miércoles, 9 de marzo de 2022

Lizarlan toponimoa

Lizarlan da Biriatuko etxe baten izena. Gainera, Lizarlan izeneko erreka bat dago Lapurdiko herri horretan. Bietan lehenengo lekukoak XIX. mende hasierakoak dira, etxearenak:

liçarlan (1831)
licar-lain (1874)
liçarlan (1970)
Errekarenak:
ruisseau liçarlan (1831)
liçarlain (le) (1863)
ruisseau de liçarlan (1970)
Egun etxearen eta errekaren izena Lizarlan da, baina errekak baditu beste bi izen: Infernuko erreka eta Lumaberde.
Aztertzeko izena Lizarlan litzateke, Lizarlain, dirudienez, XIX. mendearen erdi aldera izan zen baina gero berriro Lizarlan nagusitu zen.
Euskal toponimoa bada ere, bukaera iluna da, hasieran lizar zuhaitz izena bada ere, lan hitza ez da ohikoa leku izenetan.
Toponimoa, paperean jarri baino lehenago, aldaketaren bat jasana izango zuen, zehatzago, rr > rl disimilazioa, Behorlegi toponimoan bezala. Atzeranzko urratsa eginez, *Lizarran eskuratuko genuke. Oraingoz izena ez da zeharo argia, eta beste aldaketa baten beharra dago, bigarren elementua haran bazen, normala izango zen bokal arteko dardarkaria galtzea eta, ondoren, bi bokal berdinak batzea. Beraz, bilakaera osoa hauxe izango zen: lizar + haran > *Lizarraran > *Lizarraan > *Lizarran > Lizarlan.
Horrela, toponimoa azaltzeaz gain, dardarkari disimilazioaren ale bat gehiago izango genuke, fenomeno oso bitxia ez zela erakusten duena.

lunes, 7 de marzo de 2022

Urdelar toponimoa

 Urdelar da Elduaingo mendi baten izena. Lekuko zaharrik ez dagoenez, hemen aurkeztuko diren eimologien oinarri nagusia egungo lekukoa da, eta hau aldaketa batzuen ondorengoa bada, litekeena da etimologia aldatu behar izatea, osorik edo zatiren batean.
Toponimoak bi elementu lituzke, hasieran urde izena dago eta bukaeran bi aukera daude, lahar izena edo larre. Batean ez zen aldaketa berezirik gertatuko, behin hasperena galdu ondoren, bi bokal berdinak batuko lirateke. Dirudienez, lahar hitza bazen Larruzea toponimoan, blog honetan aztertua, baina horretan ere zalantzarako lekua bada.
Beste etimologiaren arabera, bukaerako azken bokala galduko zen, hau ez da gertaera ohikoa baina kasuren bat ezaguna da, Aralar toponimoa bezala, hasieran Aralarre aldaera zuelako. Hala izan bazen, urde + larre > *Urdelarre > Urdelar bezalako bilakaera gertatuko zen.
Beharbada Urdelar toponimoaren lekuko zaharretan zalantza hori ezerezta liteke, edo toponimoaren kokapenak aztarrena eman lezake, baina hori guztia ez da ziurra. Oinarrian urde hitza zela, agian urdeak han bazkatzeko uztea ohitura zelako.

Juangotxo toponimoa

Pasaiako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVII. mendearen bukaerakoa, Pasaiako toponimia liburuan dago, 122-123. orrialdeetan:

 
Toponimoaren lekuko bakarra badago ere, analizatu daiteke. Liburuan bertan etimologia bat ematen dute, Juan antroponimoa eta gozo izenondoa, palatalizaturik.
Sarrera honetan hurbilketa ezberdina egingo diogu toponimoari. Oinarrian Juan izango litzateke, baina bukaera aldean bi atzizki txikigarri izango genituzke, *Juangotxo antroponimo hipokoristikoa sortuz. Aipatutako bi atzizkiak -ko eta -txo izango lirateke, lehenengoaren belarea ahostunduko zen sudurkari atzean egoteagatik, cf. Irun + -ko > Irungo.
Juan oso antroponimo ezaguna eta erabilia izan da euskal lurretan eta hipokoristiko asko sortu ziren izen honetatik, Juantxunena toponimoan, Juantxun antroponimoa, esaterako.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan dago aipatutako izen hori, 121. or.:
Joangotxo, Juangotxo (Joan, Juan): Juangocho de Ardos (Oiar.al., 1490, C. & C. & G., 1997, 81, 99. or.), Juangocho de Vzcanga (Azpeitia, 1518-20, Fdez. & Mont. & He., 2007, 110, 511. or.), Juangocho de Yçiar (Deba, ibid., 512. or.), Juangocho de Ybarguren (Deba, ibid., 513. or. = Juanocho de Ybarguren, ustez; ibid., 514. or.), Joangocho (Gazolatz, 1549, Li.p., 2.), Johangocho de Arana (Goi., 1555 (18)).

jueves, 3 de marzo de 2022

Gidarieta toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuko 58. agiria, 1500. urtekoa:

Juan de Vrdanibia, tres mill e trezientos maravedís. Ase d’esecutar en la mitad de vn poco de mançanal qu’está e tiene çerca de Guidarieta. Linderos, mançanal de Ans’Otace. Bale treynta florines.
Toponimoak agerpen bakarra badu ere, gardena da, bi elementu izango zituen, bukaeran -eta atzizkia eta oinarriko hitza gidari:
gidari.
1. (V-gip, G, AN, L, BN-arb, S; SP, Urt I 192, Lar, Añ, H), giari (V-m), kidari (AN, L; Lar, Aq 1276, H). Ref.: A (gidari, giari, kidari); Lrq; Etxba Eib; Gte Erd 260 .
Guía, conductor; director. "Adalid" Lar. "Guiador" Añ. " Aren sentimentuak dituzte gidari (G-azp), mendian artzaina dute gidari (BN-arb)" Gte Erd 260. v. bidari (2), gida, gidatzaile, gidoin (2).

Normalean -eta atzizkiak pluraltasuna, ugaritasuna adierazten ditu, baina toponimo honetan, 'lur, eremu' izango zen adierazitakoa. Oinarriko gidari izan zitekeen norbaiten izengoitia. Toponimian badira ale ez asko, PI + -eta egitura dutenak, Antxoeta edo Domikueta toponimoak bezala. Hauek oinarrietan Antxo eta Domiku antroponimoak izango ziren, Gidarietan aldiz, gidari izena izengoiti bihurtua.
Toponimo honetako gidari izena hitz honen lehenengo lekuko bihurtuko litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena, Leizarragaren lekukoa dagoelako, 1572. urtekoa:

Itsuén gidari aizela. "Conducteur" . Lç Rom 2, 19
Beraz, Gidarieta toponimoa 72 urtetan aurreratuko litzateke hitz honen lehenengo lekukoa.

Kurpide eta Kurpidea toponimoak

 Kurpide da Oñatiko baserria eta hotela. Kurpidea, aldiz, Aiako auzoa da eta biztanle entitatea.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Aiako toponimoaz:

Kurpidea ballara, Aia
Eta Oñatiko toponimoaz:
KURPIDE (2 viv.) (prop.), Garagaltza auzoa
Toponimoak aldaketa txiki bat behar du bere elementuak agerian geratzeko, hasierako herskaria ahoskabetu zen, bigarren herskariaren eraginez: g-p > k-p. Bilakaera hau oso arrunta da euskaraz, horrela piztu < biz(i) + -tu litzateke. Atzeranzko urratsaz eginez eta gurpide berreskuratuko genuke, hau da, gurdi + bide. Aspaldian ez da erabili, baina egitura garbia du eta toponimian aztarrena utzi du. Araban eta Bizkaian, esaterako, Gurpide toponimoa behin eta berriz agertzen da. Orain, Kurpide eta Kurpidea toponimoei esker, hitzaren erabilera eremua Gipuzkoaraino ere hedatzen da.

martes, 1 de marzo de 2022

Gelasoro toponimoa

 Gelasoro da Elgoibarko baserri baten izena. Toponimo eratorri bat du, Gelasoroerrota, hau ere baserria. Ez da hori bildutako lekuko bakarra, Gipuzkoako diputazioren Web 1:5000 - b5m.gipuzkoa.eus web gunean ere bada Gelasoro toponimoa.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

GELASORO (prop.)
GELASORO ERROTA (prop.)
Orain arte bildutako lekukoak ontzat hartuz, toponimoak azalpen erraza izango zuen, nahiz eta harrigarria izan gela bezalako izena agertzea toponimian. Bigarrena, soro, ezaguna da eta toponimian ohikoa.
Baina Elgoibarko deituren artean badago bat oso antzekoa, Gelalsoro, eta hori bilatu da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez Gelalsororen lekukoak XVI. mendearen erdialdetik jaso dira:

 Beraz, kontuan izanik herri berekoak direla, litekeena da bi izenak toponimo berekoak direla eta kronologia kontuan hartuz, Gelalsoro > Gelasoro aldaketa gertatu zela. Ez da aldaketa ohikoa, baina aleren bat ezaguna da, mutiko izena lehenago mutilko zen, hau da, mutil + -ko, atzizki txikigarria. Beharbada herri etimologiak aldatutako izena da Gelasoro, bestea ilunxkoa zelako. Horrela, izena erabat argi geratu zen.
Gelalsoro analizatzeko lehenik soro izena banatu eta gelal- geratuko da. Honek gogorarazten ditu lehenago aztertutako toponimo antzekoak, Burgalaitz, Burgalmendi toponimoak eta baita Gazalbide ere. Hauetan burgal- eta gazal- elementuak baziren, burgari eta gatzari hitzen eratorpen aldaerak. Gelal- horrelakoa izan bazen, atzeranzko urratsa egin eta gelari izena berreskuratuko genuke:
gelari.
(AN-larr-erro, -lh- S; Volt 121, SP, Urt I 10, Arch VocGr , VocBN , Gèze, Dv, H), gelhai (S), gelatari (SP). Ref.: A; Lrq /gelhái/.
Sirviente, asistente (gralmte. de sexo femenino); mayordomo; ama de llaves de un cura. "Valet ou fille de chambre" SP. "La servante du curé" Arch VocGr. "Domestique de prêtre" VocBN. "Serviteur ou servante d'ecclésiastique" Gèze. "Chambrière" Dv. v. gelazain. Tr. Documentado en la tradición septentrional y en Etxaide. Todos los ejs. del s. XX significan 'ama de cura'. En DFrec hay 10 ejs., septentrionales.
Hitzaren erabil-eremua ez da Elgoibarkoa, baina kontuan izanik bere egitura gela + -ari dela, euskararen edozein eremutan sor zitekeen, eta gerora galdu. Hala bada, hitzaren lehenengo lekukoa ia mende bat aurreratuko litzateke, Elgoibarko deituren artean lehenengoa Juan Gelalsoro Andonaegi litzateke, 1549. urtekoa.

Beñarango erreka toponimoa

 Beñarango erreka da Albizturko erreka baten izena.
Toponimoak hiru elementu ditu, Beñaran oinarria, -ko atzizkia eta erreka izen arrunta.
Beñaran ez da ezezaguna toponimia zaharrean, deitura bihurtu zen eta XVII. mendearen hasieratik lekukoak badira, Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVII. mendetik hona jasoak:


Beñaran toponimoak hiru elementu lituzke, azkena haran izena da eta hasierakoa, beñ-, izan liteke behe + -en, superlatiboko atzizkia, haran baterako izen egokia. Ez da lehenengo aldiz behe-en toponimian aztertua izan dena blog honetan, Beñaga toponimoan, esaterako, haran izan beharrean, -aga atzizkia bazen.