lunes, 24 de enero de 2022

Burgalaitz eta Burgalmendi toponimoak

Biak Arabako leku izenak, beharbada hori esanguratsua izan daiteke analisi etimologikoa egiteko orduan.
Burgalaitz da Donemiliagako tontor baten izena, lekuko zaharrik ez da eskuratu baina toponimoa, arazorik gabe, bi zatitan bana daiteke: burgal- eta haitz.
Burgalmendi toponimoa bi lekukoren bitartez ezaguna da, zaharrena Erdi Arokoa da eta Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuko B24 izeneko agirian, 1493. urtean dago:

E que, otrosy, los de Axpuru en los dichos montes de Mendieta que non corte madera nin fagan tala, pero desde la estada de Mendieta commo va el camino arriba a Oñati por la esquina arriba derecho a Osaculoeta, dexando al monte e terminos a man esquierda a lo otro de Larrea e de Heredia como esta amojonado delante Arrilucea a Burgalmendy fasta el ryo de Vrdaola se parte el termino de Axpuru e Mendieta...
Dirudienez, toponimoa bizirik zegoen XX. mendearen erdiko aldean, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan agertzen delako, zerbait aldaturik:
BURGAMENDI, alto de Larrea.
Lekuko zaharrak lehentasuna badu, Burgalmendi da aztertzeko izena. Burgamendi, ongi jasorik badago, albokoaren galera jasan omen du. Fenomeno hori ez da ohikoa, baina aleren bat ezaguna da, mutiko izenaren aldaera zaharrena mutilko da, hau da, mutil + -ko, atzizki txikigarria.
Burgalmendi aldaera jatorrena bada, burgal- + mendi bezala analiza daiteke. Beraz, bi toponimoetan burgal- hasiera dago, ezezaguna. Bada, dena den bilakabide ezaguna euskarazko hitz batzuen eratorpenenan, bukaerako silaban dardarkaria badago, alboko bihurtzen da, cf. euskara > euskal-. Fenomeno bera blog honetako Gazalbide toponimoan gertatuko zen, gatzari > ga(t)zal- bilakaera izan zelako. Beraz burgal- aldaeraren atzeranzko urratsa egin eta burgari hitza ager daiteke, euskarazkoa izan arren euskal testuetan agertu gabe dagoela:
(burgari).
Onom.: Con la vinna de Domingo Burgari. (1283) Arzam 186 (y Domingo Burugari en el mismo doc.) Johan Burgari. (1366). Ib. 186.
"Burgare, vecino que hace por renque la guarda del ganado y prenda en los panes (Cerio, 1634) [...] burgari (Junguitu)" LzG. "Vecino que gratuitamente turna como guarda de campo en los lugares pequeños" Baraib Voc (ap. DRA). "Burgari, guarda rural, guarda de campo" PMuj. Cf. burgu.
Hitz horren egitura argia da, burgu > burga- + -ari > burgari. Eta, ikertutako toponimoek erakusten dutenez, burgari > burgal- bilakaera izan zen. Toponimoak eta hitzaren lekukoak bat datoz erabilera eremuari dagokionez, emandako etimologiak sendotuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario