martes, 20 de agosto de 2019

Amulategi toponimoa

Amulategi izeneko baserria badago Bizkaiko Markina-Xemeingo herrian. Lekuko zaharrik eskura izan ezean, zalantzarako lekua geratzen da, aurkeztuko den analisia etimologikoarekin. Hala ere, toponimoa dagoen bezala, etimologia ona badu. Hasteko etxe izena denez, ez litzateke ezohikoa antroponimo bat tartean izatea, blog honetako etxe izen gehienetan bezala. Horretarako, lehenik toponimoaren elementuak banatu eta aztertu beharra dago. Bi dira aurkitzen diren elementuak, amula- eta -tegi. Azken hau oso ezaguna da eta toponimo ugaritan aurkitua izan da, ez dago, beraz, zailtasunik. Baina hasierako iluna da, amula-. Baina bada oso antzekoa den antroponimo bat, emakumezkoa: Amuna. Blog honetan badaude izen honetaz sortutako toponimoak, Amunaga, Amunartia, Amuña eta Torremuña toponimoak bezala.
Baina Amulategi ezberdina da, aldaketa bat jaso zuelako, sudurkarien disimilazio bat: m-n > m-l, beraz, lehen *Amunategi izango zen eta disimilazioaren ondorioz, Amulategi bihurtu. Aldaketa hori Muliate toponimoan gertatutako bera da.
Beraz, Amulategi toponimoa, alde batetik Amuna antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat litzateke eta, bestetik, m-n > m-l disimilazioarena ere bai.

No hay comentarios:

Publicar un comentario