miércoles, 29 de enero de 2025

Andrebetena eta Androtenia toponimoak

Aurizberriko toponimo hau bi lanetan agertzen da, Orreaga Ibarraren Erroibarko eta Esteribarko oikonimoak (I) eta Erroibarko eta Esteribarko oikonimoak (II) izenburukoetan. Azken honen 132. orrialdean informazioa bildurik agertzen da:

Egun Androtenia bada ere, XVII. mendeko lekukoetan ezberdina zen, Andrebaterena eta Androbetena. Zorionez, Sarasibarren bazen oso antzeko izen bat, Andrebetena (1644, 1677), jatorrizkotik hurbilago dagoena. Egileak egiten duen analisia ez da ezinezkoa, baina beste bat dago, Sarasibarko etxearen izenari erabat egokitzen zaiona, antroponimoa *Andreuet izango zen, Andreuren hipokoristiko bat, ondoan -et atzizki txikigarria duela. Blog honetan Andrioena toponimoa aztertu zen eta oinarriko antroponimoa Andreuren aldaerareko bat zen.
Dirudienez, Sarasibarko toponimoa XVII. mendean izen jatorrizkotik loturik zegoen baina Aurizperrikoa galdua zuen jatorrizko antroponimoarekin lotura eta aldaerak agertzen hasi ziren.
Hala ere, Andrioena toponimoaren sarreran beste hipokoristiko bat aipatzen da, Andreota. Hori edo bere gizonezko kidea, *Andreot, izan litezke Aurizperriko toponimoaren oinarriak, agian horrela azalduko litzateke /o/ bokalaren agerpena. Dena den, herri horretako lekukoak desitxuraturik zeuden XVII. menderako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario