2023(e)ko irailaren 19(a), asteartea

Aizpizkar toponimoa

 Aizpizkar da Elgoibarko kale baten izena. Lekuko bat oso zaharra dago 1452. urteko agiri batean, Ubitarteko apeoan, Azpizcar aldaera duela, 7. or.:

Primeramente, en el lugar llamado Azpizcar, apegado al arroyo de Zaturio, de partes de la dicha Villamaior, una pieza de tierra que sollía labrar e poseer Martín Pérez de Arezmendi. Lo qual a por linderos: de la una costanera la tierra e manzanal de Unzeta e por de suso tierras del dicho conzejo e por devaxo el arroyo de Zaturio.
Ezberdintasun bakarra dago bi lekukoen artean, hasierako silabari dagokiona. Beharbada toponimoa berreraiki zen, Azpizkar zaharretik Aizpizkar berrira, barruan dituen bi elementuak argiago erakusteko. Bi dira toponimo hau osatzen dituen izenak, haitz eta bizkar, txistukari ondoan egoteagatik hasierako herskari ezpainkaria ahoskabetu da. Haitz, aldiz, lekuko zaharrenean diptongoa galdu zen, ohi den bezala. Horrela, Gipuzkoan bertan Azkoitia eta Azpeitia herri izenak daude, az- hasiera hori haitz zaharraren aldaera dela.

2023(e)ko irailaren 15(a), ostirala

Valderiz toponimoa

 Valderiz da Oiongo erreka-zuloa, sakana. Bi lekuko zahar daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan, XVIII. mendekoak:

BALDERIZ, 1780, labrantío de Labraza.
VALDORIZ, 1750, monte de Labraza.
Litekeena da toponimo bera izatea eta ziurrenik bigarrenean akatsa gertatuko zen, kontuan izanik 1780. urteko lekukoa eta gaur egungoa. Gainera, ez da erraz ikusten o > e bilakaera ustezko hori. Lekuko gehiago agertuz gero ziurtasun handiagoa izango zen.
Toponimoa erdarazkoa da, nahiz eta barruan euskal bilakaerak jasan duen elementu bat izan. Toponimoak hiru elementu ditu, val-, valle izenaren eratorpen aldaera, de preposizioa eta Eritz antroponimoa. Egitura berdina Valdepaderna toponimoan dagoena, aldatu dena antroponimoa da.
Analisia zuzena bada, euskal antroponimo bat izan zen erdal toponimo baten elementua. Baina hori ez da batere harrigarria, oso erraza da antroponimoak hizkuntza batetik bestera mugitzea, euskal toponimo askotan erdal jatorriko antroponimo ugari daude eta, gutxiagotan, euskal eremutik hurbil euskal antroponimoak ere agertzen dira eta Valderiz toponimoa beste adibide bat litzateke.

Villacardel toponimoa

 Villacardel da Arabako bi herritan dagoen toponimoa. Laguardian bizkarra, hegia eta erreka da. Lezan, aldiz, aurkintza bat da.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa nahiko gardena da, Erdi Aroko euskal antroponimia ezaguturik.
Toponimoa erdaraz osaturik dago eta bi elementu daude, villa erromantzezko izena, Villafrade eta Villacobe toponimoetan dagoena eta Kardel, Erdi Aroan antroponimoa izandakoa, Gardele aldaera euskaraz erabili zen, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiaren web orrian adierazten den bezala:

Erdi Aroko izena, Arabako Gardelegi eta Nafarroako Gardelain toponimoen oinarrian dagoena. Otsagabian (Nafarroa) 1072an Gardele Acenarz genuen eta Orontzen (Nafarroa), urte berean, don Gardele. Erromantzeko aldaera Cardiel da (Kardiel Belasconis, Uskartze, N, XI. m.).

2023(e)ko irailaren 13(a), asteazkena

Villacobe toponimoa

 Villacobe da Gaubeako aurkintza bat. Hiru lekuko gehiago aurkitu dira Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

VILLACABE, término de Barrio.
VILLACOBE, 1692, labrantío en Barrio.
VILLACOBI, 1722, el anterior.
Hiru lekuko dira eta hirurak ezberdin, zaharrena egungoa bezalakoa da, XVIII. mendekoan bukaerako bokala /i/ da eta Villacabe, kakografia ez bada, asimilazio baten ondorengoa da.
Toponimoak bi elementu ditu, Villafrade toponimoan bezala, hasieran villa, egun 'hiribildu', lehen 'hiri', 'huri' sartaldean. Bukaeran Jacobe antroponimoa, euskaraz normalean Jakue bezala egokitua. Izen hau, beste asko bezala, eliza kristauaren eraginez zabaldu zen eta toponimo batzuen oinarria da, Doñakua toponimoa bezala.
Villacobe toponimoak bokalarteko belarea gorde du, ez dago aldaera ahostuna, ohikoagoa erromantzez. Bitxikeria bat, Sabino Aranak Jagoba eman zuen, euskal tradizioko Jakue kontuan hartu gabe.

Villafrade toponimoa

 Villafrade da Bernedoko aurkintza bat. Beste lekukorik ez da jaso, baina dagoen lekukoarekin, zaharra ez bada ere, etimologia proposa daiteke.
Toponimoa erdaraz sortu zen, erromantzez, eta bi elementuz osaturik dago, hasierakoa villa hitz ezaguna, 'hiribildu', lehenago hiri edo huri, sartaldean, erabili ohi zen, Tellauri toponimoan bezala. Beste elementua antroponimo bat da, Frade, Erdi Aroan ezaguna eta izen horretaz informazioa dago Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) liburuan, s.v. Frade:

Erdi Aroko bilakaeraren erakuslea da bokalarteko horzkaria, ahostuna delako, latinean ahoskabea zelako.

2023(e)ko irailaren 11(a), astelehena

Semezarrena toponimoa

 Semezarrena da Irungo baserri baten izena. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

SEMEZARREN (2 viv.) (col.), Landetxa etxadia (Ventas)
Aurreko mendeko lekuko bat dago, zehazki, 1864 urte inguruko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 667. orrialdean: Semezarrena.
Lekuko zaharrena XVII. mende hasierakoa da, 1625. urte inguruan idatzi zelako Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburua eta Irungo etxeen artean Semezarrena aipatu zuen.
Toponimoak hiru elementu ditu, bukaeran -(r)en + -a, ohikoak etxe izenetan eta hasieran Semezar antroponimoa, sarrera horretan lekuko bat aipatu genuen Semezar de Agirre, Hondarribi aldekoa eta, beraz, Irun herriaren ingurukoa. Semezar izena seme eta zahar hitzez osaturik dago eta badirudi inguru horretan ez zela ezezaguna.

Apartegi toponimoak

 Apartegi da Asparrenako alor bat. XX. mendeko lekuko bat dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

APARTEGUI, término de Zalduendo.
Bizkaian ere izan zen Apartegi izeneko etxea, Mallabian. XVIII. mendearen lekuko bat dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:
Apartegui [N, TO]
Apartegui (la casa de) [Goytana (cofradia de)], Mallabia, a.1704, FogVizcayaMs.
Lehenagokoak dira Dokuklik web-gunean lekukoak, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVI. mendearen bukaeratik jaso dira:

Beste lekuko bat dago, lehenagokoa, Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuko Ochoa Ruis de Apertegui, 1520. urtean, 267. agirian.
Lekuko gutxi badira ere, bilakaera bat gertatu da toponimo honetan Apertegi zaharretik Apartegi berriagora. Horrek deuseztuko luke apar + -tegi etimologia, arazorik gabekoa ez balitz lekuko zaharrengatik. Hala ere, Apertegi toponimoak azalbide erraza du jakinik aspaldian izan zela Aper antroponimoa, latin jatorrikoa. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azalpena eman zuen:
65. —Aper, Apre, *Apri pr.; Apre Sancho (in villa Ulibarrilior, Al., CSM 48, 952; y. le(g)or, 404), Aprez Lequentize (ib., in Lekete, es decir Lehete, Al), Vincenti Apriz (CSM 50, 956, AL), Sancio Haperrez de Torriziella (Valb. 30, 1064). Ap. Aperain, Aperribay, Apraiz. Caro Baroja (Mat., 89-91) lo señala como epónimo de las poblaciones alavesas Aperregui y Apricano, pero este último nombre podría explicarse también a partir de *Africanu(m) (cf. Piel, «Nomes de possessores latino-cristâos», 24). Apre (Apri) debemos considerarlo como el genitivo de Aper o Aprius: el genitivo pervive en nombres personales hispánicos durante la Edad Media (v. J. Bastardas Parera, Particularidades sintácticas del latín medieval (Cartularios españoles de los siglos VIII al XI), 31 n.) y parece haber sido el origen de una gran parte de los nombres vascos de persona (v. p. ej. 158 y 161 b).
Aldaketa azaltzeko, sartaldean ezaguna da eR > aR bilakaera, hainbat hitzetan gertatu dena, barri : berri, garri : gerri... Joera hori toponimian ere gertatuko zen. Asparrenako toponimoak beharbada joera horren beste adibide bat izan daiteke, baina lekukorik ez dago hori erakusteko eta, beraz, Arabako toponimoarena zalantzazkoa da. Beharbada azalpena beste bat izan daiteke, apar izena badelako.