viernes, 27 de diciembre de 2024

Lapikarigan toponimoa

 Lapikarigan da Arabako Zuia udalerriko mendi bat. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian informazioa dago toponimo horri buruz, lekuko zaharrenak XVII.-XVIII. mende artekoak dira:

lapicari (1652-1779)
lapicarigana (1652-1779)
lapicarioste (1652-1779)

lapicarigan (1986-2003)
Egun Lapikarigan bada ere, mende hauetan Lapikari aldaera askotan agertzen da, gan izanik gain hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Beraz, Lapikari geratzen da analizatzeko eta hasierakoak oso antz handia du lapiko hitzarekin, hau ere sartaldekoa, batez ere Bizkaikoa. Hala ere, bukaerako zatia geratzen da, -ari, eta hau izan daiteke atzizki ezaguna lanbide izenak eta sortzeko oso erabilia: pilota : pilotari, sukalde : sukaldari... Lapiko : *lapikari? Hitza ez dago Orotariko Euskal Hiztegian baina izan zitekeen eta jaso gabe geratu. Lapikogin hitza bazen eta *lapikariren sinonimoa izan zitekeen:
lapikogin.
(Vc ap. A; Lar, Dv, H).
Ollero. "Lapiko-gina, [...] ollero" Ast Apol 88 ( Dv).
Zuzenduko ditu burdiñazko zigorragaz eta izango dira ausijak lapikogiñaren ontzija legez. Ur (V)Apoc 2, 27. Gero yabeak salduten / deutso lapiko-ginari. Zav Fab RIEV 1907, 530. Lapikoginak ekarri dau alkate, ari bere ausi deutso buruxe. (V). A EY IV 318.
Lapikarigan toponimotik ez urrun, Ollerieta dago, Legution. Gaztelaniaz Ollerías da, ollero lanbide izenetik sortutako hitza. Beharbada inguru horretan inoiz *lapikari hitza izan zen.
Nahiz eta aurrekoa izan etimologia egiantzekoena, beste analisi mota bat aipatu beharrekoa da, oinarria berbera izango zen, lapiko, baina buruan -iri atzizkia izango zen, hau hurbiltasun adierazlea da. Beraz, lapika- 'lapiko' + -iri > *Lapikairi > Lapikari. Esanahia izan zitekeen "lapikoak hurbil dauden lekua", aldaketa bakarra beharrezkoa da, diptongoaren soilketa, baina hau ez da oztopo handia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario