viernes, 29 de octubre de 2021

Txukasene toponimoa

 Donostiako toponimo honetaz lekuko bakarra aurkitu dugu, Donostiako toponimia izeneko lanetik jasoa:

Chucasene (1860, D.U.A.-D-7-1-P.).
Nahiz eta beste iturririk ez izan, toponimoa nahiko argia da, garai hartako lekukoa ongi jasorik badago. Oinarrian *Txukas antroponimoa izan daiteke, eta ondoren -(r)en + -a egitura ohikoa, nahiz eta toponimo honetan artikulurik gabe jaso.
*Txukas hipokoristikoa litzateke eta jatorrizko izena Lukas antroponimoa ongi egokitzen da. Lukas izen biblikoa ezaguna da, bere ezagutza eta zabalpena eliza kristauaren jardueragatik heldu zaiguna, Euskal Herrian lekukoak badira, XVI. mendetik gutxienez.
Aldaketa bakarra, l- > tx- bilakaera litzateke, bide hau hipokoristikoak egiteko oso arrunta da, Txeru toponimoan Txeru hipokoristikoa dago, Peru antroponimotik sortua, hasierako kontsonantea aldatu da, *Txukas antroponimoan bezala.
Beraz, nahiz eta lekuko bakarra izan, Lukas antroponimotik egindako *Txukas hipokoristikoa izango zen Txukasene toponimoaren oinarria. Horrela, toponimoa azalduta geratu da eta euskal antroponimian beste hipokoristiko bat gehiago dago, *Txukas, hain zuzen.

jueves, 28 de octubre de 2021

Txikoleta toponimoa

 Txikoleta pinudia Nabarnizen dago, Bizkaian.
Lekuko zaharrik ez dago eta horrek esan nahi du etimologiaren ziurtasuna gutxiturik dagoela, baina dagoen lekukotza urriarekin etimologia bat eman daiteke, baina hori sendotzeko lekuko zaharragoak beharrezkoak dira.
Toponimoak hiru elementu izan ditzake, txiko + ola + -eta atzizkia. Txiko, ziurrenik, erdaratik hartutako hitza da, 'mutil; txiki' esanahiarekin eta Txikoena toponimoan dagoen hitz bera litzateke, izengoiti moduan honetan ere. Badago aukera txiki izateko, orduan aldaketa txiki bat izango zen, oinarriaren azken bokala galduz, baina eskura dauden datuekin, lehenengo etimologiak ongi azaltzen du toponimo osoa.

Txonuko antroponimoa

 Antroponimo hipokoristiko hau behin aurkitu da, Arabako herri batzuen bilduma batean,
Colección Documental de la Cuadrilla Alavesa de Zuia. II. Archivos Municipales de Arratzua-Ubarrundia y Legutio liburuan dago aipatutako Txonuko A23 izeneko agirian, 1502. urtean, Chonuco de Vrrunaga.
Akatsik ez badago, izena aztertzerakoan nabarmena da bitxia dela, batez ere bukaeragatik. Baina azken zati hori ez da ezezaguna, gaztelaniazko hizkera batzuetan -uco atzizki txikigarria bada, Kantabrian ohikoa da erabilera hori, baita antroponimian ere. Hasiera zatia, txon- hori, Txoan antroponimo hipokoristikoarekin lotu beharko litzateke, Joan izenetik sortua. Liburu berean badago hipokoristiko honekin egindako izen bat, A33 izeneko agirian, 1518. urtean Choanco izeneko gizona aipatua da. Txoan + -ko egitura duena.
Beraz, Joan antroponimoaren beste hipokoristiko bat genuke, -uko atzizkiarekin egina.

lunes, 25 de octubre de 2021

Txarrena toponimoa

 Lemoako etxe honen lekukotza Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan dago, guztira lau dira lekukoak, XVIII. mendekoak:

Charrena [N, TO]
Charrena (la casa de) [Mendieta (uarrio de)], Lemona, a.1704, FogVizcayaMs.
Charrena (la casa de) [Urisar (uarrio de)], Lemona, a.1796, FogVizcayaMs.
Charrena (la casa inmediata tambien de) [Urisar (uarrio de)], Lemona, a.1796, FogVizcayaMs.
Charrena (la caseria de) [Goico_Vria (varrio de)], Lemona, a.1745, FogVizcayaMs.
Etxe izen askoren eite bera du, oinarrian antroponimo bat, eta ondoren -(r)en + -a. Toponimo honetan Txarra antroponimoa egokia izan liteke, edo beharbada txar soila. Izengoiti honetaz informazio gehiago aipatutako antroponimoaren sarreran dago. Bestela, Txarran antroponimoa ere izan daiteke, baina orduan hainbat aldaketa gertatuko ziren: Txarran + -(r)en + -a > *Txarranena > Txarrena, sudurkari disimilazioak eraginda.
Toponimo honek erakutsiko luke txar hitzaren erabilera antroponimian, handia ez dena baina ale gutxi batzuk utzi dituena. Ahaztu gabe aukera dagoela oinarrian Txarran izateko.

Txarra antroponimoa

 Erdi Aroko antroponimo honetaz lekuko bakarra dago, Colección Documental de la Cuadrilla Alavesa de Zuia. II. Archivos Municipales de Arratzua-Ubarrundia y Legutio liburuko A22 izeneko agirian  1497. urtean, Charra de Vlibarry.
Irakurketa okerra ez bada, analisia erraza litzateke, baina kontuan hartu beharra dago Txarran antroponimoa bazela, eta garaiko testuetan ohikoa zen sudurkaria adieraztea aurreko bokalaren gainean zeinu diakritiko bat jarriz. Txarran liburu berean agertzen da, behin baino gehiagotan, adibidez, A8 izeneko agirian 1456. urtekoa, Charran de Arçamendi.
Txarra bada, izengoititzat har daiteke, zentzu peioratiboan ezarria, ziurrenik. Besterik gabe txar eta -a artikulua genituzke izengoiti horretan.
Egun, aski bitxia da horrelako izen bat izatea, baina garai zaharretako egoera ezberdina zen, horrela, Malotegi toponimoan Malo dago, pertsona baten izena edo izengoitia zena, cf. erdarazko malo 'txar'. Gaizko antroponimoa ere izan zen Erdi Aroan, oinarrian gaitz duena. Beraz, arazorik gabe onar daiteke pertsona bat izendatzeko Txarra erabiltzea, nahiz eta egun erabilera aski bitxia iruditu.
Gizon honen izena ere bada txar hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena Etxeberri Ziburukoaren Noelak liburuan dago, 1630. urtekoa. Beraz, Arabako antroponimoak 133 urtez aurreratuko luke txar hitzaren lehenengo lekukoa.

viernes, 22 de octubre de 2021

Txarrantxola toponimoa

 Txarrantxola Debako baserria da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

TXARRANTXOLA (prop.), Lastur Goia ballara
Toponimoak bi elementu lituzke, *txarrantx(o)- eta ola. Azkena hitz ezaguna da, batez ere toponimian, baina hasierakoa, ez. Antroponimo bat izan liteke, agirietan agertu gabea, oinarrian Txerran/Txarran hipokoristikoa izango zen eta ondoren -txo atzizki txikigarria izango zen. *Txarrantxo, lehenago adierazi bezala, ez da ezaguna, baina ez litzateke inongo oztoporik sortzeko, jakinik bi elementuak ezagunak direla.
Txerran ohikoa da, baina Txarran aldaeraren lekukoren bat bada, Colección Documental de la Cuadrilla Alavesa de Zuia. II. Archivos Municipales de Arratzua-Ubarrundia y Legutio liburuko A8 izeneko agirian, 1456. urtean Charran de Arçamendi izeneko gizona aipatua da.
Txarran aldaera azaltzeko, bokal asimilazioaren ondorioa izan liteke: e-a > a-a. Fenomeno bera beste bokalarekin gertatu zen Txerren toponimoan, azken honetan /e/ gailendu zen. Baina bada beste aukera bat, eR > aR bilakaera sartaldeko euskararen ezaugarria, horrela, barri 'berri' eta garri 'gerri', bezalako hitzen bitartez ezaguna. Bata izan ala bestea izan, bi bokalak berdindu ziren Txarran aldaeran.
Beraz, Txarrantxola toponimoari esker, *Txarrantxo antroponimo hipokoristiko ezezaguna agertu zaigu, eta toponimoa bera azaldu.

miércoles, 20 de octubre de 2021

Atarragorta toponimoa

 Galdakaoko toponimo zahar honek lekuko bakarra du, XVII. mendearen hasierakoa. Lekuko gehiagorik ez dagoenez, fidagarritasun osoa eman behar zaio heldu zaigun bakarrari eta hori oztopoa da. Dena den, bere bakartasunean badago ere, azalpen etimologikoa badu, ez oso korapilatua.
Lekuko hori Relación toponímica general de Galdácano izenburuko lanetik eskuratu da:

Atarragorta: 1607, sel hacia la zona fronteriza con Larrabezúa, por Artola.
Toponimoak bi zatitan bana daiteke, atarra- eta gorta, korta hedatuagoaren aldaera. Lehenego zatia iluna da, baina aldaketa bat eginez gero, gardenago agertuko da. Metatesi baten beharra dago: atarra- < *arrata-, harrate izenaren eratorpen aldaera litzatekeena.
Beraz, arrata- 'harrate' + gorta > *Arratagorta > Atarragorta. Toponimoa ziurrenik mendi aldean izango zen harrate batetik hurbil.