jueves, 4 de diciembre de 2025

Gorriaran toponimoa

 Gorriaran da Aiako baserri bat, ondoan Gorriaranberri dago, hau ere baserria. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

GORRIARAN (prop.) Irureta-Egia ballara, Aia
Lekuko askoz zaharragoa dago, XVII. mende hasierakoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan, 1625. urte ingurukoa: Gorriarain A Aya.
Toponimoa aspaldi deitura bihurtu zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko lekuko ugari jaso dira:

Gorriarain ere bilatu da eta agertzen da, baina oso lekuko gutxirekin:
Lekuko zaharragoa dago Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuaren 258. agirian, 1497. urtean, 293. or.: Joan Martines de Gorriaran.
Etimologiari dagokionez, aipu interesgarri bat dago Ibarguen-Cachopín kronikan, XVI. mendearen bukaerakoa. Aipatutako aipua jasoa da Julen Arriolabengoaren Los textos vascos en la Crónica Ibarguen-Cachopín lanetik, 31. or.:
Gorriaran: “un su sobrino que se dezía Gorriaran, que quiere dezir, el bascuençe buelto al castellano, ‘endrina silbestre colorada’ o, por mejor dezir, ‘árbol endrino colorado’.
Esan gabe doa etimologia hau oso arazotsua dela, euskal hitzen ordena bestelakoa izan ohi delako, lehenik izena ondoren adjektiboa.
Toponimoaren analisira itzuliz, bi aldaera daude, baina lekuko gehien eta zaharren dituena da Gorriaran. Antza denez, diptongo bat sortu da azken silaban baina Aiako toponimoaren lekuko gehiago beharrezkoak lirateke.
Gorriaran bada aztertzeko izena, bi elementu ditu eta biak oso ezagunak dira, gorri eta haran. Baina ezin da haran gorri bat izan, ordena alderantzizkoa delako. Beraz, gorri izango zen izengoiti bat, toponimo batzuetan dagoena eta beste bat izan liteke Gorliz toponimoa, *Gorriz berreraikiaren aldaera balitz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario