miércoles, 29 de enero de 2025

Olarreta toponimoak

 Olarreta da Bizkaiko zein Gipuzkoako toponimoa. Elgoibarren Olarreta izeneko basoa dago. Bizkaiko lau herritan agertzen da Olarreta, Abadiñon tontor bat da, Diman basoa, Busturian etxe bat eta Gautegiz-Arteagan baserria.
Dimako ahozko lekukoen artean Olaerreta dago, baina lekukoa 2002. urtekoa da eta zaharrena, XX. mendearen erdialdekoa, ez da horrelakoa, Olarreta (1956). Horrelako egoera batean zaila da toponimoaren analisi zuzena. Aukera bat izan daiteke ola + larra + -eta, eta ondoren haplologia baten eraginez, Olarreta bihurtu zen. Horixe gertatuko zen Olarra eta Olarrain toponimoekin, emandago etimologia zuzena bada. Bestela, ola + erre + -eta ere izan zitekeen baina bitxi izan daiteke hainbeste toponimotan horrelako egitura bat izatea. Hala ere, Busturiako etxearen izena ezberdina zen duela 300 urte, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan agertzen den bezala:

Olaerrota [N, TO]
Olaerrota (el molino de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs., a.1745, FogVizcayaMs.
Olaerrota (la casa de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.
Olaerrota (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.


Olaerrota [N, NO]
Olaerrota (Domingo de) [Olaerrota (la cassa de)], Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.

Olarrota [N, TO]
Olarrota (la casa de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.

Olarrota [N, NO]
Olarrota (Juan de), Busturia, a.1798, FogVizcayaMs.
Olarreta zein Olaerrota deitura bihurtu ziren eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Busturiarako Olaerrota > Olarreta bilakaera ere antzeman daiteke:

Olaerrota Busturian kokaturik agertzen bada ere, Olarreta deitura beste herri batzuetan bazen eta horrek adieraziko luke Busturiarako egingo den analisia egokia ez dela.
Busturiako toponimoaren lekuko zaharrenetan Olaerrota, gero Olarrota eta orain Olarreta. Lehengo egitura oso argia da, ola + errota, ondoren laburketa gertatu eta Olarrota agertu zenean izena ilundu zen apur bat eta, azkenik, Olarreta izatearen arrazoia -eta atzizkiaren eraginez gertatuko zen.
Beste toponimoen kasuan ez dago lekuko zaharrik eta ola + larra + -eta zein ola + erre + -eta izan daitezke, baina Olarra eta Olarrain toponimoetan gertatua beste gehienetan izan bada, ola + larra + -eta lehenetsiko genuke, Busturiako etxearen izenean izan ezik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario