miércoles, 17 de enero de 2024

Errebelu toponimoak

 Nafarroan lau dira Errebelu izena duten lekuak, guztiak aurkintzak dira. Aurizperri eta Mezkiritz herrietako Errebelu, Ezkirotz herriko Errebelu, Lantz herriko Errebelu eta, azkenik, Almandoz herriko Errebelu. Toponimoek, orohar, ez dute lekuko oso zaharrik, batzuk XVI. mende bukaerakoak dira, baina Almandoz herrikoek 20 urte bete dituzte duela gutxi:

errebelu (1998)
Errebelu (2019)
Lekuko zaharrenak Ezkirotz herrikoak dira:
errebelu (1592)
errebelu (1592)
errebelua (1593)
Hurrengoak Lantz herrikoak dira:
errebelugaña, sel de (1629)
Errebelu (2019)
Aurizperri eta Mezkirizkoak XIX. mendekoak dira:
errabelu (1833)
errebelu (1865)
revelua (1911-1925)
Azken toponimo honetan badira bi aipu etimologiko, lehenengoa Nafarroako Toponimia eta Mapagintza lan bilduma erraldoikoa:
[...]
OBS.- Elevación de 1001 metros de altitud. "Erraila (B-m), montón largo de helecho. Nahiz eta Bizkaian erabili esanahi horrekin, hemengoa zuhaitz eta iraztorrez beteriko eremua da" (MT).
[...]
Bestea Mikel Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los montes y ríos de Navarra liburukoa:
[...]
Espinal, Mezkiritz (1001 m). Comentario. Nombre que se repite en Lantz y en la cendea de Galar, pero cuyo significado se nos escapa. Existe el apellido Errebelutegi.
[...]
Sarrera honetan proposatutako jatorria antroponimikoa izango da, Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) izenburuko tesian oso izen antzekoa dago, s. v. Revellius:

Euskaran sartzean aldaketa batzuk izan zituen, nabarmena da dardarkariaren aurreko protesi bokalikoa, ohikoa egun ere. Tarteko <ll> ere soildu zen euskaraz <l> geratuz. Dirudienez, antroponimo honen lekukorik ez dago euskal lurraldean, baina toponimo nafar hauek erakusten dute garai zaharretan erabilia izan zela.

lunes, 15 de enero de 2024

Garbe eta Garbea toponimoak

 Garbe da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen toponimoa, gehienak lehenengo bi herrialdeen arteko mugaldean, horrela, Arabako Laudion eta Okondon erreka eta hegala, mazela da. Bizkaiko Igorre herrian kale bat da.
Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan lekuko gehiago daude:

GARBE, monte y camino de Mandojana. Regata de Llodio.
Bizkairako Galdakaon ere bazen Garbe, Relación toponímica general de Galdácano izeneko lanean agertzen baita:
Garbe: 1607, regato de Lecubaso; monte y término de Arteta.
Garbeburu: 1607, agurbide, zona de Lecubaso-Arteta.
Garbea da Artzentalesen erreka, Sopuertan eta Balmasedan tontorra eta Trebiñun soroa. Sopuertarako lekuko zahar bat dago Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean, Garvea (1794). Inoiz toponimo honen lekukoetan La Garbea agertzen da.
Aipatutako Lopez de Gereñuren liburuan Arabako beste lekuko bat dago, Aiaraldean, la erdarazko preposizioa daramala, beharbada inguru honetako erdaran hitza mailegatu zelako:

GARBEA (La...), monte de Menagaray.
Azkenik, Gipuzkoan ere izan zen Garbe izeneko tontorra. Garbebarrena basoa toponimo eratorria da. Garberen lekuko zaharrena Garve da, 1822. urtekoa. Besteak lekukotza zaharragoa du, Garbeabarrena (1771), Garbe barrena (1891) eta Garbebarrena (1991).
Toponimoak aurkeztu eta gero, azterketa etimologikoa dago. Horretan aurrera egiteko bilakaera zahar bat kontuan izan behar dugu, sudurkariz bukatutako hitz batzuen eratorrietan dardarkari batez ordezkatua zela, horrela, egun : eguraldi, jaun : jauregi bezalakoak. Garbe zatituz, gar-be eskuratuko genuke eta lehenego elementuaren aurreko egoerara itzuliz gain eskura genezake: gar- 'gain' + -be (+ -a). Hurrengo elementua behe izan liteke eta *garbe hitz inoiz izan bazen 'gainaren behekoa' esan nahiko luke. Hau bat dator toponimo hauen gehienen kokalekuaren, mendi inguruan daudelako, gainaldeetatik hurbil.

viernes, 12 de enero de 2024

Geretabaso eta Geretalaueta toponimoak

 Geretabaso eta Geretalaueta dira Igorreko toponimoak. Lehena basoa da, bere izenak adierazten duen bezala; bestea, baserria da eta tontorra.
Baserriaren toponimoaren lekuko zaharrenak XX. mende bukaerakoak dira, Getalueta eta Ketalueta, 1986. urtekoak. Laburketak ohikoa dira izen luzeetan, areago mikrotoponimoak badira.
Toponimoek bukaeran baso izena eta lau izenondoak dira, baina oinarriko da elementu interesgarriena, kereta 'kanaberak edo kidekoak bilbatuz egiten den hesi, ate edo zernahi gauza', gereta aldaera ere aski ezaguna da, beste batzuekin batera. Orotariko Euskal Hiztegian dagoen lekuko zaharrena XVII. mende hasierakoa da baina lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta bi lekuko daude XVI. mendean:

Beraz, lekuko zaharrenak mende bat inguru aurreratuko luke hitz honen lehenengo lekukoa.

Eguneraketa (2024-02-05):
Igorreko Gereta toponimoaren XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Guereta [N, TO]
Guereta (la casa de), Mañaria, a.1704, FogVizcayaMs., a.1799, FogVizcayaMs. -/Yurre 18.1796, FogVizcayaMs.
Guereta (la caseria de), Mañaria, a.1745, FogVizcayaMs. -/Yurre, a.1745, FogVizcayaMs.
Guereta (la cassa de) [Santa_Lucia (barrio de)], Yurre, a.1704, FogVizcayaMs.
Gueretta (la casa accesoria a la de), Mañaria 18.1796, FogVizcayaMs.
Gueretta (la caseria de), Mañaria 18.1796, FogVizcayaMs.


Guereta [N, NO]
Guereta (Joseph de) [Basaolz (barrio de)], Yurre, a.1704, FogVizcayaMs.
Guereta (Joseph de) [Ugarte (barrio de)], Yurre, a.1704, FogVizcayaMs.
Guereta (Martin de) [Guereta (la cassa de) (pr.n.res)] [Santa_Lucia (barrio de)], Yurre, a.1704, FogVizcayaMs.
Guereta (Martin de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta, a.1704, FogVizcayaMs.
Guereta (ynquilino) (M(a)r(ti)n de), Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Guereta (ynquilino) (Pedro de), Yurre, a.1745, FogVizcayaMs.

miércoles, 10 de enero de 2024

Sanchoyerto toponimoa

 Sanchoyerto da Gordexolako baserri bat eta etxola bat. Toponimoa aspaldi deitura ere bihurtu zen eta lekuko zaharrak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko gutxi batzuk ditu XVI. mendearen hasieratik, egungo izenaren berdina dela:

Toponimoak, antza, bi elementu ditu, Santxo antroponimoa eta yerto, gaztelaniazko hitza:
yerto, ta

Del lat. vulg. *erctus, part. pas. de *ergere, y este del lat. erigere 'poner derecho, enderezar'.

1. adj. Dicho de un ser vivo o de alguna parte de él: Tieso o rígido, especialmente a causa del frío o de la muerte.
Hitza, egun, ez da batere ohikoa edo ezaguna, baina lehenagoko egoera bestelakoa izan zitekeen. Toponimoaren alde semantikoa bitxia da eta horrek, beharbada, beste azalbide bat eskatzen du. Hala bazen, horrelako toponimo bat euskararen eremuan zegoen eta gerta zitekeen euskarazko toponimo baten erdarazko egokitzapena izatea. Aurreragoko egoerara itzuliz, antroponimoa dagoen bezala gera liteke, baina bigarren elementua aldatua izango zen, euskal toponimoetan gutxi batzuetan gertatzen erdararen eraginez bukaerako bokaletan aldaketak izatea, -u dena -o bihurtuz, esaterako. Hori gertatu bazen *Santxoyertu eskuratuko genuke, *Santxoiartu zaharrago baten ondorengoa izan zitekeena. Horrela, antroponimoaz gain, ihartu partizipioa izango genuke, egungo euskaran ere ezaguna eta toponimian agertu ohi dena.
Beraz, toponimo honetarako proposatua da Santxo + ihartu > *Santxoiartu > *Santxoyertu > Sanchoyerto bilakaera. Bilakaera aspaldi gertatu zen, XVI. mendearen hasieran gertatua zelako.

lunes, 8 de enero de 2024

Ordosolegi toponimoa

 Ordosolegi da Oiartzungo baserri bat eta erreka bat. Informazio gehigarri apurra dago Oiartzungo toponimia liburuan, 253. or.:

Ordosolegi. Baserria.
Ergoienen dago, hirigunetik hurbil. Ordoxelai ahoskatzen da. Dokumentazioan, proposatutako forma azaltzen da.
Toponimo erlazionatuak: Ordosolegierreka.
Toponimoak hiru elementu dauzka, bukaeran hegi izena, aurrerago ola hitza, oso arrunta toponimian eta hasierako elementua ezohikoena da, ordots:
ordots.
Etim. De *urda- (<urde ) 'puerco' + orots 'macho'.
1. (G-azp-goi-nav, AN-larr-5vill-egüés-erro-ilzarb-olza, B; Lar, Aq 80, VocBN , Gèze); ordotz (gral.; Zam Voc ); ordotx (G-azp, AN-ulz); ordox (Izt 24r) Ref.: Bon-Ond 142; A (ordotz); EEs 1915, 210; Iz Ulz (ordotx), ArOñ (ordotz), To, Als ; EAEL 85; Izeta BHizt; Elexp Berg; Gte Erd 244; ZestErret (ordotx).
(Sust.). Cerdo macho. "Verraco, cerdo que cubre a las puercas" Lar. "Mâle des animaux porcins" VocBN. . "Cochon mâle" Gèze.
[...]
Ezin jakin izendapenaren arrazoia, beharbada ordots izengoiti bihurtu zen, gizon batena, edo ordotsak biltzeko ola zen. Hitza, den den, nahiko ziurra da.

jueves, 4 de enero de 2024

Olanditxone toponimoa

 Olanditxone da Oiartzungo baserri bat. Informazio gehiago dago Oiartzungo toponimia liburuan, 249. or.:

Olandretxone. Baserria.
Ergoieni dagokio; Elizaldetik Ergoienera doan errepidearen ondoan dago. Dokumentuetan forma diferenteak agertzen direnez, grafia zuzenari buruz zalantza dago.
Zaharrenak Olandretxone dira (1802, 096T; 1826, OGPAR Lib H 594 Fol 58; 1827, OGPAR Lib H 594 Fol 72; 1828, OGPAR Lib H 594 Fol 80 Vto; 1841, OGPAR Lib H 343 Fol 20; 1841, OGPAR Lib H 343 Fol 24). Olandetxone (1831, OGPAR Lib H 594 Fol 109) forman -r- galdu egiten dela dirudi. Eta azkenean, XIX. mendearen amaieran -e- letra -i- letran eraldatzen da Olanditxone (1883, OUA B/3/II/9/5; 1894, OUA B/3/II/24; 1940, OUA 0674-04) forma emanez. Gaur egun ahozko forma Olanditxone da.
Toponimoak bilakaera bitxia izan du, Olandretxone > Olanditxone, hau azaltzeko ez da arau fonetikorik, litekeena da toponimoaren elementuen ezagutza galduko zela eta herri etimologiaz berreraiki zuten, ulergarriago eginez. Toponimoaren bukaeran ohikoa den -(r)en dago, apur bat aldaturik, inguru hartan gertatu ohi den bezala. Geratzen dena oinarria da, *Olandretxo, bukaeran -txo atzizki txikigarria dago eta aurrerago, olandre hitza, lekukotza oso urria duela:
olandre.
olandre, olandra (V-m ap. A). "Mujer corpulenta y sólida; litm., señora de ferrería" A.
Azkuek azaldu bezala ola + andre > olandre, gizonezkoen hitza olajaun da, askoz ezagunagoa eta Olajaunbaso toponimoaren oinarria.

martes, 2 de enero de 2024

Atxabrin toponimoa

 Atxabrin da Aulesti eta Nabarniz herrien arteko harritza bat. Lekuko zaharrena duela 40 urtekoa da, Atxabrin (1981). Lekukoen arteko ezberdintasunik ez dago eta izen bakarra dago aztertzeko. Toponimoak bi elementu izan ditzake, atx, haitzen sartaldeko aldaera eta arbin:

arbin.
1. (V-ger-ple-arr-oroz- ap. A; Lar Sup, H) "Estrecho" Lar Sup. "Étroit" H. "Estrecho, delgado (Humb. Adit. á Mitrid)" A. v. 1 armin.
Illun ta otzak / beren biyotzak / laja ere bai arbin zorrotzak, / astun, laiotzak... Inzag EEs 1912, 212.
Bi elementuak batzerakoan aldaketa bat gertatu zen, metatesi bat, dardarkaria bigarren silabatik hirugarrenera aldatu zen: atx + arbin > *AtxarbinAtxabrin. Bilakaera hau ez da ohikoa, oso bitxia ere ez eta horrela toponimoa guztiz azaltzen da.
Bizkaian badira beste bi toponimo, oso egitura antzekoa dutenak, Alarbin eta Alarmin toponimoak, baina hauetan, antza, lehenengo elementua harri izan daiteke eta ondoren aldaketaren bat gertatu zen.