martes, 30 de abril de 2024

Ballestagin toponimoa

 Ballestagin da Andoaingo baserri bat, toponimo eratorri bat du, Ballestagingo erreka. Andoaingo toponimia liburuan, lekuko zaharrak eta informazio osagarria dago:

Lekuko zaharrenak kontuan izanik, aldaera osoena Ballestagin izan daiteke. Ondoren, bokal arteko herskari belarea galdu zen eta birranalisiak hasi ziren, *Ballestarain izen berreraikian oinarriturik. Ballestagin, dagoen bezala analiza daiteke, hitz oso bat izango zen, *ballestagin, balezta izenaren aldaera den ballesta, Ballestegi toponimoan bezala, eta ondoren -gin atzizkia, 'egile' esanahia duena. Hitz antzekoa baleztari izan daiteke, baina azken hau balezta erabiltzen duen soldadua izan ohi da, Ballestarinea toponimoan hala izango zen, baina *ballestagin, balezta-egilea litzateke.
Andoaingo toponimora itzuliz, etxe horretan balezta egile bat biziko zen eta hortik jasoko zuen jabearen izena edo izengoitia. Hala izan bazen, toponimo honek aukera ematen digu *ballestagin hitz zahar galdua berreskuratzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario