miércoles, 24 de abril de 2024

Osoasagasti toponimoa

 Oiartzun aldeko toponimo hau bi lekukoren bitartez ezaguna zaigu, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburutik jasoak. Bi lekukoek data bera dute, 1499. urtekoak dira, lehena agertzen da 147. orrialdean:

El canpo qu'es començando desde Osoasagasti
Bestea eta azkena bi orrialde geroago dago, 151. or.:
El mançanal viejo qu'es debaxo de la casa, teniente a la verta llamada Ogoasagastia
Bi lekukoen artean ezberdintasun batzuk badaude ere, toponimo beraren aldaerak izan daitezke, batetik artikularena, lehenengoan ez dago, bestean bai. Ezberdintasun nabarmenena dago bigarren silabako kontsonantean, batean <s> eta bestean <g>. Lekuko gehiagorik ez dago eta, beraz, daudenekin erabakia hartu beharra dago. Osoasagasti erraza da azaltzen jakinik Otxoa antroponimoa izan zela, otso animalia izenetik sortua. Informazio gehiago Otxoa antroponimoaz, sarreran. Beste lekukoak, aldiz, ez du azalpenik, Ogoasagastia aldaerak. Beharbada akats bat gertatu zen izena idaztean edo irakurtzean eta hor agertu behar zuena txistukari bat zen <s> edo antzeko zerbait.
Osoasagasti toponimorako eman den etimologia zuzena bada, Otxoa antroponimoaren eratorri toponimikoen artean sartzekoa litzateke. Bestetik, beste elementua sagasti izena litzateke, hitz ezaguna, toponimian zein lexiko arruntean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario