2023(e)ko irailaren 4(a), astelehena

Bentzunzibar toponimoa

 Bentzunzibar da Ikaztegietako toponimo bat, industrialde bat eta hiru etxe izendatzen ditu.
XX. mendeko toponimo honen lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

BENZUNZIBAR (prop.)

Lekuko zaharrago bat dago eta XIX. mendearen erdialdeko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 711. or.: Benzuncíbar.
Baina lekuko zaharrena mende batzuk lehenagokoa da, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa, izena apur bat aldaturik duena, Belzuncibar.
Toponimoak elementu bat baino gehiago ditu, azkena ibar izena da. Aurrekoa izen elkartu bat izan daiteke, beltz + une + -tza bezala analiza daitekeena. Toponimian badira bi izen, Nafarroakoak, egitura hori dutenak, Beltzuntza mendia, eta Beltzuntze kontzejua, hau -tze atzizkiarekin.
Euskaraz badira beltz eta une hitzak batuz sortutako hitzak, beltzune bezala. Gainera, badira beltzuntza:

1 beltzuntza.
(H; belzuntza Lar, belzunza Lar, belzuntz Hb), beltzuntze (L-ain ap. A ; Lh (belzuntze)).
Tábano. "Tábano, belzuntza, habea, eultzarra" Lar. "Moscardon, molesto, belzunza" Ib. "(G, L), grosse mouche qui attaque les bestiaux dans les bois. v. lespada" H.
Batzuek Mezatan edo Jaunaren itza adirazten danean egongo dira lo edo erausian: oek dira Satanasen euli andiak edo belzunzak. AA I 531. Artxipotea mamu eta mamutxa jale handia da: deusik ez du lakasta eta lespada (edo beltzuntza) baino maiteago. Dass-Eliss GH 1923, 597.

Eta beste hitz bat bada, beltzuntza:

beltzuntza.
1. "Beltzuntza (AN-gip), moreno" Garbiz Lezo 200.

2. beltzuntze (Sal, R ap. A), beltxuntxe (R ap. A). "Serio, grave" A. "Beltxuntxe, seriecito" Ib.
Litekeena da bietan oinarria beltz izatea. Zailagoa da zomorro bat izatea aztergaia den toponimoaren oinarria baina Listorreta toponimoa bada, liztor + -eta omen dena.
Elementuak batzerakoan aldaketa batzuk gertatu dira, gehienak oso ohikoak, horrela, atzizkiaren azken bokala galdu da ibar izena eransterakoan. Beharbada gertatu zitzaion une hitzari. Aldaketa aipagarriena da lehenengo albokoari gertatua, disimilazioak eraginda, sudurkari bihurtu da: l-l > n-l. Blog honetan antzeko bilakaera ikusia da Amulategi toponimoan, baina honetan disimilazioa sudurkariena izango zen: m-n > m-l.

2023(e)ko irailaren 1(a), ostirala

Garbisa toponimoa

 Garbisa da Izabako mendi bat. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian lekukoak daude, zaharrena XVI. mendekoa dela:

garbisa (1564)
garbisa (1700)
garbisa (1828)
[...]
Toponimoaren lekukotzak ia 500 urte bete ditu eta ez da aldaketarik izan. Euskararen itxura du garbi hitzarekin baina bukaera zalantzazkoa da. Azalbidea aurkitzeko euskal antroponimia kontuan izan behar dugu, Erdi Aroan izan zen antroponimo bat, Garbiso, lekuko gutxirengatik ezaguna. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan lekukoak eta eman diren azalpenak daude, 188. or.:
Garbiso, Garbixo: Garbisso (Apardoze, 991, Leire, 12), Garbisso Acenariç de Caramesas (Aragoi? 1048, Leire, 44). Cf. Garbix. Ez dakit, dena dela, jatorrian *Garbi dagoen, ez baitugu honen lekukotasunik. Asturiasen ere azaltzen da Garvixo (bai eta Garvisici patronimikoa ere), XII. mendean (García Leal, 1988: 133). Mitxelenak (AV, 261) oinarrian garbi dagoela dio. Irigoien (1983: 42, 1995c: 47) akort da honekin; atzizkia –so dela uste du bizkaitar euskalariak, Argiso-k duen berbera.
Azken bokala azaltzeko, erdararen generoa bereizteko era kontuan izan behar dugu, gizonezkoek -o izan ohi dute bukaeran eta emakumezkoek -a. Beraz, Garbiso gizonezkoa izan bazen, gerta liteke *Garbisa emakumezkoa izatea, nahiz eta lekukorik ez izan. Garbisorenak ere ez dira asko.

2023(e)ko abuztuaren 30(a), asteazkena

Silbarioko basoa toponimoa

 Silbarioko basoa da Dimako baso bat. XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Silbario [N, TO]
Siluario (la casa de), Dima, a.1796, FogVizcayaMs.
Zilbario (la casa de) [Bargondia (cofradia de)], Dima, a.1799, FogVizcayaMs.
Zilbario (la caseria de) [Varrundia (varrio de)], Dima, a.1745, FogVizcayaMs.


Silberio [N, TO]
Zilberio (la cassa de) [Bargondia (cofradia de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs.
Liburu berean toponimo eratorri bat dago:
Cruz de Silbario [N, TO]
Cruz_de_Cilbario (la casa nueba de la) [Bargondia (cofradia de)], Dima, a.1799, FogVizcayaMs.
Cruz_de_Cilberio (la casa con fragua en la) [Bargondia (cofradia de)], Dima, a.1799, FogVizcayaMs.

Bi ezberdintasun daude, hasierako txistukarian s/z eta bigarren silabaren bokalean, a/e. Lekuko zaharrena Zilberio da baina lekuko zahar guztiak mende berekoak dira, XVIII. mendekoak. Beraz, ez dago alde kronologiko handirik.
Jakinik garai hartan sartaldean txistukarien neutralizazioa bazela, ezin izan ziur txistukariaz. Berdin gerta daiteke bigarren silabaren bokalaz, jakinik badela asimilazio mota bat, aurreko silabaren bokalak eragina izan zezakeela hurrengoan. Horrelakoak dira soldadua > soldadue edo itzal > itzel. Dimako toponimoan i-a > i-e gerta liteke edo hiperzuzenketaz i-e jatorra i-a bezala zuzenduz.
Antroponimo bat dago, Silvario, latin jatorrikoa eta gerora ere erabilia. Alfonso Irigoienek, bere Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan azaltzen ditu antroponimo honekikoak:
2.194. SILVERIO: latinez Silverius, -ii.
San Silverio moduan ezagutzen dena Aita Saindu izan zen 536 urtean, eta gosez hil omen zen hurrengoan, Larousse hiztegiaren araura.
Saindu hau Erroman egungo egunean Kalendario partikularretara iraganerazirik dago. Hara nola: “Memoria S. Silverii, qui obiit relegatus in insulam Palmariam anno 537, saeculo XII in Calendario romano ascripta, Calendariis particularibus relinquitur, quia non agitur de Sancto ‘momentum universale revera praae se ferente”, cfr. Calendarium Romanum, op. cit., “Variationes in Calendarium Romanum inductae”, 127 orr.
Erdi Aroaren ondorengo lekukoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Bi izan dira bilatutako izenak, Silbario eta Silberio. Lehenaren lekuko bakarra aurkitu da, bigarrenaren lekuko asko:


Beraz, eskura dauden datuekin, litekeena da jatorrian Silberio izatea eta gorago aipatutako hiperzuzenketaz aldaketa izatea. Toponimoaren lekuko zaharragoek proposatutakoa baiezta dezakete, edo deuseztu.

2023(e)ko abuztuaren 25(a), ostirala

Amitesarobe toponimoa

 Amitesarobe da Urnietako baserri bat. XX. mendeko bigarren erdialdean agertzen da Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

AMITESAROBE (AMISASORO) (col.) Ergoien ballara
Donostiako toponimia izeneko lanean bildu dira lekuko batzuk XVI. mendearen bukaeratik jasotakoak:
Amitisarobe (1592, Sebastian de, E.H.A.1, 25 r.), Amitisare (1702, Juan Vicente de, E.H.A.2, 66 v.), Amitisaroe (1703, Ignacio de, E.H.A.2, 67 r.), Amitesarobe (1708, Maria Bautista de, E.H.A.2, 79 v.).
Lekuko gehiago aurki daitezke Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVI. mendearen bukaeratik jaso dira lekuko batzuk, Donostiakoak:

Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran saroi izan arrunta, saroe aldaera zaharrarkein. Hasierakoa antroponimo bat da, arabiar jatorrikoa. Izen horretaz informazioa dago Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) liburuan, s.v. Hamide:

Euskaraz, lekuko zaharretan bezala, horzkari ahoskabea dago. Antroponimo hori Euskal Herrian erabili zelako lekukoa da toponimo hau.

2023(e)ko abuztuaren 21(a), astelehena

Gisastu toponimoa

 Gisastu da Eibarko toponimoa. Gisastu izeneko etxea bada, eta Gisastu bide izeneko kalea ere bada. Gisastua baserria ere badago eta, azkenik, Gisastua ur-biltegia.
Etxearen lekuko zaharrenak Juan San Martinen Eibar eta Elgetako toponomastika liburuan daude, 57. or.:

GISASTU
Guisastu 1759 Doc. término.
Guisastu 1793 Doc. topónimo.
Guisastu 1857 Nomenclátor.
Toponimoa zaharra da, lekukoak XVIII. menderaino heltzen dira eta gure egunetara arte iraun du aldatu gabe. Toponimoaren oinarrian gisats hitza dago:
gisats.
(Vc ap. A).
"Retama" A. Cf. isats.
Basaberak esaten jakee txikar igon baga datozanai, zelanguak dirian otia, gisatsa, ginarria ta beste asko. Mg PAb 187s. Arbola ondo zainduen ostruetan eta elorri edo gisats uruingarrien adarretan. Ag Ioan 176.
Blog honetan bi toponimo aztertu dira hitz hori dutenak, Gisasti eta Gisatza toponimoak, hain zuzen. Argitzeko geratzen da azken zatia, bukaeran -tu dago, aditzak sortzeko atzizkia, baina ez dirudi egokia denik. Badago beste aukera bat, bokal disimilazio bat gertatuko zen eta, ondorioz, Gisastu sortu zen. Hala izan bazen, jatorrizko egoeran *Gisasti izan liteke, Bermeoko Gisastiren homofonoa. Gero, disimilazioa gertatu zen, Jandustegi toponimoan bezala, honetan i-i > u-i izan zen eta Gisastu toponimoan i-i > i-u.

2023(e)ko abuztuaren 18(a), ostirala

Gisasti eta Gisatza toponimoak

 Gisasti da Bizkaiko toponimo bat, Bermeon baserria da eta Gisastiko errekea toponimo eratorria dago, baita ere Gisastiko basoa, Bermeo eta Bakioren artean. Gisasti ere da Berrizko tontor bat.
Bermeoko toponimia lanean agertzen dira aipatutakoak, Gisasti baserriaren lekuko zaharrenak XIX. mende hasierakoak dira:

1826    Guisesti, cas.    BUA   39/3. Enajen. y conc
1831    Guisesti aurrecoechea, cas.    BUA   1625. Concesiones
1839    Guisasti, casas    BUA   1313/15. Casas   1
Gisasti aurkintzaren lekukoak ere XIX. mendekoak dira:
1848    Guisisti, heredad llamada    BFA. Bust   396/002   6b
1868-79    Guisasti, monte    BFA. E. LS.   C/546-10
1870    Guisasti, monte de    BUA   38/1. Leña   1
Gisastiko erreka toponimoaren lekukoak:
1826    Goijenzabalpe, ría de    BUA   39/3. Enajen. y conc.
1869    Guisasti, regata de    BUA   38/1. Leña   2b
1869-72    Gorozu, rio llamado    BUA   39/5. Solic. de terreno   4
1870    Guisasti, regata    BUA   38. Leña
Azkenik, Gisastipe toponimoarenak:
1855    Guisasti barrena, término de    BUA   39/29. Acreedores
1855    Guizasti-barrena, término de    BUA   39/29. Acreedores
1872    Guisastive, término de    BUA   39/12. Arriendo de terreno   1
Bide batez, lekuko zaharrenetan Gisastibarrena zena, gero Gisastipe bihurtu zen. Barren hitzaren esanahi zaharrena toponimian ere ikus daiteke.
Gisatza izena ere Bizkaian agertzen da, Muxikan baserria da, Zaldibarren tontorra. Zornotzan bi dira izen hori barruan dutenak, Gisatzagoikoa baserria eta Gisatzabekoa etxea.
Zornotzako toponimoaren XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:
Guisasa [N, TO]
Guisasa (la cassa de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta 18.1796, FogVizcayaMs.
Guisaza (la cassa molino de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta 18.1796, FogVizcayaMs.
Guizasa (la casa de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta, a.1704, FogVizcayaMs.
Guizaza (el molino de), Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Guizaza (la caseria de), Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.


Guisasa [N, NO]
Guisasa (Fran(cis)co de) [Cruzeaga (calle de) (pr.n.res)], Durango, a.1745, FogVizcayaMs.
Guisasa (la casa del mayorazgo de) [Goxencalle (calle de) (pr.n.res)], Durango, a.1745, FogVizcayaMs.

Liburu berean Muxikako baserriaren aipu bakarra dago, XVIII. mende bukaerakoa:
Guisacha [N, TO]
Guisacha (la casa de), Ybarruri, a.1799, FogVizcayaMs.
Toponimo hauetan hitz bat dago, landare izena, gisats:
gisats.
(Vc ap. A).
"Retama" A. Cf. isats.
Basaberak esaten jakee txikar igon baga datozanai, zelanguak dirian otia, gisatsa, ginarria ta beste asko. Mg PAb 187s. Arbola ondo zainduen ostruetan eta elorri edo gisats uruingarrien adarretan. Ag Ioan 176.

GISATSPE (En casos locales de declinación sing.). Lugar debajo de la retama.
[Aizeriak] irten zuen pozez beterik zegoan gisatspetik. VMg 83.
Bermeoko toponimia lanean adierazten den bezala hitz horrek lotura luke isats hitzarekin, ezberdintasuna hasierako silaban dago, sartaldekoak g- du besteak ezer ez duenean. Alternantzia hori beste hitz batean aurkitzen da, ginarra hitzean, ainar eta inar ezagunekin lotura duena, Ginarrazaga toponimoaren oinarria dena.
Azkenik, Gisasti toponimoan -di atzizkia dago eta Gisatza toponimoan -tza atzizkia, dirudienez.

2023(e)ko abuztuaren 17(a), osteguna

Estekorana toponimoa

 Estekorana da Bernedo eta Trebiñu arteko erreka-zuloa, sakana.
Toponimoaren lekuko zaharrik ez dago baina interpretazioa egin daiteke, jakinik aldaketa batzuk gerta zitezkeela eta gertatu direla. Batetik, bukaeran haran izena dago, baita artikulua ere. Alde horretatik, izena laburtu da, hasierako bokala galduz. Geratzen da oinarriko elementua, eta hori Estebeko antroponimoa izan daiteke, Estebe antroponimoaren hipokoristikoa, -ko atzizki txikigarria erantsia. Estebekoren lekuko zahar batzuk daude P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 148. or.:

Estebeko (Estebe): Estebeco (Eo., Eo.p., 1, 44, 1522), Estebeco de harosteguy (Biarritz, 1725, Iglesias, 2000: 277, 281). Erratzun Estebecorena oikonimoa zegoen 1726an.
Antroponimoa ere laburtu zen, bokalarteko herskari ahostuna galdu zelako, joera hau ezaguna da, horrela, Atxalta da Aretxabaleta toponimoaren laburketa, tarteko /b/ ere galdu da, toponimoaren luzerak lagundua. Estekorana izena jatorriz *Estebeko(h)arana izango zen eta horrek lagundu zuen izena laburtzeko.
Etimologia hau zuzena bada, Estebeko hipokoristikoaren lekuko gutxiei beste bat gehituko litzaieke, Estekorana toponimoa.