martes, 27 de agosto de 2019

Toberagina toponimoa

Behin baino ez da agertzen toponimo hau, Durangon bazegoen eta lekukoa XVIII. mende bukaerakoa da. Lekuko bakarra Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan bada:
Toberaguina [N, TO]
Toveraguina (la casa nombrada de) [Ermodo (uarrio de)], Durango, a.1796, FogVizcayaMs.
Behin bakarrik agertu bada ere, toponimoaren esanahia nahiko argia da, nahiz eta Orotariko Euskal Hiztegian ez agertu. Baina bi sinonimo agertu dira, toberagile. "Toberero, el que fabrica toberas" eta toberari. "Toberero, el que fabrica toberas", bietako iturri bakarra Larramendiren hiztegia da. Beraz, bi hitz horiei beste bat gehitu beharra dago, toberagin. Bere egitura tobera izena eta -gin atzizkia, egiletasuna adierazteko, "toberak egiten dituena".
Toberagina toponimoaren bitartez toberagin hitza berreskuratu dugu eta toponimoa azaldu, burdinolen garrantzia berriro agerian geratzen dela.

martes, 20 de agosto de 2019

Amulategi toponimoa

Amulategi izeneko baserria badago Bizkaiko Markina-Xemeingo herrian. Lekuko zaharrik eskura izan ezean, zalantzarako lekua geratzen da, aurkeztuko den analisia etimologikoarekin. Hala ere, toponimoa dagoen bezala, etimologia ona badu. Hasteko etxe izena denez, ez litzateke ezohikoa antroponimo bat tartean izatea, blog honetako etxe izen gehienetan bezala. Horretarako, lehenik toponimoaren elementuak banatu eta aztertu beharra dago. Bi dira aurkitzen diren elementuak, amula- eta -tegi. Azken hau oso ezaguna da eta toponimo ugaritan aurkitua izan da, ez dago, beraz, zailtasunik. Baina hasierako iluna da, amula-. Baina bada oso antzekoa den antroponimo bat, emakumezkoa: Amuna. Blog honetan badaude izen honetaz sortutako toponimoak, Amunaga, Amunartia, Amuña eta Torremuña toponimoak bezala.
Baina Amulategi ezberdina da, aldaketa bat jaso zuelako, sudurkarien disimilazio bat: m-n > m-l, beraz, lehen *Amunategi izango zen eta disimilazioaren ondorioz, Amulategi bihurtu. Aldaketa hori Muliate toponimoan gertatutako bera da.
Beraz, Amulategi toponimoa, alde batetik Amuna antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat litzateke eta, bestetik, m-n > m-l disimilazioarena ere bai.

Malgarraz toponimoa

Ibarrangeluko toponimoa da, beraz, Bizkaikoa. Hiru lekuko ezagutzen zaizkio, guztiak XVIII. mendearen bukaerakoak. Lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:
Malgarraz [N, TO]
Malgarrax (el molino de), Ybarranguelua, a.1796, FogVizcayaMs.
Malgarraz (la casa de), Ybarranguelua, a.1798, FogVizcayaMs.
Malgarraz (la casa de) [Guendica (uarrio de)], Ybarranguelua, a.1798, FogVizcayaMs.
Toponimoaren lekukoetatik ez dago nabariak diren aldaerarik, eta hau normala da oso urte gutxiko tartea dutelako. Beraz, Malgarraz aztertu beharra dago, lekuko zaharragorik ez bada agertzen. Izen honek bi elementu lituzke, mal- eta -garraz, azkena garratz izenlagun ezaguna da eta azaltzeko geratzen da hasierako zatia. Baina ez dago mal- bezalako hitz arruntik eta, pentsatzekoa litzateke aldaketaren bat jaso duela. Toponimoaren lekukoak zaharrak badira ere, sortu zenetik jaso zenerako hainbat mende joango ziren eta bitartean aldaketaren bat gertatuko zen, beharbada Madal- > Mal-, bokalarteko /d/ galdu eta bi bokal berdinak batu ziren. Madal- eratorpen aldaera litzateke, hain zuzen madari izenarena, bilakaera bera euskara > euskal- izenean bada, eta beste hitz batzuetan.
Hasieran aipatutako liburuan bada madal- aldaerarekin sortutako toponimo bat, Madalbe:
Madalbe [N, TO]
Madalbe (la casa de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs. -/Busturia, a.1745,
FogVizcayaMs. -/Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.
Madalbe (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.

Madalbe [N, NO]
Madalbe (J(ua)n de) [Echachua (la cassa de) (pr.n.res)], Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Madalbe (J(ua)n de) [Madalbe (la cassa de)], Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Madalbe (Juan de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.
Madalbe (Manuel de) [Madalbe (la casa de)], Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Madalbe toponimoarena analisia madal- 'madari' + be 'behe'. Madari zuhaitza litzateke, ez fruitua.
Malgarraz toponimoa, beraz, madal- 'madari' + garratz, fruituen ezaugarri bat azaleratuz eta toponimo bihurtuz.

martes, 13 de agosto de 2019

Labaita toponimoa

Berrizko toponimo hau bi aldiz lekukotzen da. Lekukoak XVIII. mendekoak dira eta Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik jaso dira:
Labaita [N, TO]
Labayta+ (la casa de) [Ocango (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Labayta+ (la caseria de) [Murgueytio (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoa bi zatiz osaturik izango litzateke, laba- eta -ita. Lehenengoa laba 'labe' litzateke, -e > -a bilakaera gertatua, bizkaierazko andra 'andre', lora 'lore' eta hainbat hitzetan agertzen den aldaketa bera. Atzizkia, berriz, -eta litzateke, ae > ai bilakaera gertatu zaiola, bokalen disimilazio bat. Beraz: laba + -eta > *Labaeta > Labaita. Atzizkiaren bilakaera ez da oso zabaldua, baina toponimian badira hainbat adibide, eta Labaita litzateke haietako bat.

sábado, 10 de agosto de 2019

Otxandaetxea toponimoa

Toponimo hau behin lekukotzen da, 1406. urtean, Leintz eta Aramaioko mugen arteko eremuan. Amojonamiento del Valle de Léniz izenburuko agirian badago aipatutako lekuko bakarra:
E del dicho lugar fueron delante al lugar que dijeron "Ochanda-echea", la que está sobre el lugar que llamaban "Barrungoarroa" pusieron allí una piedra por mojón con su testigo.
Lekuko bakarra bada ere, azterketa gardena bada, eta gainera toponimoaren sorrera data ez zen askoz lehenagokoa izango; hori dela eta, analisiaren ziurtasun osorik ez badago ere, proposatutako etimologia guztiz egokitzen denez, zuzentzat har liteke. Toponimoak bi zati lituzke, alde batetik Otxanda antroponimoa eta bestetik etxe izena, -a artikulua zenbatu gabe.
Otxanda izena behin baino gehiagotan agertu da blog honetan, Otxanda, Donostiako toponimoa; Otsandagorta, Zeanuriko toponimoa; Otxandarri, Villaverdeko toponimoa; Otxandaperra toponimo arabarra eta Peñaochanda toponimo nafarra.
Horiek guztiek erakusten dute Otxanda antroponimoaren bizitasuna, gaztelaniaz ere erabilia izan bazen, azken toponimoak argi uzten duen bezala.
Toponimoaren bigarren elementua etxe izan zen, ez da ohikoa antroponimoekin baina badira adibide gutxi batzuk, blog honetako Jakobetxe eta Otsoetxe toponimoak bezala. Azken honen oinarria Otsoa antroponimoa izango zen, Otxanda bere eratorrietako bat izango zena.

Manpelobaso toponimoa

Aguraingo toponimoa. Bi lekuko badira toponimo honetaz eta biak XX. mendekoak. Lehenengoa Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa da:
MAMPELOBASO, monte de Salvatierra
Bestea, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Toponimia de la montaña alavesa, Sierra de Encia, 9. or.:
14.— Alto Mampelobaso
Manpelobaso izenak ez du aldaerarik erakutsi eta, beraz, analisi etimologikoa hortik hasiko da. Toponimo honek bi zati lituzke Manpelo- eta baso. Bigarrena ezaguna da, baso oso ohikoa delako baina hasierako zatia iluna da, manpelo-. Honek ez du euskal hitzen itxurarik, ez da hitz ezaguna. Horrek antroponimiaren eremura eramango gintuzke. Ez dago antroponimorik horrelako formarekin, baina beharbada antroponimoa baino, izengoitia zen. Baina ez euskaraz sortutakoa, erdaraz baizik. Horrelako gertaerak ez dira oso arrotzak, batzuetan elebitasuna dela eta edo adierazkortasuna bilatuz, izengoitia erdaraz izan zitekeen, nahiz eta hiztunak euskaldunak izan. Izan ere, leku horretatik ez urrun, Nafarroako Iturmendi herrian toponimo antzeko bat bildu zen, Dospeloserreka, Toponimia de Iturmendi lanetik jasoa. Izen honetan izengoitia, Dospelos, erdarazkoa baina toponimoa, Dospeloserreka, euskarazkoa.
Manpelobaso toponimoaren izengoitian pelo 'ile' ere badago, baina hasierako elementua, zein? Beharbada mal + pelo > *Malpelo izengoitia sortu zen eta toponimoa, hasieran, *Malpelobaso izango zen. Gero, l-l > n-l disimilazioa gertatu zen eta Manpelobaso toponimo hala geratu zen, hasierako elementuaren esanahiaren ezagutza galduta.

martes, 6 de agosto de 2019

Valdemollina toponimoa

Balmasedako auzo baten izena da, beraz, Bizkaiko sartaldekoa, Enkartazioetakoa. Egun Valdemollina izeneko aldaera nagusi bada ere, Erdi Aroan eta are geroago, Valdemoñina izenez ezaguna izan zen. Horrela, Valmaseda en el siglo XV y la aljama de los judíos liburuan behin eta berriz aipatua da agirietan. Liburu honetan jasotako lehenengo agirian, Inventario de los bienes raíces que hizo la villa de Valmaseda, en el año 1487 izenburua duen horretan, hauek dira jasotako lehenengo lekukoak, liburuan askoz gehiago agertzen direlako:
el parral de valdemonjna, sobre camjno, mjll e quatroçientos mrs.
el parralejo de valdemonjna so camjno, treszientos mrs.
[...]
el medio quarto del parral de valdemonjna sobre camjno, dozientos mrs.
[...]
por la meatad del parral de valdemonjña, seiscientos mrs
[...]
otro parral en valdemoñjna que fue del dicho Juan de mjtrra, quatroçientos maravedis
[...]
mas vn parral en valdemoñjna ciento e veynte mrs.
vnas mjmbreruelas en valdemoñjna, dies mrs.
[...]
mas vn parral en valdemoñjna que fue de su padre, ochoçientos mrs.
[...]
mas por vn parral en valdemoñjna que fue de pero saenz de ahedo, ciento y veinte mrs.
por vn parral de voldemonjna que fue de martjn saenz de arees, trezientos maravedis
Badira agiri horretan eta besteetan hainbat ezberdintasun grafiko: v/b, n/ñ, baina, funtsean ez lukete inolako diferentziarik islatuko ahoskeran, zalantzarik gabe Valdemoñina izango zen.
Hurrengo mendeetan sudurkari disimilazioa gertatu eta gauzatuko zen: ñ-n > ll-n, Valdemoñina > Valdemollina, eta azken hau izan da gure egunetaraino heldu dena.
Beraz, Valdemoñina toponimoa da aztertu beharrekoa. Erromantzez sortutakoa izan zen val 'valle' de Moñina, hau da, "Moñina-ren harana". Nabarmentzekoa litzateke Moñina antroponimoaren /o/ bokala, oso egonkorra izan dela, eta Muñina izen berarekin diferentzia duena, beharbada erdararen bilakaeragatik. Hala ere, Muño antroponimoaren hipokoristikoa Moñina litzateke, o/u bokalen arteko ezegonkortasunaren erakusgarria izanez.
Laburtzeko, Muñina/Moñina emakumezko antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago litzateke egungo Valdemollina izena, erdaraz sortua eta aldatua.

sábado, 3 de agosto de 2019

Muñinegia toponimoa

Ataun inguruko toponimo zahar hau Erdi Aroko lekuko batzuen bitartez ezaguna da. Dirudienez, ez da gure egunetaraino heldu. Lekuko guztiak iturri bakar batetik hartuak dira, hala ere, toponimo honek zenbait aldaera baditu, eta sarrera honetarako hartutako izendapena gurea da, aldaera jatorrena omen zena hartu dugu, ortografia eguneratuz.
Lekukoak badaude Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren agiri zaharren artean. Lehenengo lekukoak agertzen dira 29. agirian, 1451. urtean:
Especialmente para que puedan librar e determinar, ygoalar e componer los pleytos e deuates que entre las dichas nuestras partes son: primeramente, sobr’el sel de Urrestouia y sobre los seles de Muyneguia e Ola de yuso e Vildasola e Arbiçeta
[...]
E por quanto el dicho concejo de Villafranca dize ser suyo el dicho sel de Urrestouia e estar en possesión [d’ellos]; e la dicha unibersidad de Amézqueta dize ser suyos los dichos seles de Fardelus con su cueba e deuisa, e el sel de Latossa e el sel de Ollarça e el sel de Alçolaraça, e que están en possesión d’ellos; e la dicha unibersidad de Caldiuia sobre los seles de Muyneguia e Ola de yuso e Villasora e Arbiçeta
Beste lekuko bat, hurrengo urtekoa, 32. agirian, 1452. urtean:
[de] Ydoybelcibar, e Loyola saroea, e Suneta hondarra, e Huchustoui behigorre adana, e Metindaras coba urrea, e Arbiçeta bihurdi saroea, e Hola de suso, e Uildosola en Muyneguia, e Otorgayña, e Otaydi, e Leycasobea, e Arpeloa, e Manrucicatis olaca, e Guiberriça
Azkenik, beste hiru lekuko, urte bereko beste agiri batean. Baina azken agiri hau, beste agiri baten kopia da, eta originalak toponimoaren lekukoen aldaera interesgarriak baditu. Ataungo kopiaren lekukoak, 34. agirian, 1452. urtean:
E el dicho sel e logar llamado Muynega (38) ser en término e exido común de Lazcano e Ataun e Caldiuia
[...]
adjudicamos a la dicha tierra de Caldivia e a los vezinos e moradores d’ella el dicho logar llamado Arbiceta con Muyneguia (41) e Ola
[...]
[e] toda vía fínqueles en saluo si algún derecho tiene[n] los vezinos de Lazcano e Ataun en el dicho sel e logar llamado Muynega (43).
Hiru lekuko horien oharrak:
38. El texto original de Villafranca dice “Munninateguia”.
41. El texto original de Villafranca dice “Munnineguia”.
43. El texto original de Villafranca dice “Munnineguia”.
Lekukoak batuta, horrelako zerrenda egin liteke: Muyneguia, Muyneguia, Muyneguia, Muynega (Munninateguia), Muyneguia (Munnineguia) eta Muynega (Munnineguia). Bi talde egin litezke, Muñegia eta Muñinegia, Muñinategia salbuespenaz ahaztu gabe. Muynega bezala jaso direnak, ziurrenik gaizki idatzitakoak lirateke. Aukera bat egin behar izanez gero, Muñinegia hartuko genuke, Muñegia aldaera laburtua ematen du. Muñinategia, aldiz, bestelakoa da. Barruko /t/ horzkariak bakan egiten du, eta beste lekukoak kontuan izanik, toponimoaren interpretazio bat litzateke, herri etimologia beharbada, Muñina antroponimoa eta -tegi, Muñinegia toponimoaren oso antzekoa, baina ez berdina.
Muñinegia bada aztertzeko aldaera, bi elementu lituzke, blog honetan aztertutako toponimo gehienak bezala. Hori bai, artikulua kontuan hartu gabe. Bi elementuak Muñin- eta hegi (edo -tegi?) izena litzateke. Lehenengoa antroponimoa izan liteke, baina badira bi aukera, Erdi Aroko lekukoetan jasoak dira Monino eta Munina (edo Muñina). Horrela, gizonezko aldaera dutenak hauexek lirateke, Donemiliagako kartulariotik hartuak:
Monino Ferrero 59. agiria
Monino Belastar [in Loriga [Elorriaga?]], 64. agiria, 952. urtea
Monino Roiz. In summo de valle de Royo = Monnio Roiz, 299. agiria, 1058. urtea
Azken lekukoan nabari da batzuetan antroponimoa eta bere hipokoristikoaren arteko lotura, gizon bera izendatzeko biak erabiliz, Monino eta Monnio.
Emakumezko Munnina-ren lekukoak ugariagoak dira:
Munnina Paterne, 56. agiria
Munnina, 60. agiria
Munnina, 128. agiria
Munnina, 335. agiria
Munnina Ceca, 340. agiria
Lekuko batzuetan /u/ bokala izan beharrean /o/ dago, Monnina aldaera:
Monnina, 33. agiria
Monnina, 202. agiria
Monnina Ceca, 369. agiria
Azken lekukoa, Monnina Ceca eta lehenagoko Munnina Ceca, ziurrenik emakume bera bada eta horrek erakusten du o/u bokalen arteko zalantza edo bazela.
Antroponimo honen analisia, Munia (edo Muñia) eta -ina atzizki hipokoristikoa. Eukaraz ere sor zitekeen, baina kanpoko lekukoen ugaritasunak pentsarazten digute antroponimo honen sorrera kanpoan izan zela, izan ere, elementuak kanpokoak lirateke, bai antroponimoa eta baita atzizkia ere. Euskararen barruan sortzea ez litzateke ezinezkoa, elementu antroponimikoen mailegatzea nahiko arrunta da, baina lekukoen kopurua eta zabaltasuna kontuan izanik, Muñina litzateke beste antroponimo bat maileguan hartua.
Gogoratu beharra dago badela Euskal Herrian lekuko bat nahiko zaharra dena, Arabako Munia edo Munnina, Asturiasen ezkonduz eta Alfonso II.aren ama izan zena. Bi kronikatan aipatzen dute bere izena, Crónica Rotense delakoan Muninam badago eta Crónica Sebastianense delakoaren arabera, Munniam bada. Beharbada ez dago okerrik, eta izen biak bazituen, lehenagoko Monino Roiz bezala, Monnio Roiz ere badena, Arabako Munia zena Mun(n)ina ere izan zitekeen.
Beste zenbait antroponimorekin gertatzen den bezala, izen beraren gizonezko eta emakumezko aldaeren artean desoreka bada, erabilera askoz nabarmena da batzuekin edo besteekin, baina hori beharbada baldintzatua dago guregana heldu den dokumentazioagatik. Den den, badira hainbat izen esanguratsu, Otxanda bezala, Otxanda toponimoari eskainitako sarreran aipatua da Otxando/Otxanda izenen arteko desoreka, gizonezkoaren izenak besteak baino bizitza laburragoa izan zuen, eta badirudi Otxanda bihurtu zen Otxoa-ren emakumezko aldaera, nahiz eta jatorriz Otxando-rena izan.
Beharbada Muñina antroponimoa bere gizonezko aldaera baino askoz gehiago erabilia izan zen, Erdi Aroko lekukoek horrela adierazten dute eta horrexegatik oinarrian Muñina izatea askoz ziurragoa da, toponimoak berak erakusten du Muñina + hegi + -a > Muñinegia bilakaera erraza, aldaketa bakarra ae > e bokal fusioa gertatu dela. Beharbada Muñinategia aldaerak jatorrizko toponimoaren berregite bat baino ez da, toponimo zaharraren eguneratze bat, elementuen gardentasuna berreskuratuz: Muñina + -tegi + -a?