Relación toponímica general de Galdácano izeneko lanean bilduak, 478. or.:
Ausparozaga: 1607, sel de la zona de Urgoiti.
Auspolazaga: [Ausparozaga]. Heredad y monte. Zona de Gumucio.
Analizatzeko hitza Ausparozaga litzateke, bestea, beranduagokoa da eta, antza denez, toponimoaren berranalisia gertatu da, hauspo + ola + -tza + -aga bezala geratuz, beharbada hasierako elementua ilundurik geratu zelako.
Toponimoak bi elementu lituzke, azkena -aga atzizkia da eta hasierakoa hauspo eta arotz hitzekin sortutako *(h)ausparotz hitza litzateke. Egitura berdintsua Asporoza toponimoak izango luke, baina izen honetan bukaeran -a artikulua izango zen.
Ez dira aipatutako toponimo hauek hauspo hitza duten bakarrak, Auspagingoa toponimoa ere aztertua izan da blog honetan, baina honek hauspogin hitza izango zuen oinarrian.

Aldamin toponimoa

 Aldamin izeneko tontorra Orozko eta Zeanuri artean dago, Bizkaian.
Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, toponimoaren elementuak nahiko argiak dira, baina azalpen bat merezi dute, bigarrena toponimian batere ohikoa ez delako. Hasierako elementua alda- 'alde' litzateke. Dirudienez, aldats eta aldapa bezalako hitzen erroa hauxe litzateke, Aldapita toponimoan bezala. Azken elementua min hitza litzateke, mingarri, gogor, latz adierarekin. Normalean gogor edo gaitz hitzak agertu ohi dira toponimian, adiera horretarako, baina Aldamin toponimoan, antza, min izan zen hitz aukeratua.