lunes, 10 de enero de 2022

Dindiniturri toponimoa

 Leku izen honetaz lekuko bakarra dago, Donostiako toponimia izeneko lanetik hartu da toponimo honen informazioa:

DINDINITURRI: Dindin iturri (1989, D.U.T.B.). 64-4-7, K. D-3.
Toponimoak bi zati ditu, din-din eta iturri. Lehenengoa onomatopeia da:
din-din.
1. (Onomat. de verterse líquidos). v. dinga-dinga.
Ardoa, . din din zatoz / botellatikan pozez, / piskabana nai zaitut, / ez guzia golpez. JanEd I 30.
2. (Onomat. del sonido del dinero)
Deabruari erregututzen / diote agertu dediñ / galaia duana. diñ-diñ. MendaroTx 60.
Iturri baterako izena egokia izan liteke, gainera, badago kasu paralelo bat, Arrasateko iturburu batek Bilinbalan izena zuen, hau ere onomatopeikoa.

Txominurtzillo toponimoa

 Txominurtzillo Zornotzako basoa da. Lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira: Chomin-Ursillo (1733), Chomin Urcilo (1733). Geroztik aldaera txikiak izan badira ere, toponimoa, funtsean, ez da aldatu.
Toponimo honek bi elementu ditu: Txomin antroponimoa eta urtzulo izena:

UR-ZULO (V, AN-gip-araq, B; urtzulo AN-gip), UR-ZILO (AN-gip, B, BN-baig-lab; SP (-lh-), vEys; urxilo H (L)), UTZULO (Lar), UTXULO (H (G)). Ref.: A (ur-zulo, ur-zilo); EAEL 69; Izeta BHizt2 (ur-zilo). a) Pozo. "Puits, citerne" SP. "Poza, putzua, utzuloa" Lar. "Ollas en el río, utzuloak" Ib. "Aljibe" A. "Le mot signifie proprement une dépression, un enfoncement ou l'eau se détient" H (s.v. uxuloa). "Gure baratzean badugu ur-zilo ederra" Izeta BHizt2.
Ur-zulo baten ertzean arrizko aska bat zegon. Berron Kijote 53. Pozabera edo ur-zulo zikin bat bazin barruan, tellatuko urez betetzen zana. Ataño TxanKan 144. Isaakek ur-ziloari Ezek (Aharra) eman zion izena. Bibl Gen 26, 20. Jauna, ez daukazu ezer ura ateratzeko, eta ur-zuloa sakona da. IBk Io 4, 11 (Lç, He, Dv, EvS, Leon, Or, IBe p(h)utzu, LE butzu; TB zupu, Ol osin, Arriand oxin, Ker patin).
Charco. "Urtzuloa, gouffre, mare d'eau" H.
Antxe, errekondoko ur-zuloan, zuten txarri-taldeak ere etzanaldirik atsegiñena. TAg Uzt 268.
Ur-zulo zikin bat egiñik gelditu zan; zeñari geroztik, itsaso illa deritza.Lard 21.
"(V-ple-m, G-to), manantial" A.
Toma de agua.
Burdin-esteak-eta sartu zituen [bonberuak] lurreko ur-zuloetan. Erkiag BatB 13.
(Zubiau Burd 98). Depósito de agua en una ferrería.
b) "Gran bebedor de agua. Gure mutikua urzulo demasa da" Elexp Berg.
Txomin hipokoristikoa da, Domingo antroponimotik sortua, egun ere indarrean dago. Toponimoaren bigarren zatia interesgarriagoa da, urtzilo aldaera dagoelako, batetik. Ziurrenik u-u > u-i disimilazioa gertatu da, edo zilo aldaera erabili da. Toponimoa, gainera, hitz honen bigarren lekukoa da, lehenengoa S. Pouvreauren hiztegikoa delako, XVII. mendearen erdialdekoa.

viernes, 7 de enero de 2022

Peruzki toponimoa

 Peruzki da Lezamako baserri bat. Badu lekuko zahar bat, XVIII. mende bukaerakoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan aurkitutakoa:

Peruzqui [N, TO]
Peruzqui (la casa de) [segundo partido], Lezama, a.1796, FogVizcayaMs.
Bi lekukoetan izen bera dago, aldaketarik gabe. Dena den, aldaketa bat gertatuko zen, txistukariari dagokiona. Izan ere, badago antroponimo hipokoristiko bat ia berdina dena, Peruski. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuko 181. orrialdean azaldua:

[-ski (< -s + -ki)]
Peruski, Peruske (Peru): «Perusque, criado del dicho Pedro» (sic) (Bilbo, 1464, Enríquez et al., 1996b, 58. or.), Perusqui de Mazquiaran (Zeg., 1470, Aierbe, 2006, 231, 82. or.), «Perusqui, çapatero» (Bilbo, 1473-1475, ibid., 260. or.), Perusqui de Larraul (Andoain, 1475, Le. & Ta., 1996, 19, 66. or.)...
Etxe izen batek antroponimo bat jasotzea oso ohikoa eta eta blog honetan adibideak oso ugariak dira. Batzuetan, gainera, antroponimo hutsak daude, ezer gehiagorik gabe, hala nola, Tximon toponimoa, Simon antroponimotik sortutako *Tximon oinarria duena.
Aldaketa azaltzeko, ziurrenik hiperzuzentaketagatik gertatu da. Ezaguna da txistukarien neutralizazioa sartaldean hasi zela eta batu ziren, frikari apikaria eta bizkarkaria. Hori gertatu eta hiztun batzuek pentsatuko zuten Peruski izenak ere neutralizazioa jasoa zuela eta aldaeta jatorrizkoa berreskuratu zuten, jakin gabe hura, Peruzki, inoiz ez zela izan.
Beraz, Peruzki toponimoa gehitzekoa da Peruski antroponimoak sortutako izenei, kasu honetan toponimikoa.

miércoles, 5 de enero de 2022

Barbotegi toponimoa

 Barbotegi da Donostiako bi baserriren izena. Baina lehenago hiru ziren izen hori zutenak: Barbotegi, Barbotegi berri eta Barbotegi txiki. Lekuko horiek daude Donostiako toponimia izeneko lanean:

BARBOTEGI BERRI: Barbotegi berri(1989, D.U.T.B.). 64-6-7, m. I-2.
BARBOTEGI TXIKI: Barbotegi txiki (1989, D.U.T.B.). 64-6-7, m. I-2.
BARBOTEGI: Barbotegi (1989, D.U.T.B.). 64-6-7, m. I-2
BARBOTEGI: Barbotegui 77 (1841, casa, D.U.A-B-10-II-362-2), Barbotegui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Barbótegui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Barbótegui (1864, Casa de labor, N.P.G. 64 orr.), Barbotegui (1885,caserío, D.U.A.-D-9-II-1960-6); Barbotegi, Mediku etxia (1989, D.U.T.B.). 64-7-5, m. J-3.
Toponimoak bi elementu lituzke, Barbot eta -tegi atzizkia, Barbot deituraren lekukoak jaso dira Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez Barbot deituraren lekukoak bildu dira:

Lekuko gutxi dira eta, ia guztiak familia berekoak, kanpotarra ziurrenik. Azkena Donostiakoa da eta berriro, kanpotar jatorria agerikoa da, Pirinioz iparraldekoa, beharbada. Beharbada, antroponimo hipokoristiko bat da, gerora deitura bihurtua. Izena bera analiza daiteke, Barba antroponimotik eta, ondoren, -ot atzizkia gehitua. Barba ez da ezezaguna euskal onomastikan, Barbasagasti toponimoaren oinarria da eta badu antroponimo eratorri bat, Txarba hipokoristikoa, hasierako herskaria sabaikari bihurtua.
Beraz, Barbot + -tegi > Barbotegi, oinarriaren azken fonema eta atzizkiaren lehena batu ziren, arazorik gabe.

Martosagasti toponimoa

 Martosagasti behin agertzen da, lekuko bakarra Arrasateko toponimia liburuan dago:

 Lekuko hau litzateke Marto antroponimoaren lekuko zaharrena, 1466. urtekoa delako. Toponimo honek erakusten du Arrasaten antroponimo erabilia izan zela, Martokoa, Martorena eta Martosagasti toponimoen oinarria delako. Marto ez da oso izen ezaguna baina Euskal Herrian erabilia izan zen garai batean, antroponimo honetaz informazio gehiago Marto eta Martogana toponimoen sarreran.

lunes, 3 de enero de 2022

Osiribarko erreka toponimoa

 Osiribarko erreka da Alegia eta Ikaztegietako erreka baten izena.
Toponimoaren lekuko zaharrik ez da eskuratu, baina dituen elementuak nahiko argiak dira, nahiz eta aldaketa baten beharra izan.
Toponimoak hiru elementu ditu, azkena erreka ezaguna da. Hori kendu eta *Osiribar izango genuke. Honek bi elementu ditu, azkena ibar da eta aurrekoa osin hitza, aldaketa bat jasoa duena. Sudurkari bukaera duten hitz zahar batzuetan eratorzeko aldaketa bat jasaten dute, -n > -r, horrela, jaun - jauregi, egun - eguraldi... Berdina gertatuko zitzaion osin hitzari: osin > osir- + ibar > *Osiribar. Aldaketa bera gertatuko zen Osintxu toponimoan, jatorrian Osiranzu zena, baina azken honetan sudurkari disimilazioa ere gertatu zitekeen, baina *Osiribar toponimoa ezin da horrela azaldu.

Olajaunbaso toponimoa

 Galdakaoko toponimo honen lekuko bakarra dago, XVII. mendekoa, Relación toponímica general de Galdácano izeneko lanean agertzen dena:

Olajaumbaso: 1607, término y agurbide, zona de Altamira-Padrola.
Toponimoak bi elementu lituzke, olajaun eta baso. Olajaun bera hitz elkartua da, ola eta jaun izenez osatua:
olajaun.
(Vc, G ap. A; -lh- Sc ap. A; SP, Dv).
Propietario de una ferrería; propietario de una fábrica en gral. "Ola jauna, que quiere decir señor de la herrería" (Aóiz, 1584) ReinEusk 84. "Maître de forges" Dv.
Eta, zeinbat enparetan jakee ola-jaunai gauzaak zuzen badabilz? Mg PAb 129. Saltzen deutsa [...] errijak olajaunari baso bat ikatza egiteko. Astar II 162. Olajaun pobreak agorra, aitzaki ona. EZBB II 78. Egiten zan ikatz eta zukois zuzkidura olajaunaren basoetarik ekarrita. R. Murga EE 1895b, 517. James Nasmith ola jaunak erantzun ei-eutsan batzorde orri. Eguzk GizAuz 22. Nola langilleak ala olajaun eta aberatsak. F. Labayen in Munita 7. Langille ta menpekoak, nagusien eretxia, olajaunen gogoa argiro igarteko, eretia izan eben. Erkiag BatB 102. Azken gerlatik landa berehala, Ford oto ola-jaun famatuak zion. Herr 19-12-1963, 4.
v. tbn. fB Ic II 119. Or Eus 195.
Hitzaren lekukoak ikusirik, ematen du batez ere Hego Euskal Herrikoa dela, eta egungo toponimoek banaketa geografiko hori ere hobesten dute, olajaun hitzaren lekuko toponimikoak hauek dira: Olajaungoa, Azpeitikoa eta Oñatikoa; Olajaunmuntegi, Villabonakoa eta Olajaunzarrenea, Lasarte-Oriakoa.
Galdakaoko toponimoa, hiztegiko lekukoak kontuan hartuz, bigarrena izango litzateke; beraz, lekuko goiztiarra litzateke eta, oraingoz, lehenengo lekuko toponimikoa.