2022(e)ko ekainaren 29(a), asteazkena

Gomeztegi toponimoak

 Gomeztegi agertzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako toponimian.
Arabako toponimoaz, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuaren lekukoa dago:

GOMESTEGUI, caserío de Oquendo.
Bizkaiko toponimoaz, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan daude XVIII. mendeko lekukoak:
Gomeztegui [N, TO]
Gomestegui (la cassa de), Ybarruri, a.1704, FogVizcayaMs.
Gomesttegui (el molino de), Ybarruri 18.1796, FogVizcayaMs.
Gomesttegui (la casa de), Ybarruri 18.1796, FogVizcayaMs.
Gomeztegui (el molino de), Ybarruri, a.1799, FogVizcayaMs.
Gomiztegui (la caseria de) [Lejarzegui (cofradia de)], Ybarruri, a.1745, FogVizcayaMs.

Azkenik, Gipuzkoako Usurbilen Gomeztegi izeneko etxea dago. Lekuko zahar bat dago, Lope de Isastiren Compendio de la historia de Guipuzcoa izeneko liburuan badago Usurbilgo etxeen artean Comestegui izeneko bat, 1625. urte ingurukoa. Lekuko honek zailtzen du besteentzat egokia den etimologia. Hala ere, Gomeztegi > Komestegi bilakaerak ez du oztopo handirik, g-t > k-t herskarien ahoskabetasun asimilazioa alde batetik, eta bestetik z > s aldaketa herskari aurrean ez da fenomeno ezohikoa.
Gipuzkoako toponimorako bilakaera ontzat hartuz, hiru toponimoetarako analisi bera izango genuke, Gomez antroponimoa eta -tegi atzizki ezaguna. Komistain toponimoaren sarreran informazio gehiago dago antroponimo horretaz.

Urrekazulo toponimoa

Bizkaiko toponimo hau galdurik omen dago, lekuko bakarra aurkitu dugu eta hori, XVIII. mendekoa.
Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya liburuko zatia, 1775. urtean idatzia, 369. orrialdean:

... El mencionado peñascal de Amboto tiene varias cuevas profundas, en cuyo reconocimiento han andado varios extranjeros y naturales en diversos tiempos, con el objeto de descubrir minerales de metal; una de ellas llamada Vrrecazulo que está en Larrano, es de admirable profundidad, con diversas figuras petrificadas...
Toponimoak bi elementu lituzke urreka- eta zulo, haitzulo baterako izen egokia. Lehenengo elementua interesgarriagoa da, Urraka antroponimoa litzatekeelako. Baina honetan Urreka bezala agertzen da, Urrekasoro toponimoan bezala. Azken honetan azaldu genuen u-a > u-e bokal asimilazioaren ondorioa zela. Bilakaera hori Urrekazulo toponimorako ere egokia izan liteke, baina badago beste azalbide bat, inoiz *Urreka antroponimoa izan zela, Urraka ezagunagoaren aldaera. Antroponimo hau urra- 'urre' + -ka bezala azaldua izan da. Orduan, gerta zitekeen *Urreka izatea, urra- eratorpen aldaera erabili gabe. Eskura ditugu datuak urriak dira lekuko gehiago beharrezkoak lirateke, baita zaharragoak ere.
Beraz, ziurrenik *Urrakazulo > Urrekazulo bilakaera gertatu zen edo inoiz izan da *Urreka antroponimoa eta aldaera horretatik toponimoa sortu zen, agian Urrekasoro ere bai.

2022(e)ko ekainaren 27(a), astelehena

Pastagintxonea eta Pasterone toponimoak

Pastagintxonea da Berastegiko baserri bat, badu toponimo eratorri bat, Pastagintxoneko borda.
Pasterone da Berastegiko baserri baten izena.
Luis Maria Mujikaren Berastegiko toponimia (azterketa lexikala eta dokumentala) lanean bi toponimoak aipatuak dira:

PASTAGINTXONEA EDO IRARAZABAL
Ekialdeko etxea, C.HIP. (OGPAR) 1847 urtea. (197)
PASTAGINTXONEKOBORDAONDOA
Herri bereko soroa, C.HIP. (OGPAR) 6 lib. 598 zenb. 540 or., 1851 urtea.
PASTERONEA
Herri bereko baserria, erreg. 23.136.18.
Eta oin-ohar batean etimologia ematen du:
(197) Pastagintxonea edo Irarazabal etxea. Gure ustetan Pastagintxonea ez da ondorengo Pasteronea izenaren euskal formula baina, hots, pastagin- (-gin atzizkiaz, okin, ikuzkin hitzetan bezala) «pastelero» -ren ordaina. «.. dentro de los dos primeros años pagándole en el interim el interés de tres por ciento y para su responsabilidad ha hipotecado la casa nombrada Pastaguinchonea con sus pertenecidos sita en Berastegui» (C.HIP. (OGPAR) 3 lib. orokorra, 94 zenb. 60 or., 1847 urtea).
Ikus daitekeenez bezala, bi toponimoak lotzen ditu, eta horretan gure ustez zuzen dago, baina ez emandako etimologian. Izan ere, Orotariko Euskal Hiztegian hitzak daude, bastero eta bastagin, biek oso sarrera laburra dutenak:
bastero.
bastero. "Albardero, basteroa" Lcc. v. bastagin.

bastagin.
bastagin (Lar, Añ, Hb, A). "Albardero" Lar y Añ. "Bastero" Lar.
Bi hitzak sinonimoak dira, batak erdal atzizkia du, bastero gaztelaniazko hitza osorik jaso delako:
1. m. Fabricante o vendedor de bastos (|| aparejos o albardas).
Beste hitzean -gin atzizkia gehiturik sortua da. Baina esanahiak ez du loturarik gozogintzarekin, abere batzuei zama gaineratzeko tresneriarekin baizik.
Nabarmentzekoa da bi toponimoetan ahoskabetasun asimilazioa gertatu dela: b-t > p-t. Bi herskariak ahoskabe gertatu dira. Hau fenomeno ohikoa da, horrela piztu aditzean biz(i) + -tu baino ez dago.
Azkenik, aipagarria da herri berean bi hitz sinonimo izan zirela eta biak toponimo sortzaile izan zirela.

Gomezkorta toponimoa

Gomezkorta da Bergarako baserri bat, Elosua auzokoa.
Lekuko zaharrenak XVI. mendekoak dira eta ez dute ezberdintasunik egungo izenarekin. Horrela, Gomezcorta hasten da testuetan agertzen 1548. urtean eta hurrengoetan berdin agertzen da, 1555. urtean eta abarretan.
Inoiz Gomozcorta jasotzen da, 1731. urtean edo Gomoscorta 1808. urtean. Baina hasierako lekuko askoz ugariagoen artean, gaur egunera arte.
Toponimoak bi elementu lituzke, Gomez antroponimoa eta korta izen arrunta. Gomez egun deitura da baina garai batean antroponimoa izan zen, baita Gomitz aldaera ere, hau ohikoagoa euskal lurretan.
Bitxia da XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

GOMEZKORTA (GONAZKORTA) (prop.) Elosua auzoa, Bergara
Gonazkorta aldaera hori ez da behin ere agertzen Bergarako baserriaren orriaren lekuko ugarietan. Beharbada oso izen berria berria izan zen, baina lekuko gehiagorik ez dago.
Aipagarria da baserria baino lehenago saroi bat zela, korta, bertako hizkeran. Jakinik XVI. menderako etxea eraikia zela, saroi hori lehenagokoa da eta izen zaharrak iraun zuen; beraz, izendapena XVI. mendekoa baino aurrekoa da.
Komistain toponimoaren sarreran informazio gehiago dago Gomitz/Gomez antroponimoaz.

2022(e)ko ekainaren 24(a), ostirala

Arizkorreta toponimoa

 Arizkorreta da Idiazabalgo auzo bat. Gainera badira bi toponimo eratorri: Arizkorretako iturria, iturburua, eta Arizkorretasaletxe baserria.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Idiazabalgo herrikoak:

ARIZKORRETA BARRENA (2 viv.) (prop. y desh.), Mendigorria ballara
Herri beraren Santa Maria bekoa ballaran:
ARIZKORRETA ARUZKOA (2 viv.) (prop.)
ARIZKORRETA ERDIKOA (2 viv.) (prop. y col.)
Santa Maria goikoa ballaran:
ARIZKORRETA SALETXE (ESKO SALETXE) (2 viv.) (prop.)
Azkenik, Urbizu ballaran:
ARIZKORRETA ARRESE (2 viv.) (prop. y desh.)
Aurreko mendeetako lekukoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, eta hauetan XVI. mendeko lekuko bat dago eta hurrengo menderako lekukotza askoz ugariagoa da:

Gainera badago bere aldaera izan daitekeen beste izen bat, Aizkorreta, azken mendeetan lekuko batzuk dituena:

Aldaera hau nahiko zaharra da, baina bere lekukotza askoz txikiagoa da. Beraz, ageriko bilakaera litzateke Arizkorreta > Aizkorreta, baina azken aldaera honek ez zuen lortu nagusi bihurtzea.
Aizkorreta aldaera azaldu eta gero, izen nagusia geratzen da, Arizkorreta. Toponimo honek hiru elementu lituzke, hasierakoa eta bukaerakoa argiak izan daitezke, haritz eta -eta atzizkia, baina erdikoa ez, -kor-. Baina kontuan izanik lehenengo elementuaren bukaerako afrikatua, -gor- ere izan zitekeen. Horrek azalpena erraz dezake, gogor izenondoa dagoelako. Beraz, hasieran haritz + gogor + -eta bezalakoa izango zen, baina elkarketa egitean aldaketa batzuk gertatuko ziren, izenondoaren lehenengo belarea ahoskabetuko zen eta ondoren, haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jarriz gero, bat galtzen da: *Arizkogorreta > Arizkorreta.

2022(e)ko ekainaren 22(a), asteazkena

Gorordo toponimoa

 Gorordo da Areatzako baserri baten izena. Baina Gatikan daude toponimo honen lekuko gehienak, egun Gorordo da biztanle-entitate bat, eta badira hiru baserri izen: Gorordogoikoa, Gorordotxu eta Gorordobekoa.
XVII. eta XVIII. mendeetako lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Gorordo [N, TO]
Gorordo (barrio de), Gatica, a.1704, FogVizcayaMs.
Gorordo (la casa de), Gatica, a.1641, FogVizcayaMs. -/Villaro 18.1796, FogVizcayaMs.
Gorordo (la casa de) [Gogencalle (calle de)], Plencia 18.1796, FogVizcayaMs.
Gorordo (la casita llamada), Plencia, a.1798, FogVizcayaMs.
Gorordo (la cassa de), Uillaro, a.1704, FogVizcayaMs.
Gorordo_Andicoechea (la caseria de), Gatica, a.1745, FogVizcayaMs.
Gorordo_Bajera (la casa de) [Gorordos (uarrio de)], Gatica 18.1796, FogVizcayaMs.
Gorordo_Becoa (la casseria de) [Gorordo (barrio de)], Gatica, a.1704, FogVizcayaMs.
Gorordo_Vecoa (la caseria de), Gatica, a.1745, FogVizcayaMs.
Gorordo_Vecoa (la caseria de) [Uriarechaga (varrio de)], Sondica, a.1745, FogVizcayaMs.
Gorordo_de_Arriba (la casa de) [Gorordos (uarrio de)], Gatica 18.1796, FogVizcayaMs.
Gorordo_Goicoa (la caseria de), Gatica, a.1745, FogVizcayaMs.
Gorordo_Goicoa (la caseria perteneciente a la villa de Larrabezua) [Vriarechaga (varrio de)], Sondica, a.1745, FogVizcayaMs.
Gorordo_Goicoa (la casseria de) [Gorordo (barrio de)], Gatica, a.1704, FogVizcayaMs.
Gorordo_Goxeazcoa (la casa de), Gatica, a.1641, FogVizcayaMs.
Gorordo_la_Menor (la casa de) [Gorordos (uarrio de)], Gatica 18.1796, FogVizcayaMs.

Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, eta hauetan XVI. mendeko lekuko bat dago eta hurrengo menderako lekukotza askoz ugariagoa da:

Azken 500 urteetan izena ez da aldatu baina hemen proposatuko den etimologiaren arabera, aldaketa bat gertatu zen toponimoa papereratu baino lehenago. Hasieran bi herskari belare izango ziren izenean, baina disimilatu ziren: g-g > g-r. Beraz, aurreko egoerara itzuli eta *Gogordo berreskura dezakegu. Hau ere ez da oso izen ezaguna baina Alfonso Irigoienek, bere De re philologica linguae vasconicae V liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica izen hori aipatu zuen baita azaldu ere, 5. or.:
IB-22 Gogordo (la casa de labor de) [a.1857] NclGuipúzcoa (14) 133 [Oñate], sin duda formado a partir de vasc. gogor ‘duro, cruel’, tratándose en su origen con toda probabilidad de una persona llamada así, cfr. Gogorrena (la casa de) a.1745 FogVizcayaMs’ (15) [varrio de Larrondo, Lujua] [la (casa) de Gogor’].
Garai batean -do atzizkia izan zen, sartaldeko eremuan, orduan gogor + -do > *gogordo izenondoa sortuko zen, egun gogortsu hitzaren antzekoa. Izengoitia ere izan zen eta horrek utzitako aztarren bakarra, antza, Gogordo etxe izena. Gorordo izen bera litzateke, baina apur bat aldaturik.

2022(e)ko ekainaren 20(a), astelehena

Gomezena toponimoa

Gomezena toponimoa Bizkaian dago. Etxebarriko herrian baserri bat da, eta badira bi toponimo eratorri, Gomezeneko basoak eta Gomezeneko trokea, erreka-zuloa dena eta troka izena duena, Bizkaian nahiko hedatua. Gainera, Gernika-Lumon badago Gomezenak izeneko etxea, egun desagertua dena.
Toponimoak ez du zailtasun berezirik, Gomez antroponimoa genuke eta jabetza adierazteko -(r)en eta artikulua. Gomez deitura ere izan liteke, egun horrela ezaguna da baina garai batean antroponimoa izan zen. Euskal Herrian Gomitz aldaera hedatuagoa izan zen baina erdararen eraginak Gomez ere ezaguna egin zuen, baita toponimian ere. Komistain toponimoaren sarreran aipamen luzea dago antroponimo honetaz eta bere jatorriaz.