viernes, 29 de octubre de 2021

Txukasene toponimoa

 Donostiako toponimo honetaz lekuko bakarra aurkitu dugu, Donostiako toponimia izeneko lanetik jasoa:

Chucasene (1860, D.U.A.-D-7-1-P.).
Nahiz eta beste iturririk ez izan, toponimoa nahiko argia da, garai hartako lekukoa ongi jasorik badago. Oinarrian *Txukas antroponimoa izan daiteke, eta ondoren -(r)en + -a egitura ohikoa, nahiz eta toponimo honetan artikulurik gabe jaso.
*Txukas hipokoristikoa litzateke eta jatorrizko izena Lukas antroponimoa ongi egokitzen da. Lukas izen biblikoa ezaguna da, bere ezagutza eta zabalpena eliza kristauaren jardueragatik heldu zaiguna, Euskal Herrian lekukoak badira, XVI. mendetik gutxienez.
Aldaketa bakarra, l- > tx- bilakaera litzateke, bide hau hipokoristikoak egiteko oso arrunta da, Txeru toponimoan Txeru hipokoristikoa dago, Peru antroponimotik sortua, hasierako kontsonantea aldatu da, *Txukas antroponimoan bezala.
Beraz, nahiz eta lekuko bakarra izan, Lukas antroponimotik egindako *Txukas hipokoristikoa izango zen Txukasene toponimoaren oinarria. Horrela, toponimoa azalduta geratu da eta euskal antroponimian beste hipokoristiko bat gehiago dago, *Txukas, hain zuzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario