Amordiko tontorra da Arrasate eta Oñatiren arteko bizkarra, hegia. Toponimo hori Arrasateko toponimia liburuan dago, 254. or.:
Ikus daitekeenez, ez du lekuko zaharrik eta horrek kentzen dio ziurtasuna analisi etimologikoari. Hala ere, hemen aurkeztuko da proposamen bat. Bukaeran tontor hitza dago, ohikoa sartaldean. Oinarrian proposatuko denak zailtasun gehiago baditu, hitz eratorri bat dagoelako, *amordi, harmora izenaz eta -di atzizkiaz osatua. Harmora eta -di elkartzean bi aldaketa gertatu ziren, oinarriaren bukaerako bokala galdu zen, hiru silabako hitzetan gertatzen den bezala eta disimilazio bat, bi dardarkari zeuden eta lehenengo dardarkaria galdu zen: harmora + -di > *(h)armordi > *(h)amordi.Harmora hitza gehiagotan izan da hizpide blog honetan, Armora toponimoak aztertzean eta Almortza eta Almortzategi toponimoekin. Hauetan harmora eratorri zen baina atzizkia, -di izan beharrean, -tza izan zen eta disimilazio bat gertatu zen, baina lehenengo dardarkaria ez zen galdu, aldatu zen alboko bihurtuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario