viernes, 28 de julio de 2023

Landaruzgana toponimoa

 Landaruzgana da Bediako zapalda bat. Lekuko zaharrik ez dago eta horrek oztopatzen du analisi etimologikoa. Gainera, toponimo honetan aldaketa batzuk gertatuko ziren eta, beraz, hemen proposatutakoa hipotesitzat hartu beharra dago.
Toponimoak lau elementu izango zituen, azkena artikulua, aurrekoa gan, gain hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Geratzen da hasierakoa, landaruz-. Lehen elementua landa izena litzateke baina bigarrenean aldaketa batzuk geratu dira eta han zegoen hitza oso aldaturik geratu da. Litekeena da tarteko elementu hori luze izenondoa izatea. Lehenik landa + luze elkarketa izan zen: *Landaluze. Gero, hurbil zegoen gain bat izendatzeko lehenago sortutakoa hartu zuten eta gan erantsi, baina orduan aldaketa batzuk gertatu ziren, azken bokala galdu zen, hori hiru silabako hitzetan ere ohikoa da: itsasgizon, itsas- 'itsaso' + gizon. Honetan ere berdin gertatuko zen eta *Landaluz- sortuko zen, baina bi alboko hitz berean zeuden eta disimilazioa gertatu zen eta bat dardarkari bihurtu zen, horrela, *Landaruz- agertu zen. Ez da ohikoa bi alboko hitz berean izatea, baina dardarkariekin askoz arruntagoa da eta orduan bi dardarkarietatik bat alboko bihurtzen da, cf. Algorta, Bizkaiko herri izena.

Eguneraketa (2024-03-22):
Izendegi geografiko ofizialean lekuko zahar bat dago, XIX. mendearen erdialdekoa, Landaruzgana (1862). Ez da oso zaharra baina, behintzat, lekuko horrek erakusten du duela bi mende izen bera zuela. Etimologiari dagokionez, proposatutakoa dagoen bezala geratzen da, baina lekuko zaharragoak beharrezkoak lirateke etimogia hori sendotzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario