Udiarraga izena Ugaokoa da, Bizkaikoa. Auzoa da, baserria, eta tontorra ere bai. Azkenik, bada Udiarragako iturria izeneko erreka.
Toponimo honen lekuko zahar batzuk badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
Udiarraga [N, TO]Toponimoak ez du aldaketarik jaso azken 250 urteetan eta ziurrenik, askoz lehenagokoa da.
Vdiarraga (la casa de nuestra señora de) [Villa y Rabales (casco de la y sus)], Miraballes,
a.1745, FogVizcayaMs.
Vdiarraga (la casa de) [Arilza (varrio de)], Santo_Tomas de Olabarrieta, a.1745,
FogVizcayaMs.
Udiarraga dagoen bezala iluna da, nahiz eta bukaeran -aga atzizkia izan. Hasierakoa ulertzeko, aldaketa txiki baten beharra dago, disimilazio bat, hau da, bi fonema berdinak edo oso antzekoak bereiztea, ezberdintzea. Zehatzago, garai batean bi dardarkari izan ziren eta disimilatu ziren: r-r > d-r. Atzeranzko urratsa egin eta *Uriarraga izango genuke eta orduan banaketa egin liteke: ur + ihar + -aga. Bitxia ematen du hain aurkari diren hitzak loturik ikustea, ur eta ihar. Baina hori ez da ezinezkoa, Lasiar toponimoa adibidea, lats 'erreka' + ihar delako. Edo, Gasteizko Errekaleor auzoa.
Aipatutako disimilazio hori zaharra da, ez da batere ohikoa toponimian baina hitz arruntetan badira ale gutxi batzuk, oso ezagunak: edur 'elur', bedar 'belar'... Dirudienez, aspaldian hitz hauek *erur, *berar ziren baina aldatu ziren disimilazioaz eta euskararen eremu gehienean r-r > l-r gertatu bazen ere, sartaldean r-r > d-r gertatu zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario