Ameri izeneko toponimoa badago Donostian eta Berastegin, beraz, toponimo gipuzkoarra da. Donostian Ameri izeneko erreka dago, eta baditu bi toponimo eratorri, Ameribea eta Amerigoia, biak baserri izenak. Berastegin, aldiz, Amerialde izeneko auzo bat dago.
Donostiako toponimo hauen lekuko zaharragoak badaude Donostiako toponimia (1995) izeneko lanean:
AMIRI BEHEA: Amiri behea (U.T.); Ameri-bia (1989, D.U.T.B.). 64-28-2, m. B-6.
AMIRIERREKA: Amiri erreka (U.T.), Ameri-erreka (1989, D.U.T.B.). 64-28-5, K. A-6.
AMIRI GOIA: Amidia-goya (22) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Amiri goia (U.T.); Ameri-goya (1989,
D.U.T.B.). 64-28-2, m. B-6.
Toponimoaren oinarrian badaude aldaketa batzuk, bi fonematan eragina izan dutenak, batetik erdiko silabako bokalean, e/i txandaketa dagoelako, bestetik azken silabako dardarkariari dagokiona, r/d txandaketa delako. Azken hau ezaguna da, batez ere, Gipuzkoan gertatzen delako. Adibidez, Agaratxonea toponimoa *Agadatxo izango zen garai batean, gerora /d/ gailendu bazen ere.
Lehenengo txandaketak interesa badu, izan ere, hemen proposatuko den etimologiaren arabera, bokal hori jatorrian /e/ zelako, gerora /i/ lehian izango zen, asimilazioaren bitartez: e-i > i-i.
Etimologia aurkitzeko, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan badago aipu labur bat Ameri toponimoa azaltzeko gakoa dena:
599. — *zaldu, zaltu. La última var. en ronc. «arboleda donde sestea el ganado»: Zaldo, Zaldu, Zaldua, Zaldualde, Zalduegui, Zalduendo (top. Zalduhondo en Al., 1025); final en Imirizaldu, quizá con un antropónimo (Aimery, Emery).Aipatzen duen Aimeri, Emeri ongi egokitzen zaio toponimoari, nahikoa litzateke hasierako silabaren diptongoa soiltzea, eta hori ez da fenomeno ezezaguna euskal toponimian, esaterako, Azpeitia herri izenaren hasierako elementua haitz delako.
Laburbilduz, Aimeri, Emeri antroponimoa igaro zen Donostian toponimoa izatera, beharbada hasieran etxe izena, eta ondoren hedatua, Ameribea eta Amerigoia izenek erakutsiko luketen bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario