2026(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

Mimetiz toponimoa

 Mimetiz da Zallako biztanle entitatea, udalburua. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira: Mimetiz (1722), Mimetiz (1796), Mimetiz (1798)... 
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko bost lekuko jaso dira:

Toponimoa, beraz, ez da aldatu azken ia 500 urteetan eta litekeena da askoz zaharragoa izatea. Alfonso Irigoien toponimo honetaz arduratu zen, bere Las lenguas de los vizcainos. Antroponimia y toponimia medievales lanean, 416. or.:
71. “Mimeuri, térm. de Carranza, 1860”, con segundo elemento (h)uri ‘villa’, seguramente aplicado a un nombre de persona, cfr. “Mimetiz, barrio de Zalla”, que tiene forma de patronímico, además de sufijo.
F. Fernández Palaciosek, bere tesian Irigoienen analisia aipatzen du eta ustezko lotura ikusten du mimen hitzarekin, Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana) liburuan, 1146. or.:
Toponimoaren bukaeran atzizki bat dago, -iz, patronimiko bezala erabilia izan zen, baita toponimian ere, azken batean jabegoa adierazten zen, dela seme-alabena, dela etxe edo lurrena. Oinarrian antroponimo bat dugu, lekukotu gabea, baina ziurrenik konplexua zen, bukaeran atzizki bat izango zuelako eta oinarrian Meme, Mime, Mimi aldaerak dituen antroponimoa. Imizkotz toponimoarentzat *Mimisko oinarria proposatu dugu, Mimi + -sko egiturarekin, Mimetiz toponimorako -ittus atzizkia egokia izan liteke: Mime + -ittus > *Mimettus, lekukotu gabea, *Imisko bezala.

Zamarginarena toponimoa

 Zamarginarena da Añezkar-Oteitzako etxe bat. Lekuko zaharrenak XVII. mendekoak dira:

pelejero. casa del (1632)
zamarguinarena (1693)
zamarguin (1927)
Toponimoaren lekukoetan zamargin eta pelejero agertzen dira, sinonimotzat hartuz. Izan ere, zamargin hitzaren sarreran pellejero dago:
1 zamargin.
Onom.: Domicu Zamarguina. (12009 Arzam 461. Johan Çamarrguin. (1330) Ib. 461.
1. (Lcc).
Fabricante de pellizas, zamarras. "Pellejero" Lcc. Cf. Or Eus 15: Errazkingo Zamargin, que parece ser un apodo.
2. "Melenero, operario que hace frontales para los bueyes" A (que cita el ej. de Moguel).
Ze langintza zamargin, bizarrak bizarra eragin. Mg PAb 122 (en su ed. de 1899, Azkue traduce "el que hace gorros para las ruecas").
Aspaldian, zamargin lanbidea ohikoa zen, toponimian utzi dituen izenak kontuan hartuta: Zamarginaldapa (Aldatz), Zamargiñenea aurkintza (Intza) eta Zamarginsoro (Aralar), gutxi batzuk aurkeztearren.
Zamarginarena interesgarria da, toponimoaren lekukoetan izen bera bi hizkuntzatan agertzen delako, batere ohikoa ez dena.

2026(e)ko urriaren 26(a), astelehena

Gontzalonea toponimoa

 Gontzalonea da Hondarribiko baserri bat. Izendegi ofizialeko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Gonzaloenea (1857). Beste guztiak XX. mende bukaerakoak dira Gonzalonea (1992), Gonzaloenea (1993)... XX. mendeko beste lekuko zaharrago bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

GONZALBO ENEA (GONTZALONIA) (prop.) Arkolla ballara
Harrigarria da /b/ hori, beste inon agertzen ez dena. Hondarribiko toponimia liburuan ere bada, eta XVIII. mendeko lekuko bat ere badu, 372-373. or.:
Gontzalonea
Kontzeptua: Baserria

Iturriak: 1737: Gonzalonea E-7-II-31-2 (3. or.)
1857: Gonzaloenéa Nomen. (43. or.)
1865: Gonchalonea Reg. 4 (90. or.)
1867: Gonzalonea Reg. 4 (92. or.)
1880: Gonchalonea D-9-1-2
1888: Conchalenia Reg. 24 (178. or.)
1891: Goncholanea D-7-1-7
1908: Gonzalenea H.A.05
1911: Gonchalonea o Gonchaloenea Reg. 4 (93. or.)
1922: Gonchalonea D-9-3-6
1945: Gonzalo-enea (15. or.)/ Gonzalonea (256. or.)/ Gonchalonea (301. or.) Amil.
1986: Gonzalo Enea (Gontzalonia) Ond. (156. or.)
1989: Gonzaloenea Hon. 34 (2. or.)

Ebakera: 1992: Kontxalonia Miguel Ugarte
1992: Kontxalenia Miguel Iridoi
1992: Kontxalenia Jose Arozena
1992: Kontxalenia / Gonzaloenea Juanito Gonzalez
1992: Gontxalenea Lorenzo Larretxea

Kokagunea: 41.50.6

Oharrak: “sita en el termino de Muliate” E-7-II-31-2. “la finca adquirida por Doña Eustasia Casadevante y Goenaga se titula Gonchalonea y no Becoerrota” Reg. 4 (1882, 92. or.).
“desaparecidos o en ruinas” Por. VIII (1987, 537. or.). Azaltzen da, alde batetik, “barrio de Arcola” (1865, 90. or.) edo “barrio de Arcoll”en (1894, 92. or.) eta, bestetik, “barrio de Santiago”n (1882, 92. or.) Reg. 4.
Lekukoetan behin bakarrik agertzen da lehenago aipatutako /b/ hori eta ziurrenik egilearen interpretazio bat zen. Hori arkaismo nabarmena izango zen baina aldaera ugarien artean lekuko bakarra XX. mendearen azken herenekoa izateak susmagarri bihurtzen du.
Toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran artikulua, aurrerako genitiboa eta oinarrian Gonzalo antroponimoa, Untzalu antroponimoaren gaztelaniazko aldaera, Euskal Herrian ezezaguna ez zena, Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan aipatzen denez:
3.184. GONÇALUO, GONÇALO, eta baita-ere GONÇALUET: Gonçaluo d’Arasçiel, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Gonçalo pastor, (1366, PN-XIV, F.Tud., 430 orr.), Cascant-en; Pero Garcia con Gonçaluet su fillo, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n.
XIII menderako GONZALVO, GONÇAL: domno Gonzalvo capellano de Baigner, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 151); don Gonçal Yuaines de Mendoça, (1289, El gran Pr. Nav., dok. 509).
Beraz, euskal lurraldean bi antroponimo erabili ziren, biak jatorri berekoak, bata Untzalu, euskararen bilakaera jasan zuena eta bestea Gonzalo, egokitze gabekoa, gaztelaniatik zuzenetik hartu eta erabilia.

Txeroene toponimoa

 Donostiako toponimo honen lekuko bakarra dugu, XIX. mende erdialdekoa. Donostiako toponimia izeneko bilketa lanean jasoa:

Cheroene (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2).
Lekuko bakarra denez, ziurtasuna gutxiagokoa da; baina, hala ere, analisi etimologiko fidagarria emateko aukera dago jakinik etxe izena dela eta izen horiek normalean egitura ezaguna dutela. Toponimoaren bukaeran artikulua izan ohi da, honetan ez, eta genitiboa eta geratzen dena antroponimo bat edo izengoiti bat izan ohi da, jabearenarena. Donostiako honetan *Txero ezezaguna. Esaterako, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ez dago baina bai oso izen antzekoa, Txeru, 64. eta 65. or.:

Txeru bada Peru antroponimoaren hipokoristiko bat, *Txero izan daiteke Peroren hipokoristiko bat, lekukorik gabekoa. Beste hipokoristiko bat, Perotik sortua, Perotxenea toponimoan dago, Perotx(e), hain zuzen.
Beraz, Txeroene toponimoan *Txero antroponimoaren hipokoristikoa dago, orain arte ezezaguna baina Donostiako toponimo hau da eskura dugun lekuko bakarra baina nahikoa ziurtatzeko inoiz *Txero izan zela.

2026(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

Petrecón toponimoa

 Petrecón da Oibarko aurkintza bat. Lekuko zaharrenak XVIII. mende hasierakoak dira:

petricon (1703)
petrecon (1703)
petrecon valle magra (1704)
Lehenengo lekukoa da besteetatik urruntzen dena baina ziurrenik toponimo interpretatzeko gakoa duena. Badirudi antroponimo hipokoristiko bat dagoela, *Petrikon. Euskaraz sortuko zen eta horrela, oinarrian Petri dugu eta ondoren bi atzizki, batetik -ko atzizki txikigarria eta ondoren -on, erdal jatorrikoa. Erabilera urrikoa izango zen, ez dago, esaterako, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, honetan antroponimo hipokoristiko ugari agertzen dira, Erdi Arokoak ehundaka.
Aldaketa bakarra gertatu da, lekukoek erakusten dutenez, Petrikon zaharretik Petrekon sortu zen, bokal asimilazioaren eraginez, e-i > e-e.
Beraz, garai batean *Petrikon izan zen eta, dirudienez, Nafarroako toponimo hori da antroponimo honek utzi duen aztarren bakarra.

Petretxe toponimoa

 Petretxe da Dimako baserri bat. Lekuko zaharrik ez du, jaso direnak mende honetakoak direlako. Beraz, izen bakarra dago analizatzeko eta, dagoen bezala, bi elementu aurki ditzakegu, bukaeran etxe izen arrunta eta hasieran Petri antroponimoa izan daiteke, baina bere azken bokala galdu duenez, Petro edo Petra ere izan litezke. Horrelako egitera, PI + etxe, ez da ohikoa baina lekukoak ere badira, batez ere sartaldean, Manikoetxe toponimoa bezala, Sondikakoa.

2026(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Petrusenea toponimoa

 Petrusenea da Oronozko Bordaberria baserriaren beste izena. Lekukoak, izen batenak edo bestearenak, oso berriak dira:

bordaberri (1884)
petrusenea (1998)
bordaberria (1998)
Petrusenea toponimoan hiru elementu daude, bukaeratik hasiz, artikulua, genitiboa eta Petrus(a) antroponimoa, Petrusenborda toponimoan ere dagoena. Hori ez da antroponimo oso erabilia, Petri antroponimotik sortua.