viernes, 21 de julio de 2023

Mirubia toponimoa

 Aizarnako baserrien artean Mirubia izenekoa dago. Gainera, bada Mirubiagain izeneko tontorra, herri berean. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

MIRUBIA (prop.), Azkizu ballara, Getaria
Aizarnazabalen XIX. mendeko lekuko bat zegoen 1864 urte inguruko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuan, 617. or.: Mirúbia.
Erdi Aroko lekukoak izan daitezkeenak daude Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan, bertan Miurubia eta Miurabia agertzen dira. Biak daude 34. agirian, 1499. urtean:
En la villa de Fuenterrabia, a veynte días del mes de novienbre de nobenta y nuebe años, en presençia de mí Martín Díaz de Miurubia, escrivano de Cámara de Sus Altezas y del número de la villa de Çumaya,
[...]
Testigos los dichos Juango de Miurabia y Domingo de Liçaola dicho Orio, vezinos de Guetaria.
Hiru izenak loturik badaude adieraziko luke hasierako diptongoa galdu dela mendeen joanean. Miurabia aldaeran oinarriko izena ia osorik gordeko zen baina Miurubiaren oinarriaren azken bokala galduko zuen, bigarren elementuaren eraginez.
Hamarkada batzuen geroagokoak dira Dokuklik web-guneko lekukoak, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituena. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVI. mendearen bigarren erdikoak dira eta Mirubia dago, egun bezala:

Toponimoak bi elementu lituzke, mihura hitza eta ubi, ibi ezagunagoaren aldaera zaharragoa. Mihura hitzaz, blog honetan Miura toponimoan hitz bera dago, beste ezerekin gabe.
Azken oharra Mirubiagain izenaz. Antza denez, toponimo zaharraren artikulua gorde da, ez dago *Mirubigain izenik. Horrek, beharbada, adieraziko luke toponimo honen antzinatasuna handia ez dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario