Androneka toponimoa Arroitz herrikoa da, Nafarroakoa. Lekuko zaharrena 1602. urtekoa litzateke, Androneca bezala idatzia. Hurrengo mendeetako lekukoetan aldaera batzuk badaude ere, nabaria da lekukoetako Androneka-ren nagusitasuna, agertzen diren aldaerak kotuan hartzekoak ez direla.
Toponimoak bi elementu izango lituzke, andre eta Oneka, Andreoneka antroponimoa eratu zutenak. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan dagoen bezala:
"4.17. ANDRE ONECA / ANDEREA ONECA (*ANDERE ONECA), emakume-izenak: Andre Oneca, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 122); Anderea Oneca de Aoiz, (s. XI-XII, El gran Pr. Nav., dok. 2). Ikus ONECA hirugarren zerrendan."
Oneka antroponimoa, Irigoienen arabera, Eneko-ren emakumezko aldaera litzateke, hasierako zatia, beharbada, on adjektiboaren analogiaz aldatua.
Andreoneka antroponimotik Androneka toponimora gertatu den aldaketa bakarra izan da bi elementuen elkargunean izandako fusioa.
Blog honetan behin eta berriz ikusi bezala, antroponimo huts batek toponimoa osatu zuen, bestelako elementu gehigarririk gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario