lunes, 22 de mayo de 2023

Matxizena toponimoa

 Matxizena da Bizkaiko toponimo bat, Gorlizko toponimia liburuaren 468. orrialdean dago informazio ugari toponimo honetaz, analisi etimologiko bat eta lekuko zaharrak, XVIII. mendetikoak:

Lekuko zaharrenaren transkribapenean ezberdintasun bat dago, liburuan Machirena dagoen bitartean, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan Matxizena dago:
Machicena [N, TO]
Machizena (la casa de) [Gandias (varrio de)], Gorliz, a.1796, FogVizcayaMs.
Gorlizko toponimia liburuan erabilitako edizioa Jaime de Kerexetarena da, Fogueraciones de Bizkaia del siglo XVIII. Beraz, lekuko beraren bi transkribapen ditugu. Kontuan izanik egungo izena eta lekuko gehienak, litekeena da kasu batzuetan grafian gaizki ulerturen bat izatea, <z> zena <r> bezala irakurriz. Hala izan bada, aztertzeko izena Matxizena litzateke, eta argi dago bukaeran -(r)en + -a dagoela, ohikoa etxe izenetan. Oinarriko Matxiz- antroponimoa izan daiteke eta badago oso izen antzekoa P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 181. orrialdean:
Matxis (Matxi): Machis de Liçarraga (Oiar.al., 1474, C. & C. & G., 1997, 59, 25. or.), Machis d’Olays (ibid., 62, 35. or.), Machis d’Ardoys (ibid., 1478, 69, 56. or.).
Matxis ongi egokituko zen, jakinik euskararen sartaldean txistukari neutralizazioa oso aurreratua zegoela XVIII. mendean, eta hori jakinik batzuetan hiperzuzenketak gertatzen ziren, *Matxisena jatorrizkoa zuzendu eta Matxizena sortu. Beharbada patronimikoa zela uste zuten eta horrela txistukaria "zuzendu" zuten.
Oinarria Matxis bazen, oinarrian Matxi hipokristikoa izango zen, hau ere hipokoristikoa, Marti antroponimotik eratorria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario