Txantonsolo toponimoa Bizkaikoa da, Ea herrikoa. Eako mapa toponimikotik jasoa da.
Lekuko zaharrik ez dago baina toponimoaren egitura gardena da eta, beraz, aldaketa larririk gertatu ez bada, hemen proposatuko den etimologia egokia izan daiteke.
Toponimoak bi elementu lituzke, txanton- eta solo. Azken hitza soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera da, baina interes handiagoa du lehenengo zatiak, Txanton antroponimo hipokoristikoa delako. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badago, 58. or.:
Anton (Anton Koko ‘Antonio el arriero’, Euskaldunak, 142) -> Txanton: Chanton (Ber., c. 1550, Del Valle, 1933: 179), Txanton Piper (Garoa, 288), Txanton Pipir (Euskaldunak, 102).Beraz, Anton > Txanton aldaketa gertatu da, hipokoristikoa dela erakusteko palatalizazioaren eransketa izan da hitz hasieran, Txandre antroponimoari gertatu bezala, hutsetik palatala gehitua delako.
Antonen hipokoristikoa Antxon izan ohi da, eta ikus daitekeenez, palatala herskari horzkarian kokatu ohi da.
Beraz, Anton izenak bi hipokoristiko izan ditu, gutxienez, bietan palatala jaso du, batean hitz hasieran, Txanton izenean, eta bestean hitz barruan, Antxon izenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario