lunes, 27 de junio de 2022

Pastagintxonea eta Pasterone toponimoak

Pastagintxonea da Berastegiko baserri bat, badu toponimo eratorri bat, Pastagintxoneko borda.
Pasterone da Berastegiko baserri baten izena.
Luis Maria Mujikaren Berastegiko toponimia (azterketa lexikala eta dokumentala) lanean bi toponimoak aipatuak dira:

PASTAGINTXONEA EDO IRARAZABAL
Ekialdeko etxea, C.HIP. (OGPAR) 1847 urtea. (197)
PASTAGINTXONEKOBORDAONDOA
Herri bereko soroa, C.HIP. (OGPAR) 6 lib. 598 zenb. 540 or., 1851 urtea.
PASTERONEA
Herri bereko baserria, erreg. 23.136.18.
Eta oin-ohar batean etimologia ematen du:
(197) Pastagintxonea edo Irarazabal etxea. Gure ustetan Pastagintxonea ez da ondorengo Pasteronea izenaren euskal formula baina, hots, pastagin- (-gin atzizkiaz, okin, ikuzkin hitzetan bezala) «pastelero» -ren ordaina. «.. dentro de los dos primeros años pagándole en el interim el interés de tres por ciento y para su responsabilidad ha hipotecado la casa nombrada Pastaguinchonea con sus pertenecidos sita en Berastegui» (C.HIP. (OGPAR) 3 lib. orokorra, 94 zenb. 60 or., 1847 urtea).
Ikus daitekeenez bezala, bi toponimoak lotzen ditu, eta horretan gure ustez zuzen dago, baina ez emandako etimologian. Izan ere, Orotariko Euskal Hiztegian hitzak daude, bastero eta bastagin, biek oso sarrera laburra dutenak:
bastero.
bastero. "Albardero, basteroa" Lcc. v. bastagin.

bastagin.
bastagin (Lar, Añ, Hb, A). "Albardero" Lar y Añ. "Bastero" Lar.
Bi hitzak sinonimoak dira, batak erdal atzizkia du, bastero gaztelaniazko hitza osorik jaso delako:
1. m. Fabricante o vendedor de bastos (|| aparejos o albardas).
Beste hitzean -gin atzizkia gehiturik sortua da. Baina esanahiak ez du loturarik gozogintzarekin, abere batzuei zama gaineratzeko tresneriarekin baizik.
Nabarmentzekoa da bi toponimoetan ahoskabetasun asimilazioa gertatu dela: b-t > p-t. Bi herskariak ahoskabe gertatu dira. Hau fenomeno ohikoa da, horrela piztu aditzean biz(i) + -tu baino ez dago.
Azkenik, aipagarria da herri berean bi hitz sinonimo izan zirela eta biak toponimo sortzaile izan zirela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario