lunes, 2 de diciembre de 2024

Txertudi toponimoak

 Txertudi da Arrietako baserri baten izena, Bizkaian. Gipuzkoako Debako herrian ere hitz hori bada, toponimo eratorri batzuen bitartez: Txertudiko Gabarlekua eta Txertudikantera aurkintzak eta Txertudibekoa eta Txertudierdikoa baserriak.
Arrietako lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira, 1796. urtean lau lekukotan Chertudi agertzen delako. Bi urte geroagokoa da Chertuduy (1798), berriro agertzen ez dena. Geroko lekuko ia guztietan aldaketarik gabe dago, Txertudi.
Gipuzkoakoetan Txertudibekoaren zaharrena da Chertudi-azpicoa (1857). Geroagokoetan gehienetan Txertudi dago, inoiz Txartudi edo Txarturi agertzen bada ere. Txertudierdikoaren lekukoak berriagoak dira eta aurrekoak dituen aldaerak ere agertzen dira honekin.
Txarturi ohikoa zen XX. mendearen bigarren erdian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan agertzen den bezala:

TXARTURI AZPIKOA (prop.)
TXARTURI ERDIKOA (col.)
TXARTURI GOIKOA (prop.)
Bi aldaketa gertatu dira, lehenengo silaban eR > aR bilakaera gertatu da, fenomeno hau gertatzen da sartaldeko euskaran. Beste aldaketa azkeneko silabari dagokio, d > r gertatu da, beharbada aurreko dardarkariaren eraginez, asimilazioz, Bestela, gipuzkeran ezaguna da bilakaera hori eta horrek eragina izan zezakeen.
Toponimoek bi elementu dituzte, bukaeran -di atzizkia eta oinarrian txerto hitza, txertu aldaera erabiliz. Bi toponimoak ikusita, gerta liteke inoiz *txertudi hitza izatea, txertoen eremu landatua izendatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario