sábado, 24 de abril de 2021

Jandisolo toponimoa

 Toponimo hau Arrazolan zegoen, hau da, Elorrioko udalerrian. Dirudienez, lekuko zaharrena duela 500 urtekoa da, Colección Documental del Archivo Municipal de Elorrio (1013-1519) liburuan dagoena, 23. agirian, 1501. urtean:

... entrel conçejo de la dicha villa [Elorrio], de la vna parte, e de la otra los prestamero e merino e justiçia e vecinos de la merindad de Durango, en rason del mojonamiento de las partes de fasya Leanisgaray e Sayarrias e Ylunçar e Jandisolo e Verengarate...
Hurrengo lekukoak XVIII. mendekoak dira, bat mendearen erdialdekoa eta besteak bukaerakoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan jasoak:

Jandisolo [N, TO]
Jandisolo (la caseria de), Arrazola, a.1745, FogVizcayaMs.

Jaundesolo [N, TO]

Jaundesolo o Echezar (la caseria de), Arrazola, a.1796, FogVizcayaMs.

Juandesolo [N, TO]
Juandesolo+ (la otra caseria de), Arrazola, a.1796, FogVizcayaMs.
Juandisolo+ (la casa de), Arrazola, a.1798, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharrenak bat datoz toponimoa Jandisolo izendatzerakoan, baina azkenetan hiru aldaera daude, Jaundesolo, Juandesolo eta Juandisolo. Azken lekuko hauetan badirudi herri etimologia gertatu dela eta jaun zein Juan hitzen eraginez aldatu dira aipatutako lekukoak. Zailagoa da /e/ bokala azaltzea, beharbada Juandisolo bezalako aldaera sortu eta ondoren hiperzuzenketa gertatu zen, aurreko toponimo batean azaldu bezala i-a > i-e asimilazioa ohikoa izan da eremu askotan, Lopeigertu toponimoan bezala. Hiztunak jakitunak izan litekezke bilakaera horretaz eta, zenbaitetan, zuzentzen saiatzen dira, atzeranzko urratsa eginez, baina batzuetan zuzenketa hori egiten dute beharrezkoa ez zen izenetan, asimilazioak aldatu ez dituenak eta horrela, aldaera berriak sortzen dira.
Toponimoak bi elementu lituzke, Jaunti antroponimoa eta solo izen arrunta, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Aipagarria da antroponimo honetatik sortutako toponimoetan jand(i)- aldaera izaten dela, hala nola Janduri, Jandustegi eta Jandolamendi toponimoetan.

viernes, 23 de abril de 2021

Lopeigertu toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendearen bukaerakoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan dagoena:

Lope Iguertu [N, TO]
Lope_Yguertu (la casa de) [Erandio (uarrio de)], Erandio, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra bada ere, dagoen bezala analiza daiteke eta informazio interesgarria ematen du, toponimoaren etimologiaz gain. Bi elementuz osaturik dago, Lope antroponimoa eta igertu, ihartu aditz ezagunagoaren aldaera, i-a > i-e asimilazioa gertatu zaio, bilakaera hori ezaguna da hainbat euskal eremutan eta batzuetan toponimoetara ere hedatu da. Asimilazio horretaz gain, badago beste ezberdintasun bat ihartu partizipioarekin, /g/ herskaria tartekatu dela, izan ere, igartu aldaera nahiko zabaldurik dago, baita igartza izen eratorria ere. Ihar zein ihartu ohikoak dira toponimian, Lasiar toponimoan esaterako, erreka bat litzateke oinarria.

Emereta toponimoa

 Emereta Asparrenako aurkintza da, beraz, Arabako toponimoa.
Lekuko zaharrak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan, XVII.mendetik hasita:

EMERATA, 1754, mojonera Gordoa-Luzuriaga.
EMERETA, 1652, anterior.
Gainera, badira bi toponimo eratorri, Emeretagaña eta Emeretazulo:
EMERETAGAÑA, 1818, como anteriores.
EMERET-GAÑA, término de la mojonera del despoblado de Ulibarri.
EMERETAZULO, término de la mojonera del despoblado de Ulibarri.
Toponimoak bi elementu lituzke, Wimara antroponimoa eta atzizkia, -eta. Antroponimo hori Bizkaiko toponimo batean omen dago, Kimera toponimoan, hain zuzen. Hasierako fonema galduko zen, /w/ egokitzeak hainbat irtenbide zeuden eta bat izango zen fonema galtzea. Ondoren lehenengo silaba asimilatuko zen, bigarrenaren eraginez: i-e-a > e-e-a.
Atzizkirako bi aukera daude, -eta atzizki multzogarria izatea, baina antroponimo batekin ez da egokia, eta, bestea, leku esanahia izatea, hau da, Wimara izenekoaren lekua. Ez da ahaztu behar hirugarren aukera badela, -eta atzizki hipokoristikoa, Otsoeta toponimoan Otxoeta antroponimoa izan zitekeelako, Otxoa antroponimotik sortutako izen hipokoristikoa. Hori aplikatu Arabako toponimoari eta *Emereta antroponimoa izan zitekeen? Antroponimo ustezko honen lekuko zuzenik ez dago baina horrek ez du esan nahi inoiz izan ez denik.
Laburbilduz, toponimo honetan Wimara antroponimoa litzateke eta, azken zatian, -eta atzizkia, lekua adieraztekoa edo, aukera gutxiagoekin, atzizki hipokoristikoa, eta horrek esan nahiko luke lehenago izan zela *Emereta antroponimoa, lekukorik gabekoa.

martes, 20 de abril de 2021

Galzuriz toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Galzuriz, XIII. eta XIV. mendeetako lekukoen bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 147. or.:

 Toponimoak hainbat aldaera erakusten ditu: Galçurit, Galçariz, Galçuriz eta baita Galcurritz ere. Toponimoaren aldaera jatorrena Galzuriz litzateke, besteak kakografiak direlako, toponimoa idazterakoan, kopiatzerakoan edo irakurtzerakoan sorturiko akatsak.
Toponimoak bi elementu lituzke, galtzuri hitz elkartua eta -tz(e) atzizkia, ugaritasuna adieraztekoa.
Galtzuri hitzak ez du lekukotza handia utzi, baina txiki-txikia ere ez da:
galzuri.
1. (V-arr-oroz), galtxuri (AN; Lar, Izt C 44 y Lcq 174; galxuri H), gari-zuri (Lar (+ txuri), Lcq 173 (txuri), H (xuri)). Ref.: A (galzuri, galtxuri, gari).
"Candeal, trigo que hace el pan muy blanco" Lar. "Escanda, escandia, escaña, especie de trigo, galtxuria, gari zuria " Ib. "Albarigo o albarejo, trigo muy blanco, gari txuria " Ib. "Escanda, trigo desbarbado, el mejor" A s.v. gari. Cf. VocNav: "Galchuria: [...] escanda común (Valle de Bertizarana)". v. galbera, gainzuri (4), TXORI-GARI.
Baiña garian eta galtxurian etzuen kalterik egin. Ur Ex 9, 32. Gari-uzta, galtxuri mardula eta buruxkadun landarak biltzeko. 'Épeautre robuste' . Ibiñ Virgil 74. Galtzuri orailla erein dezakezu. 'Épeautre blond'. Ib. 71. Ogia gari-zurizkoa. "El pan candeal". Berron Kijote 48.
2. "Galtxuri (G-to), grano de trigo con su cascabillo" A.
Lehen idatzi bezala, galtzuri hitz elkartu da, gal- 'gari' + zuri hitzekin sortua. Hitz honen lekuko zaharrena Larramendiren hiztegikoa litzateke, 1745. urtekoa, eta beraz, Galzuriz toponimoak 463 urtez aurreratuko luke galtzuri izenaren lehenengo agerpena.

Antzarrigartu toponimoa

 Arrasateko leku izena da, lekuko zaharrenak XV. mendekoak dira eta Arrasateko toponimia liburutik jaso da toponimo honen informazio guztia, 418-419. orrialdeetan:

 
Toponimoak bi elementu ditu, antzara eta ihartu. Biak aldaerak dira, toponimoan antzar eta igartu agertzen direlako, baina partizipioaren kasuan, iartu da hasierako aldaera, XV. XVI. eta XVIII. mendearen hasieran, ondoren, igartu nagusitu zen, aldaera zaharra desagertzeraino. Oinarriko izena antzar da, antzara-ren sartaldeko aldaera, Bizkaian zein Gipuzkoan erabilia.
Toponimoaren esanahia argia da, barruan dauden hitzak ezagunak direlako, baina ulertzeko zailagoa da. Antzar hori hegaztia izango zen edo gizon baten izengoitia? Bigarren elementurako Beatxurtu toponimoa, lehenago Berasiartu zena, hau da Beraxa izena zuen baten leku ihartua. Beharbada Antzarrigartu toponimoan berdintsua izan zen.

sábado, 17 de abril de 2021

Zigorrola toponimoa

Arrasateko toponimo ugarien artean Zigorrola dago. Lekuko asko baditu eta zaharrak, XV. mendetik hasita. Arrasateko toponimia liburuko informazioa jaso dugu, 293-294. orrialdeetan:


Lekuko zaharrena Çihorrola (1452) da, oso hurbilekoa Cigorrola (1457). Mende horretako ondorengo lekukoetan Çiorrola (1462, 1475, 1475) dago eta horrela iraun zuen urte askotan XIX. mendera arte, orduan Cigarola, Cigarrola hasi zen agertzen eta azken aldaera hori nagusitu zen XX. mendean, erabat. Beharbada zigarro hitzarekin herri etimologiagatik.
Toponimoaren elementuak bi dira, zigor eta ola. Zihor ez da ezezaguna, Leizarragak erabili zuen XVI. mendean:
Orduan thu egin ziezoten begithartera, eta bufeta zezaten, eta berzék zihorréz ukhaldi eman ziezoten. Lç Mt 26, 67
Zigor hitzaz bildutako lekuko zaharrena, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Diego Çigor de Leçama (1475). Beraz, Zigorrola litzateke zigor hitzaren lehenengo lekukoa, 23 urte lehenagokoa. Gainera, lehenego lekukoak erakutsiko luke hasperena bazela, baina laster ordezkatu zuen belare ahostunak.

miércoles, 14 de abril de 2021

Irametazabal toponimoa

 Toponimo hau Ziortza ingurukoa zen, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburukoa da eskuratu den lekuko bakarra, 60. agirian, 1512. urtean: Juan Perez abad de Yrametazabal.
Toponimoak bi zati lituzke, ira-meta hitz elkartua eta zabal. Interesgarriena ira-meta hitza da, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lekuko bakarra du, Azkueren hiztegia, XX. mende hasierakoa. Toponimo honek, beraz, 500 urte inguru aurreratuko luke hitz honen lehenengo agerpena.