miércoles, 8 de enero de 2025

Azarrolatza toponimoa

 Azarrolatza da Etxebarriko etxebizitza bat, Bizkaian. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiaren lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira:

azarrolaza (1796)
azarrolaza (1796)
Azarloza (1956)
Ezaguna da deiturek toponimoen aldaera zaharrak gordetzen dituztela, toponimoaren bilakaera luzeetan laburketak gertatzen direla, baina deituretan aldaketarik ez da izaten. Baina toponimo hau deitura bihurtu zen aldaera laburtua duela, Azarloza, ez da oso deitura hedatua eta bere egoitza nagusia Bizkaia da, INE delakoaren web gunean ikus daitekeenez bezala:

Toponimora itzuliz, aski nabarmena da laburketa gertatu zela, silaba bat galduz. Arrazolazaren lekukotza ez da hor geratzen, 300 urteko lekuko zaharrago bat dago La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuaren 51. agirian, 1498. urtean:
Testigos que a todo lo suso dicho fueron presentes llamados espeçialmente rogados para esto Juan abad de Bulucua e Pedro de Avlestia estudiante, e Martin de Gana ospitalero del dicho monesterio, e Sancho de Meabe veçino de la villa de Marquina e Juan Peres de Açarrolaça e Furtunno de Asorin, vezinos en la anteyglesia de Echabarria.
Honek antzinatasun handiagoa ematen dio toponimoari eta ziurtasun handiagoa hurrengoan eskainiko dugun etimologiari. Toponimoak hiru elementu lituzke, bukaeran -tza atzizkia, aurrerago ola izen arrunta oso ezaguna toponimian eta oinarrikoa bitxiena litzateke, azar- hori metatesizatua litzatekeelako. Kontsonante trukaketa gertatuko zen eta orduan zaharrena *Arrazolatza litzateke, eta izen horren oso antzekoa da Arrazola toponimoa. Azken honetarako arratz 'erratz' proposatu genuen, jakinik sartaldean eR > aR bilakaera bazela. Beraz, Etxebarriko toponimorako gertatutako ibilbide osoa hauxe litzateke: *arratz 'erratz' + ola + -tza > *Arrazolatza > Azarrolatza > Azarloza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario